Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

13

 

 

Otsaileko bigarren astean, bando-joleak izen-zerrenda luze bat irakurri zuen, herria utzi behar zuten emakumeena. Frankisten eremua zeharkatu oinez, berrogei edo berrogeita hamar kilometro fronteraino, lubakien artean pasatu eta han... Jainkoak jakin.

         Paki.

         Irene korrika kaleratu zen, negar batean. Madoz etorbidean gora konturatu zen Pakiren berokia zeramala, azkenaldian bezala. Bareak jota iritsi zen Villa Marciara. Bi metroko hormak egurrezko atetzar sendoa zuen. Jo eta morroi ezezagun batek ireki zion. Faborez Don Segismundorengana eramateko. Gizonak baietz buruaz eta urrats mantsoaz, mantsoegiaz, gidatu zuen etxalderaino, pauso bat eta beste bat, baserritarren patxada madarikatuaz, astun, Paki herritik bidaltzen ari ziren bitartean. Andoni txikia.

         Jardin ederreko belarra detailez moztuta, arrosa-landareak inausten ari ziren udaberrian eztanda egiteko. Morroiak eskailera hasieran utzi eta Gantxegi jaunaren alaba batekin itzuli zen, bi zaharretan moja ez zen harekin. Pasabide erdian jarri zitzaion. Ireneren erreguak handikeriaz aditu ondoren, bertan itxaroteko agindu zion, aita bulegoan zegoela.

         Bat. Bi. Hiru. Lau. Bost minutu. Pakiren berokiak erre egiten zuen. Harrera-gela ikusten zen, marmolezko eskailera. Don Segismundo Borghetton gotortu eta ihes egin arren, ez zuen ematen gauza handirik konfiskatu ziotenik udaran. Koltxoiak, akaso.

         Azkenean, Gantxegiren alaba bueltatu eta bi eskailera-maila jaitsi zituen. Adinkideak ziren.

         — Gure aitak ezin du ezer egin; hiritar xume bat besterik ez da.

         Ederki asko zekien hark Joxe nor zen, Borghettoko hartan egindakoa, non zegoen orain. Aurrean belaunikatu zitzaion Irene, eta kopeta oinetakoen gainean jarri.

         — Senide bat galtzeko arriskuan egotea zer den badakizu... utzidazu faborez telefonoz hots egiten.

         Besteak bigarren behatza eraman zuen ezpain estuetara. Atea leun bultzatu eta egongela argitsu batera eraman zuen: egurrean apainduta, hiru sofa luze zituen. Telefonoa, horman.

         Operadorea. Hots egiteko por favor Beasaingo don Migel Garmendiari. Ideiak ordenatzen saiatu zen anaiari tragedia laburtzeko, jakinda operadoreak kontu handiz apuntatuko zuela esandakoa.

         Emazteak hartu zuen, baina esplikatzeko astirik eman ez:

         — Jainkoaren esku zaudete —gaztelera martzialean—. Otoitz egin eta damutu.

         Korrika atzera, doρa Maria del Rosariorengana, musu-truk bizi ziren Pakiren etxera.

         — Lagundu, Jainkoarren —trakets irten zitzaion—. Koinata herritik bidaliko dute.

         — Lotsagabe halakoa! Nola ausartu zara nire etxera eskean etortzera?

         Muturrean itxi zion. Gorroto trinko beltza sumatu zuen, atea puskatzeko premia, oihukatzeko, iletik hartu eta urdanga alu hura leihotik behera botatzekoa, ahal izanez gero semearen atzetik, gehiago sufri zezan.

         Ahoa itxi eta mina murtxikatu zuen.

         Bueltatu zenerako, ia Getarian zeuden emakumeak. Paki, Andoni txikia, maleta bat, berokirik gabe, Xebasena jakin gabe. Alabak itsasoari begira zeuden, errefuxiatuen begirada berdinarekin, dena galdu ondoren.

         Ez, haiek ez zuten galduko. Eskuetatik tiraka arrastatu zituen etxerantz.

 

 

Labaderoan esan zioten Joxe ikusi zutela soldadu jantzita, Narrosera sartzen. Joxepiren urtebetetzea baino hiru egun lehenago, martxoaren 7an. Azkenean berri on bat. Elkarrekin ospatzerik izango al zuten?

         Korrika itzuli eta urrutitik ezagutu zuen, parrokia pareko izkinatik plazarantz biratzen. Zeharo argalduta. Zahartuta. Pasatzean, arribaespaρaka altxatzen ziren emakumeen eskuineko besoak, trena joandakoan barrerak bezala. Negarrez zetorren, paper batzuk eskuan. Bere eskela.

         Mesanotxean paperak utzi eta ohe gainean etzan zen botak ere erantzi gabe. Mutu. Irenek biluztu egin zuen, bakean utzi. Errekurtsoaren erantzuna jasotzera ekarri zuten frontetik. Negatiboa. Erruduna.

         Eguerdiko hamabiak ziren. Gauean, Irene oheratzean, lotan jarraitzen zuen; berdin goizean. Hamarrak aldera esnatzea erabaki zuen. Logelan, kargatuta zegoen airea; gizon arrotz bat.

         Platerean jarri ziona irentsi zuen, ogia ere bukatzeraino. Aste osokoa. Bego elizan eta Joxepi eskolan, barruak hustu zituen: besteek “aitona” deitzen ziotela, erasoetan azkena iristen zela babesera, txiripaz zegoela bizirik, etengabe umiltzen zutela, gudari ibilitako asko frankistekin joatera behartu eta leku latzenetan sartzen zituztela. Umeen modura hasi zen negar-zotinka, ezin zuela frontera itzuli, bazitekeen Xebasekin elkarri tiroka jardun izana, ez zuela hil nahi.

         Pixka bat lasaitu zenean, eskua hartu zion emazteari, begiak erotuta:

         — Bihar goizean hartu behar dut trena, frontera itzultzeko. Haiek konturatu gabe, salto egingo dut martxan. Frantziara pasatuko naiz.

         — Eta gu?

         Begiak kliskatu zituen Joxek, harrituta. Deseroso. Urduri.

         — Abisua bidaliko dizuet etortzeko.

 

 

Begorekin agurtu zuen senarra geltokian, Santa Klarako komentuaren parean. Hantxe jarraitzen zuen Antonia gaixoak. Alaba etxean lagata, enkarguak egitera joan zen, enkarguak edo. Brigidaren ezkaratz paretik pasatzean, nor eta Manuelito irten zen, ezkerreko eskua benda zuri batean bilduta.

         Elkanoko Etxeberri baserriko esnezalea merkatutik zetorren astotik tiraka; erraz konpondu ziren. Arantzazuko Amabirjinaren urrezko domina saldu zion Anjelmari Izetaren emazteari. Amandrearen jaiotze-oparia zen, ezkontza-eraztunarekin batera geratzen zitzaion azken gauza baliotsua. Apur horiekin nahi zion Joxepiri urtebetetzea gozatu. Hamalau urte: non geratua zen neskatxo mugitua?

         Xerraseneko pasteleriara sartu zen. Usainak ia urtu egin zizkion belaunak. Hiru bezero hitz eta pitz: herriak laster izango omen zuen martiri bat, Sanson Azpeitia koitadua, bonba batek zartatu omen baitzizkion gorputz-adar guztiak eta trenez ekarri berri zuten etxean hiltzera, ohorezko guardia eta guzti, Silvino buru.

         Silvino. Bezeroak behingoz joan arte disimulatu zuen. Ezin ordaindu Joxepik maite zuen bizkotxoa, loreekin apaintzen zuten hura. Kremazko bollo xume bat enkargatu zuen, iluntzean jasotzeko, ea alardea oharkabean pasatzen zen.

         Eguna joan zitzaion Joxeren berriak noiz etorriko. Txintik ere ez; ondo. Begori agindu zion Xerrasenera joateko. Bakarrik joateak beldurra eman eta lagundu egin zion. Bueltan topatu ziren falangistekin. Ea nora zihoazen gauean. Ea zer zeramaten paperean bilduta.

         Gracia guardia zibila zuten buru. Papera ireki zuen poliki-poliki, atzaparra kreman sartu eta ahora eraman. Bolloa lurrera bota, pareko ezkaratzera bultzatu eta lehenengo mailara igotzera behartu zituen. Bego negarrez, Irene lokomotora baten moduan pentsatzen: senarra tertzioan zegoela bota zien. Beasaingo Don Migel Garmendia. Don Cesar Mendoza. Don Meliton Pagola. Don Segismundo Gantxegi. Alferrik santu guztiak; etxekoandreak panorama ikusi eta izututa ihes egin zuen logelara seme-alaba txikiekin. Silvino iritsi eta faxistek algaraka hartu zuten, erotuta bezala, Bego eserarazi, Irenek bazterrean zutik begiratzen zuela, eta Graciak guraizeak atera zituen, erakutsi, hasi, tzak-tzak-tzak, motots argia lurrean, gari-eskukadak, zenbat aldiz orraztua zuen printzesaren adats zoragarri hura, ze pozik umetan hazten hasi zitzaionean, pentsatzea ere bere bizitzako minik handiena emango ziola Begori, Bego babesgabe gaixoari, eta Gracia hura gozatzen ari zen, izugarria zen haren gorroto gordina, zer egin zioten? tzak-tzak-tzak, iletxoak Begoren aurpegi bustian itsatsita, sorbaldak dardaran, baina ez zen badaezpada mugitzen, eta, halere, guraizeek birritan, hirutan, lautan marratu zioten azal zuria, lerro gorriak eta odol-tantak tarteka, eta larru-arras moztu ondoren bidali zituzten azkenean kalera, alabari buru soildua besarkatuz estaltzen ziola, etxeraka korrika, han gorde, gau osoa begirik bildu gabe eta lehenengo argiak salatu aurretik bazihoazen kamioan gora Elkanoko Etxeberriko esnezalearen atzetik, putzu jelatuak saihestuz, Joxepi ere mutu, Begoren negar isila besterik ez, txakurkumeen gisara, tipi-tapa borda txikiraino, borda edo etxola zaharra, abereentzat ere ez baitzen egokia, justu lasto pixka bat lurrean, eta bi alaba maiteak han gorde behar, auskalo noiz arte, behinik behin ihes egitea lortuko ahal zuen Joxek, bitartean haiek ezkutuan eutsi beharko, Jainkoa lagun, eutsi pixka batean basapiztia haiengandik urrun, zer gehiago egin ziezaieketen putaseme haiek, zer gehiago egin nahi zieten, nola zitekeen.