Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peña
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

10

 

 

Ez zuten ia hitz egiten. Mamuek bezala jarduten zuen Xexilik etxeko lanetan, garai bateko kantak irentsita. Bukatzean, Olatzen ohe aldamenean esertzen zen, beti josteko zerbait eskuetan. Amona Joxepiren antza hartzen ari zen, gero eta handiagoa.

         Xexilik ez zuen jakin nahi eta Olatz ez zen esplikatzera ausartzen; han egoten ziren blokeatuta, biek bala bera buruan, Ramon Perez Ocaña 28 urteko guardia zibila hil zuena. Urtebeteko alaba zuen, Sara.

         Ezin jakin amak zer pentsatzen zuen, mutu, serio. Agian hiltzaile batez erditu zela. Seguru.

         Olatz pixka bat osatzean hasi zen erromes-andana: izengabeak, ezagunak eta lagunen bat. Miresmena zioten, Joana Arc-ekoa balitz bezala, baina bera gehiago sentitzen zen zirkuko emakume bizarduna.

         Ihesaldiaren memoria tabula rasa zenez, bisiten zertzeladek lagundu zioten ihesaldia irudikatzen: baserritar batek aurkitu omen zuen hilzorian basoan, etxera eraman, ezkutatu. Eskualdean gogoan zituzten Iñaki Garai eta Blanca Salegi, 1975ean Guardia Zibilak etxean erailak bertan etako bi ezkutatzen zirelako. Arriskuak arrisku, baserritarrak zaindu eta Elantxobeko arrainontzi batean bidali zuen Donibane Lohizuneraino, Xexiliri abisua emanda.

         Halere, erromesei zaila egiten zitzaien isilune deserosoak betetzea. Bakarra ausartu zen komentatzera Agur mirariz zegoela bizirik, erietxe militar batean. Inor ez, ordea, Olatzek abandonatu ote zuen.

         eta militarrak Jose Maria Ryan bahitu eta, orduan bai, xehetasun guztiak eman zizkioten: Lemoizko zentral nuklearreko ingeniaria zela, miliek astebeteko epea eman ziotela Madrilgo gobernuari eraikuntza gelditzeko, garaipen latza izango zela, jeltzaleak umiliatu egingo zituztela. Bisitari askok gorroto biziagoa zioten eajri Espainiari baino.

         Beste garaipen bat Gernikako juntetxean: Juan Carlos Borboikoa eta Sofia sartzean, txistuka hasi ziren ezker abertzaleko parlamentariak eta Eusko Gudariak kantatu zieten aurpegira. Mundu osoko telebistetan agertu zen, orain bazekiten Euskal Herriak gogotik nahi zuela independentzia.

         Amnistia Internazionalak eskatu zuen Ryan askatzeko; haren emaztea ere azaldu zen telebistan bost seme-alaba txikiak ondoan zituela. Zantzuak omen ziren, Madril amore emateko zorian zegoela.

         Miliek zulatu zuten puxika. Tiro batez. Inortxok ere ez zion Olatzi aitortu Ryan exekutatu zutela; Xexilik aditu zuen enkarguak egiten ari zela.

 

 

Ez zekien aurrera egiten, ezin atzera begiratu. Gauza gehiegi zeuden gogora ekarri ezin zituenak. Pasarte txikiak bilatzen zituen, gauza xumeak, arrisku gabeak, esaterako Xantioko sukaldea. Memoriak, baina, segituan traizionatzen zuen: Marifer txikitako laguna haiekin bazkaltzen, aho zabalik aitona Teofilori begira, hura hots ulertezinak ahoskatzen ari zelako. Haren aita planta onekoa zen, lagunen aiten artean guapoena inondik inora. Etxe Zabalako kuartelaren inguruan ibili ohi zen, uniformea txukun-txukun. Mariferrek berak lisatzen omen zion goizero, bezperan eginez gero aulkiaren marka hartzen zuelako. Momentua iritsita, tiro egingo zion Olatzi, zalantzarik gabe. Eta alderantziz. Logikak ito egiten zuen.

 

 

Amak lotsarik gabe zentsuratzen zizkion egunkariak. Norbaitek Egin bat ohe ondoan ahaztuta, Olatzek burko azpian ezkutatu zuen geroago bakean irakurtzeko. Azalak buelta eman zion bihotzari: Joxe Arregi eta militarreko kidea hil zuen poliziak, bederatzi egunez torturatuz.

         Xabi, Etxe Zabala, Capitantrueno, Ibarrakoak.

         Loak besterik ez zuen salbatzen, ez ziolako bere buruari amets egiten uzten. Gau horretan ez zuen begirik bildu. Goizeko argiekin erori zen sorgorrean.

         Ama ondoan esertzeak esnatu zuen. Negarrez ari zen, zaintzera joan zitzaionetik lehen aldiz.

         Eskua tapaki azpitik atera eta besoa estutu zion.

         — Zer, ama?

         — Ixabeli minbizia topatu diote. Tripetan.

         Olatzek berriro itxi zituen begiak. Alferrik, ezin malkoei eutsi.

         — Oso aurreratuta omen dauka.

         Ixabel: ile grisa mototsean lotuta, gorputz handia, bata berdexka soinean, baserriko arima irribarretsua, beti besteentzat lanean. Olatzek, mirari batek ohetik altxatuta ere, ezin izango zion bukaeraraino lagundu. Etxeko guztiak ari ziren ordaintzen Olatzen erabaki pertsonalak.

         — Hobera egiten ari zara —amak—, eta Ixabelek laguntza behar du. Txumarekin hitz egin dut eta hilabete bukaeran etorriko zaizu zaintzera.

         — Txu...ma?

         — Lau astez, Haritzekin.

         Aspaldi izena aditu gabe. h-a-r-i-t-z: sei letrak trinkotzen zituzten bakardadea, herrimina, babesik eza, nekea, beldurra eta mila miseria. Dardaran hasi zen; horregatik ez zuten juduek Jainkoaren izena ahoskatzen?

         Zamak koltxoian iltzatuta, ohea sarkofago bat zen. Gainera, jendeak ez zuen Joxe Arregirena ahotik kentzen; gehiegi zen. Mundutik banatu behar zuen eta uko egin zion bisitak hartzeari. Ustekabean agertu zen azkena: Ana, Alfontsoren emaztea. Senarra oso lanpetuta omen zegoela eta bera bidali zuela kasu egitera.

         Donostiako euskalki dotoreaz hitz egiten zuen, grazia naturalaz, eta sabel puztu ederra zeukan, borobil-borobila. Goxo-goxo jardun zuen berriketan, lagun minak balira bezala. Neskatxo bat nahi omen zuten, lasaiagoak baitira. Gustura omen zegoen Iparraldean; hain jator ziren denak!

         Benetakoa al zen fatxada tuntun eta onbera hura? Ez, ez: seguru tripatzarra erakustera joan zela. Edo arerioa lur jota zegoela bere begiez baieztatzera.

         Mando hilari, denek ostiko.

 

 

Bi astek ere ez zuten martxotik banatzen: sosegurik ez eta ezin irakurri, pentsatu, kontzentratu, urduri baino urduriago, ezinegonean, ondoezik.

         Umetan, Ixabel amarekin-eta elizara joan eta kandela bereziak pizten zituzten Kandelario egunean, kiribildu horietakoak: bildumenak. Tantaz tanta urtzen omen zen argizaria, negarrez ariko balitz bezala. Horrela ahitzen zitzaizkion egunak ere Olatzi.

         Azken asteko astelehenean, korrikaldiak aditu zituen etxeko eskaileretan, iluntzean. Atean kax-kax eta Xexilik ireki zuen. Bizilaguna zen, errefuxiatua hura ere. Ahapeka hitz egin zuten.

         Atea itxi gabe itzuli zen ama logelara, zuri:

         — Jeneralek parlamentua hartu omen dute politikariak barruan daudela. Madrilen.

         Bizilagunaren irratira joan-etorrian transmititu zizkion berriak. Hotzean hausnartzea zaila zen, oso. Alde batetik, independentistentzat komenigarria izan zitekeen gerra-egoera; bestetik, epelegi zegoen oraindik 36ko odola.

         — Honezkero, hamaika bapore aterako ziren Zarautz aldetik Donibane Lohizunera —Xexilik, ordu txikitan.

         — Bai zera! Ez da hainbesterako izango.

         — Baietz aita paperak erretzen jardun Xantion. Badaezpada.

         — Ez du ezer egin, faborez. Zeren beldur izango da, ba?

         — Gerra-legean ez da ezer ere frogatu behar: tiro egin eta listo. Inork ez du benefiziorik ateratzen, gaiztoek bakarrik —pausa bat—. Miguel Garmendiarena ez dizut behin ere kontatu —Olatzek buruaz ezetz—: gure amonaren aldetik Goierriko familia aberats batetik gatoz. Miguel Garmendia gure amonaren anaia zen; gerra baliatu zuen herentzia guztia bere izenean jartzeko.

 

 

Espainiako aldamioek eutsi egin zioten bultzadari eta ostiral arratsaldean hasi zuen Txumak hilabeteko oporraldia. Iluntzean iritsi ziren. Olatzek ohetik entzun zituen amaren muxuak eta negarra, Txumaren kezka. Behingoz zabaldu zen logelako atea: Txuma eta, haren hankapean lotsati gordeta, semea. Ia lau urte.

         Umeak aurpegia estutu zuen aitaren izterren kontra. Amonak besoetan hartu zuen behin eta berriro musukatzeko. Etxe txikia bat-batean bihurtu zen kaiola ziztrin eta apal.

         Hurrengo egunean, Xexiliren bila joateko aitzakian, xantiotarrak. Ramiroren seigarren eskuko furgonetan abiatu eta hamarretarako, han. Aitak eta Teofilok sasoiari eusten zioten; Ixabelek, berriz, tripa puztuan zeraman gaitza. Aurpegi horiz eta mantso hurbildu zen Olatzen ohera, mina disimulatuz:

         — Berriro ikusi nahi hindudan —masailak bustita muxu ematerakoan—. Bakean hil naiteken orain.

         — Zer esaten duzu! Guapa-guapa zaude eta! —irribarrea okertu zion penak.

         Sukaldeko mahaia logelara eraman eta ahal bezala bazkaldu zuten. Dena poza, dena zoriona, dena faltsua: arratsaldean betiko joango zen Ixabel, auskalo noiz arte geratu Olatz.