Euskararen Historia txikia Donostian (1800-1998)
Euskararen Historia txikia Donostian (1800-1998)
1998, kronika
232 orrialde
84-86766-88-5
azala: Garbiñe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

Eginak baino espantuak handiago

Itxura denez, ordura arteko ohitura hautsiz, Udalak ez du beharrezkotzat jotzen euskaraz jakitea arbitrioetako zaintzailea izateko, Feliciano Echeverriaren proposamen bat onartuz 1891n. Botoak honela izan ziren:

      Euskararen kontra: Echeverria, Lasarte, Garat, Nerecan, Urcola, Bermingham, Acha, Isla, Petrirena eta Samaniego, hamaika guztira.

      Euskararen alde: Irastorza (F.), Lizarriturry, Elorza, Irastorza (I.), Iraola, Azqueta eta Otero, zazpi.

      Banaketa honek ez du esan nahi euskararen auzian bi talde zeudenik, beti eta guztiz kontrajarriak; erabaki hau honelakoa izan zen, baina honetan aurkako botoa eman zuten batzuek, euskararen aldekoa emana zuten lehenago beste alor batzuetan, Berminghamek bezala. Erabaki honek, nolanahi ere, hunkitu egin zituen euskaltzale guztiak. Biktoriano Iraola idazleak, zinegotzia ere bazenez, gogorki borrokatu zuen erabakia. Prentsak ia aho batez gaitzetsi zuen. El Guipuzcoano egunkariak «acuerdo descabellado» izendatu zuen, eta ez zuela isilik pasarazi nahi euskararen kontrako halako atentaturik.

      «Estos concejales oyen desde que se levantan hasta que se acuestan en el seno de sus familias el vascuence, y precisamente, ¿es en la casa del pueblo, donde más debieran tenerle presente, donde dictan disposiciones para procurar su desaparición?»

      Ez dela oraingo kontua, dio aurrerago, Udaleko enpleguak kanpotarrei ematea. El Fueristak salatu egiten du lehen ere udaltzain eta sereno izateko ez zela euskara eskatu, eta logikotzat ematen du euskararen aurkako erabaki berri hau, baina hala ere «es altamente sensible que lejos de procurarse que todos estos empleados del Municipio sepan la lengua tradicional y propia del país, nos vayamos castellanizando hasta el punto de que esta ciudad parezca ya cualquier cosa menos la capital de Guipúzcoa». La Libertadek, «zenbait irakurlek hala eskatuta», boto-emaileen izenak argitaratu zituen, beren aukerekin. La Unión Vascongadak artikulu luzea argitaratu zuen «Protestamos» izenburuarekin, jokamoldea zuzen zedila eskatuz. Diputazioaren kriterioa txalotzen da, bere enplegatu izateko euskara jakitea ezinbestekoa delako. Honelako gauzak zuzentzen ez badira, «Euskal-erria eta Euskaldunak, ¡Ill ziran!».

      Euskararen aldeko argudiook, askotan, ahulak dira: Alemaniako zientzilariak euskara ikertzen hasiak direla, edo arbitrioetako zaintzaileek mendialdeko gipuzkoarrekin egin beharko dutela topo... alegia, «oraindik» erdaraz ez dakitenekin... Hizkuntza ez da sekulan aurkezten eskubide mailan. XIX. mendeko erakunde eta hedabide euskaltzale ia guztiek jarduten zuten ezintasun berdinarekin jarduten dute ordea asaldatutako guztiok: erdaraz, ohartu gabe... eta beren burua libre balego bezala euskararekiko konpromisoetatik, edo euskararena Udalaren gauza balitz bezala. Azken finean, itxurak gorde nahi zituzten, Iraola bezalako zinezko intelektualen salbuespenak ahaztu gabe, jakina. Eta zenbait jarreratan ere bazegokeen, hizkuntzarekiko ardura baino areago, boto-emailea goxatzeko asmorik.