Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

7

 

 

Hauteskunde-kanpaina zela-eta, publizitatea besterik ez zen tven, Suarezen aldekoa batik bat. Iragarkietako batean, globo aerostatiko bat agertu zen, sokek lurrera kateatuta eta otarre handiaren inguruan zintzilik lasta-zakuak. Loturak eten, lasta bota eta arin igo zen, ihesi, aske. Zeru garbi osoa zeukan urrutiratzeko, noranahi joateko.

         Olatzek, ordea, kale hartan jarraitu behar zuen pasieran, gora eta behera, hankak handituta ere. Txopoen etorbidea omen zen, baina makal altu eta estuez gain, beste mila zuhaitz zeuden, batez ere pinu sendoak. Gorroto zuen euskal mendiak kutsatu zituen pinudi-izurritea.

         Ez zen txikia txalet-erakusketa, errepidearen bi aldeetan zein baino zein ikusgarriago. Nahiz eta auzoa Neguri bataiatu, hangoak beti udan.

         Azkenean iritsi zen kotxetzarra. Villako metalezko ate aurrean geratu eta txoferrak bizpahirutan jo zuen klaxona, motz. Olatzek ordua apuntatu zuen disimuluan. Buelta ematea susmagarri, aurrera jarraitu zuen, helbururantz.

         Kotxe barruan zegoen agurea: ile soildua atzeraka otzanduta, sudur luzea eta zuzena, begi ilunen azpiko zulo grisak. Aitona Manuelen aire nekatu berdina zuen.

         Auskalo: eskatutakoa baino ez zuen bete nahi, kitto. Gainera, Javier de Ybarra hura bazen nor: Bilboko alkate zein Foru aldundiko presidente ohia, El Correo Espaρolaren zuzendari izandakoa, leinu oligarkietako baten burua... “Putakume frankista burges bat”, horixe Alfontsoren sententzia lana enkargatzerakoan.

         Neskame batek hesiraino korrika egin eta presaka bultzatu zuen atea. Uniformez jantzita zegoen; aldamenean kokatu zen, txoferrak kotxea sar zezan.

 

 

Haurdunaldiko sintomei egotzi zien Txumak aldaketa; ezinegonez ikusten zuen Olatz, beldurrez, bizipoza zimelduta. Aitzakia borobila topatu zuen Bilboko bidaiak justifikatzeko: borroka burokratiko latzean ari zen aitona Manuelen benetako abizena berreskuratzeko.

         Nahiz eta ez onartu, Txuma ere harro-harro zegoen umeak abizen euskaldun eder bat eramango zuelako haren Fuentes maketoa makillatuz.

         Maiatz erdialdetik aurrera hasi ziren oheratzen nezeserra eta maletatxoa prest utzita, badaezpada. Umea mugitua zen tripa barruan; gutxi falta zen. Maiatz bukaera aldeko eguerdi batean, enkarguetatik etxera zihoala, kioskoan ikusi zuen periodiko-azala: Javier de Ybarra, etapm-k bahitua.

         Aingeru Berazadi.

         Aitona Teofilo.

         Aldapan gora segitu zuen erosketen karrotxoari tiraka, bihotza arrapaladan. Neguriko autoa gogoratzean, atzealdean, pentsakor eta aspertuta, aitona Manuel ikusten zuen.

         Sei polimili atxilotu zituzten Donostian. Aitortuko al zuten Olatz laguntzen jardun zela?

 

 

Ekainean, zegokion baino bi aste geroago erditu zen seme batez. Haritz jarri zioten izena: Gernikako arbola, Enkarterrietan euskara erein eta hazi.

         Xexili joan zitzaien laguntzera, printzipioz astebeterako. Bikain konpontzen ziren elkarrekin bi andreak: hasierako kezkak eta antsietatea apaltzen lagundu zioten, etxea berriketaz saturatzearen truke.

         Bi egun geroago egin ziren hauteskunde orokorrak. Miliek abstentzioa eskatzen zuten, botatzea Espainiari men egitea zelakoan; polimiliek, berriz, Euskadiko Ezkerra (ee) koalizioa aurkeztu zuten.

         Egongelako mahai gainean jarri zizkion Txumak boto-paper eta gutun-azalak, lotsagarria baitzen hauteslekuan bertan hartzea: ee, sozialistak, Suarezen ex-frankistak, post-frankistak, komunistak... Olatzek eajrena hartu eta, Txuma konturatu gabe, boligrafoz tatxatu eta gehitu zuen: “Euskal Herria euskaldun eta libre”. Gero oinez joan ziren botatzera, minez artean.

         Gauean, berandu baino beranduago etxeratu zen Txuma, Haritz jaio zenean bezain zoriontsu eajk irabazi zuelako. Ohean zegoen Olatz, umeari bularra ematen. Muxuz estali zituen Txumak; ardo-kiratsa zerion. Aldamenean eseri eta hauteskundeen laburpena egin zion espainolez, pozez gainezka: sozialistak eajtik gertu geratu zirela Euskadin, Suarez presidente aukeratu zuela Espainiak, frankismoak galdu. Garai izugarriak zetozen; mundua mugitzen zuen palanka sentitzen zen.

         Pijama jantzi, ohera sartu eta seko geratu zen. Haritzek beste ordu erdiz jarraitu zuen pottolo-pottolo titiari eusten, tarteka lo.

 

 

Gaueko zortziak ziren. Txuma etxera sartu eta zuzenean jo zuen logelara. Umea lotan ari zen sehaskan txintxo-txintxo. Pena ematen zuen bularra emateko esnatzeak. Zerbait oker zegoenean, marruka hasten zen indartsu, negarrez bainoago, katakumeen moduan miauka.

         Txuma makurtu, eta kontu handiz eman zion muxua masail gorrituan.

         Olatzek atetik behatu zituen. Bazekien zoriontasun gorena sentitu behar zuela; ezin, ordea. Zintzarrian arrain-hezur txiki bat zeukan: hozkada goxo bakoitzari ziztada zorrotz bat ordainetan.

         — Non zeunden? —Txumak espainolez, konturatu zenean.

         — Gela txikian —euskaraz—, apunteak ordenatzen.

         — Zertarako? Bankuan egon naiz. Soldata bakarrarekin ere emango digute hipoteka.

         — Irailean, gehienez urrian, itzuli nahi dut lanera.

         — Eta umea? Oso txikia da!

         — Irailean esan dut; hiru hilabete falta dira. Moldatuko gara.

         Txumak sudurretik arnasa haserre bota eta gorbata-korapiloa estutu zuen.

         — Banoa. Bilera daukagu.

         — Berriro?

         — Asko dago egiteko.

         Amorrua disimulatu zuen Olatzek:

         — Eta euskara-eskola? —aspaldi zen espainolez erantzuten ziola Txumak.

         — Ez dit astirik emango.

         — Gaur ere ez —ez entzunarena egin zuen Txumak, aterantz zihoala—. Kendu gorbata joateko, ez? Lasaiago ibiliko zara.

         — Berdin du.

         Gustatu egiten zitzaion trajez joatea. Atea itxi zenean, Olatzek eutsi egin behar izan zion “burges” oihukatzeko gogoari.

         Haserrea pasatzean, kontzientzia txarra geratu zitzaion: gogorregi egin ote zion? Adiskidetzeko, patata-tortilla eder bat prestatu zuen. Hamarrak arte itxaron zuen alferrik. Afaldu eta plater batekin estali zituen tortilla eta ogia.

         Umea jaio zenetik taxuz lo egin gabe, neka-neka eginda zegoen. Halere, itxaron egin nahi zion: epelak entzungo zituen! Seme jaioberria eta goizetik gauera etxetik kanpo.

         Liburu bat bilatu eta irakurtzen saiatu zen. Hamaikak pasa aditu zuen kaleko atea. Tenedore hotsak, harraska. Egongelan ibili zen, komunean eta berriro egongelan. Ia gauerdian agertu zen azkenean, aurpegi xelebrez. Ez zuen sorpresarik hartu Olatz esna ikustean. Mutu pijama jantzi eta ohera sartu zen.

         — Hain serioa izan da bilera? —Olatzek.

         — Alkatea zein izango den esan dute.

         — Alkategaia izango da... hain seguru zaudete irabaziko duzuela? —haren keinu serioari erreparatu zion—. Suposatzen dut ez zaituztela proposatu —Txumak ezetz buruarekin—. Eta zinegotzirako? —berriro ezetz—. Hobe; denbora gehiago familiarako.

         — Ez —muturtuta—. Batzokian lan asko dago egiteko.

         Inuzentea, ergela... edo biak. Haritz negarrez hasi eta bularra ematera altxatu zen Olatz. Bueltan, itzalita topatu zuen argia.

 

 

Biharamunean, pozik bai pozik etxeratu zitzaion Txumaren ama, zekarren oparia erakusteko irrikaz. Plastikozko kutxatxo bat zen, bisita-txartelak gordetzeko modukoa: “Imprenta Pascual, Valmaseda” zioen. Barruan, kartulina txiki batzuk eta haietan, ile horizko aingerutxo bat irribarrez, ondoan letra elegantez idatzita zuela: “Haritz Fuentes Jauregi, nacν el trece de junio de 1977 en Sodupe (Vizcaya)”.

         Bero sargoria egiten bazuen ere, hamaika aldiz errepikatu zion amaginarrebak umea janzteko. Fardel hutsean zeukan Olatzek, biberoia eman bitartean. Umeari lixiba emanez gero ez luke andreak begirasun gogorragorik egingo. Ama txarra, egoista: esnea izanda, zertarako tartekatu ur zikin horrekin?

         Olatzek ez zuen berriro esplikatzeko esfortzurik egin: kate bat zen titia eman behar izatea; Txumak berdin-berdin jarraitzen zuen bere bizitzarekin.

         Irratian, eguerdiko notiziekin hasi zen esataria, ahots grabez: Javier de Ybarraren gorpua topatu zutela Gorbeiaren maldan, garondoan tiro bat.

         Zerbait igarri zuen Olatzek, husten ari zitzaion sabelaldearen eta semetxoaren tripontziaren artean. Zilbor-hestearen azken zatia zen, lehorra, haragizko kiribil gogor bat. Txumaren amak haurra hartu zion eta, besoak hutsik geratu zen Olatz, ezkutua kendu izan balio bezala. Negarrez hasi zen.

 

 

Haritzi titia eman behar zion, baina gaixoak lo hartzen zuen erdian eta segituan esnatzen zen gosez eta berriro eskatzen zuen eta fardela aldatu eta biberoia eman eta jantzi, apapa, amaginarreba ordurako ezkaratzean zain, ezin kalera bakarrik irten, berriketa urduriz betetzen zuen denbora, behintzat herrian gertatzen zena kontatzen zion, adibidez batzokiko Sanedrinak jarraitzen zuela Marisol eta Korori ateak ixten, pazientziaz eta tinko, bata bestearen atzetik, eta batzuetan amaginarrebak gehiegi hitz egiten zuen, lezioak emanez, bizitzaz edo ama eredugarria izateaz, etxekoandre, emakume, Txumak merezi zuen, nekatuta gauean, egun osoa umearekin atxilo, amaginarreba zen konpainia bakarra eta eskerrak askotan igotzen zela, bestela ezin komunera ere lasai joan, Haritz burua jasotzen hasi zen, azkar hazten ari zen, azkarregi, dagoeneko ezagutzen zituen ama eta aita eta amama eta bizilagunak, hots txikiak egiten zituen, eta katuka hasi zenean, beste kezka bat, non dago umea?, ezin dutxatu, ezin jan, ezin lo egin, ez esnatu Txuma, goizean goiz lanera joan beharra baitzuen eta Sanedrinak boikota dekretatu omen zuen medikuaren kontra ere, hurrengo egunean atera zituzten batzokiko umeak euskara-eskoletatik, Avellanedako guraso-elkarteak ere egiten omen zuen Marisol eta Kororen kontra, irakasle erradikalik ez, isolatu egin nahi zuten Herriko Etxea, hara joatea bekatu mortala eta don Lucasek infernuko sua hauspotu eta hauspotu, aldendu itzazue haurrak terroristengandik, zurrumurruak, gizon ezkonduen lagunak omen zirela...

 

 

Irailean, Balmasedan hasi zen Marisol lanean, institutuan, eta Koro Bilbon.

         Olatzek ez zien deitu; ez zen bere kontua.

         Bazen.

         Traizioa.

         Fardela, titia, supermerkatua, bazkaria, biberoia, kalera, fardela, titia, merienda, Txuma, afaria, biberoia, Marisol eta Koro agurtzeko gai ez.

         Koldarra.

         Urrian, kotxetxoarekin pasieran ari zen batean, euskara eskolen arduradun berriarengana joan zen, lanera itzultzeko. Jokoz kanpo harrapatu zuen: itzuli? Umea seinalatu zuen eskandalizatuta; ez zuten Olatzekin ikasturte osoan kontatzen.

         Etxera bueltatu zen amorratuta, baina borrokatzeko indarrik gabe. Huts egin zien Marisoli eta Korori, huts egin bere buruari. Umearentzat, behintzat, garrantzitsua zen.

 

 

Enkargu txiki bat izango zen, azkena. Kotxe-matrikula bat. Amaginarrebak pozik onartu zuen umearekin geratzea. Bilbora, itxaron, itzuli: hiru ordu.

 

 

Benetan azkena. Ezkutaleku batetik hiru giltza hartu eta pertsona bati eraman: bi ordu eta erdi.

         Amaginarrebari prest uzten zion biberoia eta haren begirada garbian aldiro irakurtzen zuen aurpegiratze bat. Edo horixe iruditzen zitzaion.

 

 

Etxebizitza bat alokatu Indautxun. Ordutegia baieztatu Mungian. Gizon bati jarraitu Santurtzin. Baserri bat alokatu Galdamesen. Beste pakete bat. Garaje bat bilatu.

         Armiarma-sarea. Itsaskorra. Alfontsok ez zion ezetz esaten uzten. Ezin zion huts egin. Aitzakia asmatu zuen Txumarentzat: ikastaro bat.

         Eta beldurra. Ezinegona. Etxean zegoenean, telefonoak noiz joko.

         Ez zuen periodikoa irakurri nahi, ezin telebista ikusi. Amaginarrebak politika aipatzean hitz beste egiten zion. Txumak susmo txarra, hotz; ez zitzaion ikastaroarena batere gustatu, ez zen egokia, umea zaindu behar, baina debekatzeko ausardiarik ez, botererik ez.

         Histeria. Negar egiteko gogoa. Premia. Semetxoak gehiago maite ote zuen amona? Atsoa iristean sekulako festa. Eta umea gaizki hezi. Gehiegi mimatu. Indarrik ez eztabaidatzeko, ordea. Kulpak eztarria estutzen zion. Semetxoa ito arte besarkatzen zuen. Musukatu.

         Amnistiari esker, preso gehienak kalean ziren edo Europan barrena deserriratuak. Jai izango zuten handik aurrera atxilotutakoek.

 

 

Gabonetan, oasia. Txumak ez zuen ama alarguna bakarrik utzi nahi, Olatzek ezin zuen artean Zarautzera itzuli. Xexilik proposatu zuen denek batera Sodupen ospatzea eta, aspaldiko partez, Olatzek zoriona sumatu zuen, sastadaka.

 

 

Negua bake faltsuan joan zen. Sanedrinak gero eta gehiago estutzen omen zuen pintza Migel Garairen inguruan. Sodupen bizitzen jarraitzen zuen Marisolek, baina indarrak Balmasedan gastatzen zituen. Medikua zen azken oztopoa, erresistentzia.

         Zentzugabeko gerrak nazkatuta, Igorren plaza hartu eta maletinean eraman zituen ametsak.

 

 

Ezkaratzeko txirrina. Sukaldean zegoen, Santa Ageda bezperan. Arratsaldeko sei eta erdiak ziren; baserritar jantzita joana zen Txuma, ulertzen ez zuen letra kantatzera; giltzak ahaztuta?

         Sehaskan utzi zuen Haritz. Haren protestei entzungor ateraino joan eta zelatan jarri zen. Gizon gazte bat. Urduri. Besoak gurutzatuta. Haritz builaka: etxean zeudela ezin disimulatu. Atean joka eskuarekin. Olatzek ireki: bestea izerditan zegoen, minez.

         — Olatz Xantio?

         Alkandora pixka bat altxatu zuen. Odola.

         Sukaldera eraman zuen, Haritz negar batean, gaztea mahai gainean bermatuta, dar-dar batean, Olatzek halere lehenago trapua hartu, sarrerara itzuli, ate aurreko odol-tantatxoak azkar garbitu, itxi, Haritz ez zen isiltzen, gaztea eserita, zorabiatuta.

         Zer esango zion Txumari?

 

 

Handik gutxira, giltzen hotsa, atea irekitzen, ixten, txin-txin, giltzak harrerako mahaitxoan. Olatzek arnasa hartu zuen. Txumak “gabon!”. Sukaldera txapela jantzita sartzean, belauniko harrapatu zuen emaztea gizon baten aurrean, hura hormaren kontra eserita, zurbil, alkandora irekirik, Olatz azala garbitzen ari zitzaiola.

         Ezpainak estututa joan zen Txuma. Hitzik ez. Gela batetik bestera aditu zuen Olatzek, zalantzan, ohe bat prestatu behar, afaria prestatu behar, titia, fardela aldatu, umea negarrez, Txumak ez zuen sukaldera itzuli nahi.

 

 

Goizaldean, gazteak kaleko atea samur itxi orduko, Txuma eta Olatz ahoz gora zeuden ohean, zentimetro gutxiko amildegia tartean, biak esna, biak zain.

         Tik tak, tik tak.

         Azkenean, erlojuaren alarma. Txuma jaiki egin zen, Olatzek lo-plantak. Errutina-hotsak, kafe-aroma, gosaria, dutxa, lurrina. Aterik ez, baina. Arintzerik ez. Ez zuen joan nahi.

         Sukaldera joan zen Olatz. Berriketa gutxi: Txuma hitzak ordenatu ezinik, aztoratuta, oihuak, eskuak buruan, ez zaitut ulertzen, negarra, semea jokoan, bera jokoan, arriskua, erotuta, malamadre eta ama txarrak ezin erantzun, ez zuen aukeratu, baina nola esan, nola ahaztu, nola moztu, nola desegin.

         Barkatu. Barkatu. Barkatu.

 

 

Haritzen lehenengo urtebetetzea, kandela bat. Zarauztarrak bisitan. Amona Brigida gaixorik zegoen eta aitona Manuel ere ez zen joan.

         Bene-benetan azken mesedea: poltsa bat Abandoko geltokitik taberna batera garraiatzea.

         San Juanak.

         San Pelaioak.

         San Pedroak.

         Goizeko hamaikak. Amaginarreba Haritzekin apapa atera berria. Telefonoa: Alfontso. Txakurrada doa zure bila. Bost minutu herriko beste puntaraino iristeko. Etorri edo banoa.

         Zapatak jantzi. Azken begirada atzera. Bizia zerion etxeari: haurtxo-arropa pilatuta, aulki gainean lisatzeko zain. Patata, azenario eta arrautza egosiak plater batean, noiz zurituko. Labadora bueltaka. Leiho irekitik haize-bolada freskoak. Sarreran argazkia: Olatz Txuma besarkatzen, aita harroak semetxoa besoetan zuela. Fotos Argόello. Aurreko hilabetekoa. Haren azpian utzi zituen etxeko giltzak, kristal hotzaren gainean Haritzen aurpegia laztandu, zirrara, kuartela, Capitantrueno, beldurra.

         Atea itxi zuen.

         Damutu.

         Eta beranduegi zen.