Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

4

 

 

Poz ikaragarria ekarri zien alabak, baina ez lasaitasuna. Denek zekiten zer egin, zer eman eta, haien begietan, Xexili neska koskor bat besterik ez zen, erditu izanagatik ere. Egiten zuena egiten zuela, bazirudien etengabe ari zela hanka sartzen. Kolikoak zirela, eztula, idorreria, negarra... Kaleko usain fina zerion eta kaletarrak ezjakin lepo-tente hutsak ziren.

         Salbatzekotan, kaleak salbatuko zituen, ordea, baserriak nekez ematen baitzuen jateko lain. Hala, aitak lortu zion Ramirori don Segismundo Gantxegiren gomendioa, Alfan lanean has zedin. Hura poza Xexilirena! Harro bai harro hartu zuen aurreneko hilabete bukaeran sobre zuri potoloa. Makina bat arlote bazegoen tabernan edo jokoan jornala xahutzen zuena.

         Ixabel astebetez ibili zen muturra okertuta, etxekoandre gazteak dirua manejatzea ez zelako normala. Muturrak mutur, bigarren sobrea ere berriro Xexiliri eta horrekin, legea. Bost axola baserriko martxaz ezer ez jakitea, behien beldur izatea eta inor baino azkarrago nekatzea artajorran. Xexilik erabakiko zuen noiz eta zertan gastatu jornal eder haiek.

         Brigidarenean ere aldaketa ekarri zuen haurtxoak. Ia jaio zenetik, sehaskan izaten zuten akademiarako erabiltzen zen gelatxoan; ez zien hizketa-gai makala ematen! Eta, negar egiten zuenean, Xexili baino are arinago joaten zen amona Joxepi. Ikaragarri gustatzen zitzaion umea besoetan ibiltzea eta Brigidak ez ikusiarena egiten zuen. Ez ziren ondo moldatzen, bistan zen: Joxepi, intzan hau, Joxepi, intzan bestea, amonak agindu eta agindu, behin ere erantzunik jaso gabe, gelatik gelara haren atzetik isiltasuna berriketaz betetzen, seinalatzen, zuzentzen.

         Arratsalde batean, komunera joateko aitzakian, beste arrosario bat hasi aurretik jaiki zen Xexili. Ama sukaldean zegoen, Olatz goxo-goxo kulunkatzen. Ahapeka ari zitzaion kantari, San Inazio martxa, baina testu bitxi asko batekin: Iρaki / Jainkoak bialdua / Ludian izateko / Josuren gudarien burua... Eta muxuka! Nolatan?

         Xexili ez zegoen Olatzen jeloskor, baita zera ere! Ama jela baino hotzagoa zen, horixe, baita alabekin ere. Maitasuna sua bada, amarena aspaldi itzali zen. Hitz egiteko ere, maitatzeko adina arazo zituen: beti mutu, begiak lurrean, mamuak bezain isila. Nahiz eta hutsunea amona Brigidak betetzen zuen, txikitan, lagunei inbidia zien Xexilik, haien amak hitzontzi eta muxuzaleak baitziren. Hazi ahala barruko jardina loratzean, are antzuago egin zitzaion amaren basamortua. Olatz txikiak aurkitua zuen oasia.

 

 

Arratsalde batean, Brigidarenera iritsi eta marmar batean topatu zuen amona bakarrik akademiako gelatxoan, aita ez zelako bazkaltzera joan. Ama, sukaldean; aurpegia argitu zitzaion biloba ikustean. Lana egiteari utzi gabe aditu zion Xexiliri goizean gertatua laburtzen, adi eta buru-keinu soilez erantzunez: pixoihala, titia, sukarra, kolikoak, anis pixka bat, negarra, pureak, arropatxoa...

         Biak pasatzeko moduko atea ireki zien haurtxoak eta munduarekin bat sentitzen zen Xexili, heldu. Ixabelen begirasun txarren bat? Irribarre eta aurrera. Auzoko baserrikoentzat izenez Xantioreneko andre gaztea besterik ez zela? Seinale, txutxu-mutxuentzako arrazoirik ematen ez zuela.

         Alfako sobreak gorabehera, Teofilo Xantioren izenean jarraitzen zuten kontu guztiek: zapatariarenean, ardandegian... Ixabelek eramaten zuen txekera, nahiz eta gutxi joana zen eskolara. Zenbakiek, gainera, beldurra ematen zioten. Xexilik egiten zituen kontuak, Ixabeli birpasatzeko laga eta honek begiratu gabe itzultzen zizkion. Parra.

         Ahizpak kezkatzen zuen pixka bat. Beste gizaldi batekoa zen; komunio handia ere ez zuen egin. Gainera, ez zuten Xexili bezain zorrotz hezi eta, hazi zenean, nabarmentzen hasi zitzaion okerra.

         Atean giltza-hotsak eta aita sartu zen azkenean, sotilki ardo-kiratsa zeriola. Amonak goitik behera begiratu zuen, muturra luzatuta:

         — Ez duk berotzea merezi —ekonomika paper batekin piztuz.

         — Asturiasen greban jarri dira —aitak.

         — Hori al diagu nahikoa aitzakia tabernan luzatzeko? Hobe huke lana aldatzea! Bizitza osoa langile ziztrin moduan... Bila ezak behingoz kategoriako posturen bat; alferregia haiz, ordea.

         Sukaldetik atera zen Xexili. Ez zitzaion gustatzen nola jaisten zituen aitak begiak amonaren aurrean.

         Asturiasen greba. Kolpetik ulertu zuen. Hilabeteak zeramatzan etxeko gizonak zelatatzen, baratzean jarduten zirenean eta goiko bordaraino hamaiketakoa igotzen zienean. Politikaz ibiltzen ziren isilka hizketan. Egin beharra zegok. Honek ezin dik iraun. Sindikatuan esan omen ditek...

         Sindikatuan sartua zen Ramiro, kalamidade halakoa. Ez ziren askoz gaiztoagoak baserria apustu eroetan galtzen zutenak. Eta Teofilok, hauspotu. Ez al zen nahikoa susto ikurrinarena? Zer zekiten, ba, Asturiasen Gipuzkoako miseriez? Hango arazoak, hangoek konpontzea.

         Goiz hartan, Olatzen laugarren urtebetetzearen inguruko zerbait aipatu zionean, Ramirok kasu zipitzik ez. Urduri zegoen; egongo ez zen, ba! Gauean, ohean aurpegiratu zion, bila hurbildu zenean. Senarra mututu eta bizkarra emanda jarri zen lotara. Ez zen sindikatukoekin haserretuko!

         Hiru egun geroago, iluntzean etxera Olatzekin eskutik eta kantari zetorrela, bi ilaratan zapalduta aurkitu zuen aldapatxoko belarra. Kotxe bat? Alaba besoetan hartu eta pausoa luzatu zuen. Guardia Zibilaren kotxea Xantio atarian. Bi trikornio, bi kapote eta, besoetatik gogor helduta, Ramiro, eskuak bizkarrean zeuzkala.

         Nora zeramaten? Greba madarikatua... Esana zion ez sartzeko horrelako lokatzetan, burua ateratzen hasiak zirela, ez okertzeko. Ixabel garrasika irten eta borrokan hasi zen iloba askatzeko.

         — Seρora! —guardietako batek. Bultzada latz batez bota zuen lurrera.

         Teofilok altxatu zuen, ahoa estututa. Ramiro kotxe atzealdera sartu zuten, kopetilun eta lotsatuta. Emazte eta alabari begiratzeko kemenik ez.

         Etxeko guztiak negarrez, kotxeak atzera eta aurrera maniobratu zuen buelta emateko. Laster desagertu zen aldapan behera. Xexiliri beldurrak ez zion haserrerako lekurik utzi.

         Berrogeita zortzi orduz eduki zuten preso Donostian, Manzanas izeneko bat nagusia zela. Hark konbentzitu omen zuen erokeriak behin betiko baztertzeko, eta gaitz erdi. Fabrikatik, ordea, bidali egin zuten. Ederra saria! Akabo sobreak, akabo esperantza. Bizitza osoan jarraitu beharko zuten estu eta larri, kate-txakurrak baino lotuago Xantiora, baserri zaharra jetziz.

 

 

Hilabetez ere ez zion zentzu onak iraun Ramirori. Euskarazko eskolarena aditzean, hura bultzatzen sartu zen buru-belarri. Xexilik bazekien ez zela parte oneko gauza; nola aitortuko zion amonari? Horixe bere kontzientzia: amona Brigidari kontatzea zaila eginez gero, gauza txarraren seinale.

         Ezin, ordea, Ramiro konbentzitu: kontu horiek etxekoen artean erabakitzen zituzten eta Xexiliri ez zitzaion arrazoirik ateratzen, ez zuen esplikaziorik bilatzen asmatzen.

         Halako batean, konspiratzaileak dirua biltzen hasi ziren; nor agertu zen prest orduan Gantxegi zaharrari zintzarria jartzeko? Ramiro heroia, Manuel Palacioren suhia izateak abantaila emango ziolakoan.

         Mediku jaunari esker lortu zuen audientzia. Agureak isilik entzun zion, mehetuta eta frutaz kargatutako arbolaren moduan oker. Gero, egur noblean forratutako gelatzarra pauso zalantzatiz zeharkatu ondoren, kutxa txiki bat giltzaz ireki eta birritan kontatu zuen hogei duroko eskupekoa. Okinaren papurrak ere ez.

         Frantziskotarrek gela bat utzi eta han jarri zituzten ume gaixoak. Nahiz eta alaba pare bat urte zaharragoa izan, Eskola Nazionaletatik atera zuen Ramirok, ordurako kantatzen ez zen ditxosozko caralsola sufri ez zezan. Horrela hasi zen ikastolan.

         Maistrak jatorrak ziren, andereρo Begoρa eta andereρo Josune; arrakastan ito ez zitezen, herriko andre batek eskaini zuen bere burua musu-truk laguntzeko, Miren Xales esaten zioten batek, eta hiruren artean gobernatzen zituzten haurrak.

         Oso modu eskasean zegoen dena eta umeek ez zeukaten kartillarik, legez kanpo zeuden. Xexili beldurtuta bizi zen, egunen batean inspektorea azaldu eta lezioa euskaraz ematen harrapatuko ote zituen. Gainera, galdetuz gero, nola erantzungo zioten erdaraz, dena euskaraz ikasten bazuten?

         Hori gutxi balitz, amona Brigidari kontatzeko ausardia bildu zuenean... haren kasketa! Umetan, hamaika aldiz itzulia omen zen etxera negarrez eta bero-bero, makina bat reglakada jasota gelan euskaraz egiteagatik. Eta aitak gerrikoa askatzen omen zuen burdinazko eraztun lotsagarriarekin itzuliz gero, baina, bestela, nola ikasi gaztelera? Munduan hanka bakarrean saltoka ibiltzera kondenatzen ari ziren ume gaixoa, euskara jasoko baitzuen etxean eta eskolan.

         Uko egin zion ikastolarekin zerikusia izateari eta hilabeteak behar izan zituen errainari baimena emateko arratsalde batean umearen bila joan zedin. Joxepi pozez txoratzen zegoen; bostak hamar gutxitan kaleratu zen Xexilirekin eta ama-mordo bat topatu zituzten frantziskotarren aurreko plazatxoan hitz eta pitz. Atea ireki eta Miren Xales agertu zen irribarretsu, ume urduriek osatutako ilararen buruan, banan-banan agurtzen. Xexilik segituan bistaratu zuen alaba, besteak baino buru bat altuagoa eta printzesa-adats horia bistan. Estiren antza zuen, biak argiak, biak luzangak. Tira, Olatz luzea zen; Esti, handia.

         Bat-batean, amak besotik heldu eta gainean zamatu zitzaion, belaunek huts eginda bezala. Miren Xalesek ere ustekabe galanta zuen, dardaran ia. Olatzi maitekor eutsita, barruratzeko keinua egin zien. Ama sartu bezain laster, besarkada estu batean lotu ziren, negarrez eta aieneka. Besoak zabaltzean, ama irribarretsu saiatu zen malko-isuria lehortzen.

         — Ene! Ene! —andreak, bere paρeluarekin amari laguntzen—. Aditu ninan ezkondu hintzela eta, ikusi ez haudanez, kanpoan bizi hintzelakoan nengonan —Xexili aho bete hortz ikusita, irribarre egin zion—: Ez nekinan Joxepiren alaba hintzenik.

         Xexilik baietz, ulertu gabe. Egunero ikusten zuten elkar Olatz ikastolan hasi zenetik.

         — Hire amona Ireneren oso laguna nindunan —Joxepirengana itzuli zen—. Ikaragarri sentitzen dinat —ihes egin zioten malkoek—. Juanita ahizpa eta biok Frantziara exiliatu gintunan, urteetan. Bueltan, lanak gure denda berriz irekitzen eta, ireki ondoren, ez zunan inortxo ere etorri. Hirea, baina, latzagoa izan zunan.

         Eta beste besarkada batean bildu ziren.

         Bigarren aldia zen amak negar egiten zuela, sentimenduren bat agertzen zuela.

         Latzagoa izan zunan.