Aurkibidea
Esperimentu geofagoa l(ab)orategian
Esperimentu biopolitikoa kalean
Homo sapiensen arteko maitasunaz
Esperimentu autolitikoa komunean
Maitasun sorpresa demografikoa
Esperimentu presentziala eskaileretan
Heriotza edo elikadura haurrei edo lehoikumeei esplikatua
Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko
Esperimentu metafisikoa logelan
Aurkibidea
Esperimentu geofagoa l(ab)orategian
Esperimentu biopolitikoa kalean
Homo sapiensen arteko maitasunaz
Esperimentu autolitikoa komunean
Maitasun sorpresa demografikoa
Esperimentu presentziala eskaileretan
Heriotza edo elikadura haurrei edo lehoikumeei esplikatua
Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko
Esperimentu metafisikoa logelan
TOMATEEZ AITAREKIN
Baratzeaz galdetu dizut, aita, baina
zurekin egindako manifestazioetara
egin dit gogoak alde bat-batean;
Amnistiaren alde, Independentziaren alde,
Euskararen alde, Sozialismoaren alde;
inoiz gutxi gure alde, zure eta nire alde.
Arrotzak izan gara denbora batez,
pankarta beraren atzean bi ezezagun.
Etxean etxekotzat genuen elkar
baina ez ginen etxe berekoak.
Txundituta entzuten zintudan
lanak bueltan jaurtitzen zintuenean
zure hitano, borda izendegi, abeltzain kontu
eta sortetxearekiko loturei adi, baina
nola eta zer erantzun asmatu ezinik,
zurekiko giltza eta hizkuntzarik gabe.
Zer da hau, galdetzen nizun
eta zuk hurritza esaten zenidan,
edo galdetzen nizun zer da susera,
edo zer da txulubita, eta zuk
erantzun egiten zenidan pentsatuz
agian ergela nintzela, eta esanez
urbanita bat nirudiela, edo
señorita bat bestela, señoriten pare
baztertzen nituelako sastraketako arantzak,
hatz puntekin, minik ez hartzeko.
Aita, ez dugu asmatu elkar apartatu
eta elkar errekonozitzen, eta
mindu egin zaitut horregatik
zuri ere ulergaitzak eta baztertzeko
hain zailak zaizkizun hitzekin ahoa betez.
Defraudatu egin zaitut eta saldu,
eta dagoeneko baita hil ere. Baina
ezinbestean hori izan da gure abiapuntua.
Jada ez gara pankarta beraren atzean aritzen,
eta ez gara joaten mendira elkarrekin.
Etxean ere gutxiagotan egiten dugu topo;
helduak gara honezkero. Biok. Aurrenekoz.
Bakoitza bere min eta bere kezkekin,
gu, bi gizon lanpetu, bi gizon nekatu,
bi gizon señorita; azken batean, bi gizon.
Hala ere, maiz ez dakigu elkarri zer ezkutatu,
eta isilik gelditzen gara oharkabean.
Idazle potoloez galdetzen didazu akaso,
musika talderen batez, nik oso txarrak direla esan
eta zuk irribarre egiteko (baditugu gure jolasak).
Baratzea aipatzen dizut nik gero, eguraldia,
ardiak, gaur bezala ia edozer, eta
harrituta entzuten zaitut beste behin
ez, ordea, berriro ere arrotz zaitudalako,
baizik eta, aurtengo lehen tomateez ari zarela,
nire burua ikusten dudalako zugan,
lehen aldiz, gorri eta nabarmen,
zure pare. Zure arerio. Zure seme.