Itzulpenak-2
Itzulpenak-2
1986, narratiba/antzerkia
292 orrialde
398-5150-4
azala: Jorge Oteiza
Gabriel Aresti
1933, Bilbo
1975, Bilbo
 
2000, poesia
2000, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1986, narratiba
1986, antzerkia
1986, poesia
1986, saiakera
1986, denetarik
 

2.- Sabel-gizen eta Sabel-hux

I

Halako leku batean ba zeuden bi zakur;

bata ezin ibil zitekeen lodiaren indarrez, bestea ezin ibil zitekeen argalaren indarrez.

Sabel-gizen eta Sabel-hux deicen zieten.

Lehendabizikoak gosea zer zen ez zekien;

bigarrenak gosea zer ez zen ez zekien.

Zakurrek ez omen dute halako gauzarik liburuetan ikasten.

Behin batean, bere jabearen exeko atean jaten zuen bitartean, zakur lodiak sermoiak botacen zizkion zakur argalari.

Zakur bati inork inoiz esan dizkion zakurreriarik gaicenak esaten zizkion.

Ibiltaria deicen zion, belarri-gabea, gaicki-hezia, arkakusoxua, ezkabixua, oxeme-semea, eta aurpegira botacen zion jabe-falta.

Zahal-hezurrak erakuxten zizkion, bildox-hezurrak, zerri-hezurrak; oilo-hezurrak ere erakuxten zizkion.

Eta ba zioxan:

-Hik ez duk holakorik merezi, ezkabixua.

II

Zakur argala, argalaren indarrez, ez zitekeen zutik jaiki, eta eranzuteko indarrak falta zicaizkion.

Harrika eta makilaka zauritua, saki hux bat bihurtua, gosearren bere adurrak jaten zituen, eta ikaratu egiten zicaizkion larrutuak;

eta burua, pizka bat jaso ahal izaten zuenean, kolpe batez erorcen zicaion.

Bere begiek, sukarrak janek, eskatu egiten zioten besteari, ez zakur batencako sermoirik, ezpada hezur bat, hezur tiki bat, mesedez ez hilceagatik;

esaten zioten besteari bere bizicea ezertarako hezur tiki bategatik zoakiola.

Baina besteak, exe barreneko prestutasunez hanpaturik, sermoiekin jarraikicen zuen, eta begi gorrotogarriekin begiracen zion.

Gosea zen den ez dakien zakur batek gosea zer ez den ez dakien zakur bati zaunkatuko dizkion irainak, ezin konta ahal dira.

Denak zaunkatu zizkion eta beste azken bat gainera.

Gehiegi jan, lagun hurkoa gehiegi laidatu, bere burua gehiegi laudatu eta berriz jan, besterik ez zuen egiten.

Pensatu behar dugu hala eta guztiz ere, bere konciencia ona zedukala zakur lodiak, eta geroko ucten zuela zakur argalari sokorricea.

Hau da ez inoizko ere.

Zeren sokorricea geroko ucten dutenek, beti ucten dute nori sokorri edo zerekin sokorri ez dagoeneko.

Kasoa da berriz, zakur argala, begiak geroago eta sukarrak janagoak, hil egiten zela, erremediorik gabe hilcen zela, besteak, hezurrak erakuxi, eta

-Hik ez duk holakorik merezi, ezkabixua, esaten zion bitartean.

Baina bien bitartean, guardia irago zen, eta...

Baina lehenago abisua eman behar dugu herri haretan zakur hamorratuak zebiltzala, eta aipatutako guardiak agindua zekarrela portalez atetik bozalik gabe aurkitutako zakur guztiei «odoleste» botaceko.

Guardia irago zen eta odolestea bota zuen, eta...

Lodiek, jatera hain ohiturik dauden ezkero, beti obracen dute argalak baino askozaz goseagoak baleude bezala, hauk oso ohiturik daudelako edo, ez jatera;

eta okasio honetan erregela honek ez zuen bere faltarikan izan. Goseak bilcen zuen zakur argalak lurretik jaikiceko indarra hartu zueneko, zakur lodiak odoleste pozoatua irunzita zedukan, agin artean betiko lelo hura ausnartu ondoren:

-Hik ez duk holakorik merezi, ezkabixua.

III

Eta bertan gelditu ziren biak batera, ahoz gora eta ahoz behera, biak hilak, bata goseak eta bestea aseak.

Han uci zioten, jateari Sabel-gizenek, eta ez jateari Sabel-huxek. Zeinbat bider ez diren holako kasoak ematen, zakurren artean baino maizago, gizonen artean ere, baldin eta gizonen izenak badaramazkite ere!