Euskararen Historia txikia Donostian (1800-1998)
Euskararen Historia txikia Donostian (1800-1998)
1998, kronika
232 orrialde
84-86766-88-5
azala: Garbiñe Ubeda
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

Hondamendiaren kontzientzia

Foruen galtzeak Euskal Herriaren kontzientzia harrotzen du, Larramendiren garaian ageri ziren naziotasunaren lehen aztarnak nabarmenago ageri dira orain, Euzko Pizkundea esan zaion mugimenduan gauzatuta. Iruñean Revista Euskara sortzen dute (1878-1883), Fermin Herran-ek Revista de las Provincias Euskaras (1878-79) zuzentzen du Gasteizen, Bilbon Aristides Artiñanok Hizkuntzaren Akademia bat proposatzen du (1886), eta Revista de Vizcaya sortzen da (1885-89). Porrot politiko-militarrak kultur garaipena ekarriko duela ematen du; nolabaiteko erromantizismo kontserbatzaile bat garatzen da. Donostia ez dago uholde honetatik lehor: 1877an Donostiako Euskal-itz-jostaldien Batzarrea sortu eta Cancionero Vasco izenekoa argitaratu zuen, hiru aletan, Jose Manterolak. Handik hiru urtera Euskal Erria aldizkaria sortuko zuen, sortzailea hil arren hogeita hemezortzi urtez euskaltzaleen topaleku izango zena.

      «Hace cinco años [hasi zirenean] eramos unos cuantos locos los que soñábamos con este renacimiento; hoy los hechos han justificado nuestros vaticinios y nuestras esperanzas, que para muchos eran ilusiones y utopías, y el país aplaude y coopera en este renacimiento, en buena hora iniciado».

      Pizkunde hau, ordea, eliteetan eman zen, oso eragin ahula izan zuen behe mailetan, mendian, langilerian. Alde batetik, mugimendu honek ezin zuen gauza handirik egin eskolak euskalduntzeko, adibidez, hezkuntza ez zegoen jadanik diputazioen eta udalen eskumenean. Bestaldetik, elite hauek, euskaldunak zirenean ere, erdaraz jardun izan zuten mendeetan. «El país aplaude», beharbada, iniziatiba haiek guztiak inofentsiboak zirelako. Gehienez halako fartsa edo bertsoren batzuk egingo zituzten, euskara ideien eta aurrerapenaren baliabide izan zitekeela pentsatu ere gabe, edo euskarak herri baten premia guztiak bete behar zituenik bururatu gabe. Bazegoen euskararen aldarrikapen teoriko bat, baina irudi luke ez zirela eroso ibiltzen euskaraz, euskaldunak izan arren. Gaurko egunetik ikusita, ulergarria ere egiten zaigu jarrera hori, hizkuntza idatziari dagokionez: eredu linguistiko nagusi eta unibertsalik ez zeukaten, eta nork bere alde jardun behar zuen «homologatu gabeko» hizkera batean. Tresna zaharkitu eta konplexuegia zitzaiela euskara, ematen du. Uste honetara makurtzen gaitu XIX. mende erdian Aizkibelek behin eta berriz egiten zuen eskaerak:

      «La época del dialectismo en griego coincide con la de la literatura clásica, que se llama la época Helénica; mas tarde, de todos los dialectos el de los Atenienses predominaba solo; pero habiendo llegado a ser propiedad universal de todos los Helenos que no eran atenienses, fue alterado poco a poco, y en este estado de alteración lenta, pero inevitable, recibió el nombre (de) dialecto común. Esto mismo quisiéramos que sucediera con nuestra Euskera, que poco a poco se formase un dialecto clásico o literario que comprendiesen igualmente los habitantes de todo el país bascongado indistintamente».

      Toledoko atzerritik hain garbi eta sakon ikusten zuen azkoitiarrak ez zuen jaso, alabaina, bere herritarren erantzuna: Peñafloridako Kondearen klonazioa baino ez dute egingo gure aitzinatuek XIX. mende osoan eta XX.aren zati handi batean. Elite hauen jardun publikoa eta profesionala erdarazkoa izan zen ia beti, eta orain, foruak galdutakoan, beraiek kudeatu behar luketen herria desagertzeko dagoela ohartzen dira. Herriari euskalduna izan behar duela esaten diote orain, erdarazko eredua ematen dutenek. Eta herria gero eta erdaldunagotzen da: euskalduna izan behar duela esaten diotenek, erdaraz esaten diote behar duela euskaraz bizi. Berdin hitzaldi aberkoietan... edo Itz-Jostaldien sari banaketan! Iragarria zuen Aizkibelek:

      «El abandono, y el poco aprecio que hacen de su lengua los que dirijen los destinos del pais bascongado, sin una Biblioteca, sin una cátedra y (vergüenza dá el decirlo) sin un diccionario Basco-Español, ni una gramática medio regular, será la causa de que se estinga una lengua tan antigua (...)».

      Bitxikerien eta harrigarrizko jokamoldeen artean bildu behar dugu, tamalez, Joaquin Lizasoain Donostiako alkateak publiko eginiko hitzaldi hau, 1894ko irailaren hamarrean, kronistak jaso bezalaxe kopiatzen duguna:

      «Nere erritar maitiak:

      Dudan egondu naiz nola lau itz abek esan, edo gaztelaniyaz edo euskeraz, bañan pentzatu det euskeraz esan biar nitubela, naiz nere euskera eskasian, fest au eman degun kasuan gure kosketako kale maiti ontan. Badakizute arri oyek jartzeko motibua: gaur dala larogeita bat urte juntatu ziran aurreko eche onetan Donostiko alkate eta erregidore jaunak lenbiziko aldiz, gure erri maitia erre zan eskero, eta or egin zuten batzarre edo junta ura, zergatikan konseju echia beste erriko eche geyenak besela erria zan.

      Propiyua zan, bada, letrero orrekin betiko gogoratzia, nola desgraziyako egun ayetan Donostiko persona principalenak juntatu ziran gure erri maitiaren probechuan tratatzeko.

      Eztesute biar nik esatia zer pasa zan emen epoka triste artan. Agostuaren ogeita amaikagarren egunian, sartu ziran ustez gure adiskidiak eta donostiarrak erresibitu zitusten pozez choraturik. Laster biurtu biar zan poz ura penetan eta malkoetan. Egun artan bertan asi ziran soldadu ayek moskortuta edo erotuta dendak eta echiak ostutzen, gizonak insultatzen, emakumiak desonratzen eta genero gusiko charkeriyak egiten. Iñor atrebitu ezkero bere azienda edo bere onra defenditzen, biziya galduba zuben.

      Modu onetan etorri zan gau triste ura, eta inpernuko soldadu ayek bere azaña konpletatzeko su eman ziyoten erriyari. Oso erre ziran seireun eche eta eziñ esan liteke zenbat kristauk galdu zuten biziya.

      Eroturik gure erritarrak, eta al zuten bezela, eskapo egin zuten erritik kanpora. Pensa zazute zer animotan joango ziran beren aziendak galdu eta asko nor bere gurasuen faltan.

      Aste bete barru juntatu ziran Zubietako barriyuan Donostiko alkatiak Migel Antonio Bengoechea eta Manuel Gogorza jaunak, emengo apaiz eta persona principalenak, eta negar eta suspiro tartian, akordatu zuten Donostiya berrizkotik alchatzia lengo bere lekuban, eta bi egun gerostik juntatu ziran eche onetan len esan detan bezela.

      Zer ejenplo ederra, nere erritar maitiak! Ala desgraciyan nola ontasunian, ez beñere aztutzeko ejenplua izan biar du au guretzako. Imita zagun bada beti ta egin zazkigun egiñala guziyak gure erri maitiaren probechuan, eta gaur, fest onen motibuarekin, esan zagun gure pechuko indar guziarekin: Biba gure Donosti maitia! Biba san Telmo kalia!»