Aurkibidea
"Hamalau alegia", Tomas Meabe
Aurkibidea
"Hamalau alegia", Tomas Meabe
4.- Putrea, arranoa eta usoa
Filosofiazko karsoildun, kalonjiazko papardun eta jakituriazko sudurdun putre batek, barrenera irunzteko hondakinik ez zedukan batean, usakume polit bati jarraikicen zion; bat-batean, harroka batetik zelatan zegoen arrano zuri batek, hegalak hedatu zituen, harri baten anzean erori zen putrearen gainean, erpeak sartu zizkion begi-artean, eta kakofoniazko deidarrak hozenduaz, mokokada batez apurtu zion garondoa.
Hau ikusirik, usoak, bere burua hain ustekabean salbo sentiturik, gora egin zuen hagalda, eta uso batena inork pensatuko ez zuen boz bortic batekin, honela bibatu zuen:
-Gora arran...!
Baina ez zuen bere biba hura bukatu.
Ez zuen bukatu, arranoak, mirakuluz usoa ikusi ez zuenak, janari bigunago hura begiratuta, airean bibaka eta jiraka adituta, beste gabe soltatu zuelako putrea, eta usoaren aldarria eta usoaren guztia zuen jan egin.
Guztia, urrikariaren luma bakan batzuk ez-ezik, putre gogor eta kiraxarenen artean banan-banaka, orain kontacen dizudan eta geroko beste hori esan behar dizudan alegilari honen buruaren gainean erori zirenak:
-Hegaztina erale eta hilzale batek, ez dio inporta noblea ala lixarra den, zure exaia atakacen eta lumacen duenean, ez zazu inola pensa, zuregatik, zuri sokorriceagatik, atakacen eta lumacen duela, ez zaitez alegra, eta ez zaiozu eskerronez estima.
-Ez, lelo horrek.
-Orduan egin dezakezun hoberena mokoa ez zabalcea da.
-Eta inoiz baino arinago zure burua ezkutacea.
-Inoiz ez baitda arranoa usoki gozoaren goseago, bere memoriarik gabeko ohituraren kontra, putreki zaila jan behar duenean baino.