Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

5

 

 

Ai, Esti, Esti. Hogei urte betetzerako, Xexilik ekarria zuen alaba eta hegan egina zen habiatik. Esti, ordea, bere mundu modernoan bizi zen: arropa, lagunak, hitz eta ohitura berriak. Aspaldi ez zen mezatara joaten, baina ezin konbentzitu: egoskorra zen, mandoa baino ere. Bizitzan arazo gutxi izaki, eta denei kontra egin behar? Karrera bukatu berritan bota zuen bonba atomikoa: udaran lan egin behar zuela. Gainera, itsu-itsuan esan zion aitari, aurretik eremua batere landu gabe; amonari laguntza eskatu izan balio, sikiera! Ezin gauzak horrela besterik gabe bota, baina hau ulertzea erraza zen Xexilirentzat, hogeita hamar urterekin bizitzako onenean baitzegoen, egiteko eta pentsatzeko.

         — ΏEn una fαbrica con hombres? ΏLa hija de Manuel Palacio? ‘Ni pensar!

         — Zer behar daukan? —amonak—. Hik ikasi ahal izateko gastatu ditiat nik begiak.

         Egia borobila. Maistra ikastearekin tematu zenean, amonak Zigordia kaleko ganbara saldu eta mahai gainean ordenatu zituen billete-pilak, dominoaren fitxak bezala. Xexilik ez zuen amestu ere egin halakorik.

         — Langileen egoera ezagutu nahi dut —Estik, harroputz.

         — Langileen zer? —aitak—. ΏEstamos locos? ‘Una roja! —“gorri” baino irain gogorragorik ez zegoen bere ahoan. Altxatu eta kalera irten zen ateari danbatekoa emanda.

         — Hori duk, ihes egin, txepel horrek —amonak, hortz artean. Pixka batean pentsatu eta goxoago jarraitu zuen—: Ea, ba: zertarako nahi dun lan egin? Kellerrenean edo Reinetarenean miseria bat pagatzen diten; gehiago emango dinat akademian hasten bahaiz.

         — Zertarako ez, amona: zergatik! Eta ez dut Kellerrenean gitarrei sokak jartzen jardun nahi; gizonek egiten dutena egiteko gauza naiz eta...

         Xexili salto batez tentetu zen.

         — Ni banoa.

         Amonak ez zion sekula santan errealik eskaini urteetan akademian lagundu arren.

 

 

Pielhoff fabrikan hasi zen Esti, zertan eta kamioiak deskargatzen, asto-lanean. Ez pentsa diruarekin etxean laguntzea bururatu zitzaionik; seguru ordurako bazuela hurrengo erokeria buruan, baina udara erdira arte ez zuen bota. Txiripaz ez omen ziren Xantioraino iritsi aita eta amonaren builak.

         Arratsaldean, irribarrez sartu zen Xexili Brigidarenera, amonaren azken ateraldia gogoan. Bezperan iritsi zen gizona ilargira eta hark, pixka bat hausnartu ondoren, sakrilegioa zela esan zuen, altuegi igoz gero, Jainkoa bera ikus zitekeelako. Okurritzea ere!

         Sukaldean topatu zuen ama. Portzelanazko amonatxo bat zirudien, azal leuna eta batere zimurrik ez, baina keinua, janzkera eta airea, zaharrak.

         — Parisa zoan hire ahizpa —beldurrez, ezinegonaz, eskuak elkarren kontra igurtziz.

         Zerbait serio behar zuen amak hitz egiterako. Luisaren beste grazia bat? Estiren lagun mina zen. Umetatik, Luisak agindu eta Estik obeditu, Sabako erregina eta esklaboa. Nahiz eta fabrikarena Luisak proposatu, gero, kale. Baietz hura Parisa joan gabe geratu!

         Bajatuta zegoen amona; garai bateko sasoiaz ez zen Esti ausartuko horraino iristera, ezta pentsatu ere.

         Akademiaren gelatxoan topatu zuen. Ile luze esne-zuria txirikorda batean lotuta zeraman, motots inguruan bilduta, Joxepiren modura, hark orrazten baitzuen azkenaldian. Ematen zuen ondo moldatzen hasiak zirela.

         Kostata erauzi zizkion informazio-adabakiak: Estik-eta karrerako lagun bat omen zuten Parisen, Azpeitiko Ana zelako bat; hark hartuko zituen etxean eta hark lagunduko zien lantxoren bat topatzen, behintzat ikasten hasi bitartean. Munduko unibertsitaterik onena omen zegoen hirian; Filosofia y Letras ikasi behar zuten...

         Ez zekiten ahizpa tratatzen. Kontra eginez, hauspo ematen zioten; hobe baietz esan eta, interesa galduta, mareak eramango zuen plan hura ere, umetan bezala. Orduan, ur-ertzean hasi eta hondarrezko gazteluak eraikitzen joaten zen, itsasoak eraso ahala beste bat gorago altxatzen, malekoiaren kontra bukatu arte. Ezetz Parisa joan.

         Usteak erdia ustel: Ramirok eta Xexilik eraman behar izan zuten Hendaiaraino trena hartzera, Abendaρo aldeko baserrikoei eskatutako seiscientosean, maletatzarra sokez sabaian lotuta maleteroan kabitzen ez zelako. Manuelek eta Brigidak azken unera arte espero izan zuten etxeko txikia ez zela debekua zeharkatzera ausartuko. Luisak atzera egin zuen, lehengo lepotik burua.

 

 

Gabonak hasteko astebete falta zela, etxerakoan topatu zuen Xexilik gizon bat astoaren ondoan zain, bide-ertzean. Elkanoko Etxeberri baserriko esnezalea zen.

         — Barkatu —txapela erantzi zuen—. Gure aita hilzorian dago, eta esatera bidali nau —eztarria garbitu eta arnasa hartu zuen sakon—. Gure bordan hil zituzten Joxe Bizkia, andrea eta alaba —ahotsa ia isiltzeraino jaitsi zuen—. Karlistek. Su eman zioten bordari eta biharamunean gorpuak lurperatzeko agindu zieten gure aita eta osabari —arnasa bota zuen—. Esanda zegok.

         Berriro baldar barkamena eskatu, eta ihes egin zuen bidean behera astoa xaxatuz, atzean Xexili aho zabalik utzita. Aitona eta amona eta izeba kendu zizkioten; autoerrukitik bilatu zituen malkoak. Lehenengo ziztada sabelean, ordea, geroago jaso zuen: Ramiro irudikatu zuen borda batean, Olatz eta bera. Eta soldaduak, haien aurpegi gogorrak, fusilak, altxatzeko keinua, hirurak horma baten aurrean ilaran, prest, destatu, sua! eta Xexili Olatz besarkatzen azken momentuan hura babesteko alferrik, zuloak bularrean eta haietatik odolarekin batera bizitza ihes egiten.

         Minak makurtzera behartu zuen, enkarguetako poltsak lurrean uztera. Eta ama? Non zegoen gurasoak eta ahizpa hil zituztenean? Nola egingo ote zuen ihes?

         Nola izan zen gai geroztik bizitzeko?

 

 

Ezin bikario jaunari aitortu. Kontuz sartu zen Xexili Xantion. Ez zegoen inor sukaldean. Hobe: etxeko gauzak zirenez, nahiago xantiotarrak, Ramiro barne, ez nahastea. Modu berezia zuten gerrako kontuak gogoratzeko: kokotsa harro jasota kontatzen zituzten irabazleen desmasia eta basakeriak, bukatzean mihia klaskatu. Duintasuna zen galtzaileen garaipena.

         Ulertu, ederki ulertuko zuten, baina Xexiliri pudorea ematen zion familiaren tragedia hain agerian uzteak. Halere, zama banatu beharra zuen. Ez amarekin, jakina; zertarako bota gatza zaurietan? Eta ahizparekin? Nahi bai! Ederki ibiliko zen hura Paris aldean; ordura arte gutun eta telefono-dei bana, horraino bere herrimina, nahiz eta amonak aparatua propio jarri.

         Bolada ona zeukaten Plantxadorarenean: aita behingoz beste lanpostu batera aurkeztu eta kapataz-postua lortu zuen Bombas Iturrenean. Marka da gero; gutxien behar dutenei, loteria tokatu. Automobila ere erosi zuten, Seat 850 gorri bat, SS-89148 matrikula. San Tomas egunean joan ziren Hendaiaraino aita, ama eta amona, amona!, gehien-gehienez urtean bitan Donostiara autobusez joaten zena. Eta eskerrak Estik uko egin zion, bestela baietz Parisaino bila joan.

         Igandean iritsi zen. Asteartera arte lagunak agurtzen okupatuta, mandatua bidali zion Xexiliri arratsaldean Olatzekin etortzeko, kasualitatez aitak eta amonak hileta batera joan behar zutenean. Gantxegi zaharrari, hilabetetan petxutik makal, bi egun lehenago elizakoak eman eta segituan hil zen.

         Amona Brigidak ez zion amari hiletara laguntzeko aipamenik egin. Xexiliri galdetu bai, baina aise onartu zuen Olatzekin geratzeko aitzakia baldarra eta, horrela, hiru gizaldiek itxaron zioten Estiri isilean, lehenengoa lisatzen, bigarrena josten eta gazteena irakurtzen.

         Plantxa ere berria, baporekoa, Frantzian enkargatua. Bapore-bafaden artean, Joxepi metodikoki ari zen zabaltzen senarraren alkandora bat mahai-gaineko manta zuria estali arte. Eskuekin luzatzen zituen zimurrak, erdialdetik bazterretara, poliki-poliki. Gero, plantxarekin zigilatu, kontuz tolestu eta ondoko aulkian pilatzen zuen txukun. Hori bai, pelikuletako robot horietako baten moduan, batere sentimendurik agertu gabe.

         Brigida egonez gero, buruarekin onetsiko zuen, noizean behin zerbait atzera bota. Zeharo bitxia zen Brigidarenean Brigida gabe egotea. Esti hura baino lehen itzuliz gero, esan egingo zien. Bordakoa. Amari ere bai, jakin zezan alabak alde zituela.

         Zirrara.

         Irrati metaliko distiratsuaren ondoan zegoen Olatz; ederra aldea Xantioko tramankulu zaharrarekin. Nahiz eta Matilde, Perico y Periquνn pixka bat geroago hasiko zen, badaezpada ari zen zaintza egiten, burua liburuan sartuta, Guillermo el travieso edo antzekoren bat. Etxe-zulo hutsa zen.

         — Etorri hona —Xexilik alabari.

         Neskatxoa txintxo-txintxo altxatu, soinekoa pazientziaz erantzi eta ama eusten ari zitzaiona probatu zuen, orratzekin ez ziztatzeko tentuz. Kuleroa eta barruko kamiseta zuri-zuriak zeuzkan, petatxurik gabe, behar den bezala. Amonak beti esaten zuen horrela irten beharra zegoela kalera, istripuren bat gerta zitekeela inoiz eta, medikuarenera eramanez gero, hark ikus zezan familia garbi eta txukun batekoa zela.

         Non arraio zegoen Esti? Amak orratz bat mugitu zuen besapea estutzeko; bista ona zeukan. Hori bai, behin betiko epaia matriarkari zegokion.

         Herriko dotoreena zen alaba. Urteberrian eta San Antonio egunean arratsalde bat ematen zuten Donostian, umeentzako dendetan kuxkuxean. Gustuko bi gauza aukeratu, Joxepik eta Brigidak ondo aztertu eta, patroia begiz aterata, josi egiten zizkioten, Xexiliri errazena bukatzeko utzita. Alaba probatzen ari zena Xexiliren oparia izango zen Erregetan; urtero bezala, baietz amonarena gehiago gustatu.

         Giltza-hotsa sarrailan, azkenean.

         — Han, han, han... —Xexilik. Eta alabari atea kokotsaz erakutsiz—: Hortxe duzu izeba.

         Pasilloan urrats astunak, berehala agertu zen Esti sukaldean. Hango muxu-zaparrada eta hango poza! Iloba airean beso batekin eutsita, beste eskuarekin poltsa modernoan bilatu eta paper gorri bizian bildutako fardeltxo bat atera zuen. Olatz irribarrez irristatu zen lurrera, lotsagabe oparia eskutik kentzera.

         — Koaderno bat! —miretsita azal gogor eta koloretsua laztantzen.

         — Hemendik aurrera, zeu izango zara idazlea, maitea —izarrez apaindutako boligrafo potoloa eskainiz.

         Txikitan, ilobari ipuin bat idatzi, marrazki borobilekin osatu eta Teofilok moztutako bi xafla finekin bilduz bihurtu zuten liburu. Berez, horrelako bat egitekoa zen hilero, baina Esti, Esti zen. Halere, Olatzek, koskortuta ere, beti mantendu zuen gelako apaltxoan, garaian garaikoekin batera.

         Aldatuta zetorren Esti. Janzkera, hasteko: berokia, puntuzko rebeka marroia eta belaunak erakusten zituen krema koloreko gona ez zituen etxetik eraman. Ezta makillajea ere. Edo eskuetako bitxiak, ezkerreko eskuan harri gorrixka eta eskuinean berdexka.

         Hitz eta pitz hasi zen, ahoak irekiarazteko gogoz: Paris zoragarria gora eta behera, ze ondo zegoen, zenbat lagun, ze polita zen bizitzeko alokairuan hartutako gela edo xanbrea... Zoriontasun gehiegi gauza onerako. Hamaika galdera pilatu zitzaizkion Xexiliri: zergatik ez zuen aipatzen karrerako laguna omen zen Azpeitiko Ana hura? Eta Filosofiako ikasketak?

         Ahotsak etxeko eskaileretan gora. Bazetozen, eta bordakoa kontatu gabe... Noiz izango zuten horrelako beste aukera bat? Eskapada ederra, halere; trago mingotsegia zen pasatu beharrekoa.

         Hotsek gorantz jarraitu zuten: auzokoak. Seinale bat. Edo ez? Berriro irekitzen diren zauriak erraz gaiztotzen dira. Lagunduko ote zion amari ezertan? Horrela jarraitzea izango zen onena. Agian.

         — Gauza bat kontatu behar dizuet —nahi gabe hasi zen—. Aurreko batean, Etxeberriko esnezalea etorri zitzaidan, Elkanokoa —amari begiratu ezinik—. Haien borda batean gorde omen ziren aitona-eta. Joxe Bizkia —amona eta izebaren izena ere kendu zizkieten—. Soldaduek... zeratu egin zituzten. Orain arte ez omen dira ausartu kontatzera, baina aita larri dutenez...

         Isiltasuna. Ama estatua bat zen.

         — Basoerdirenekoan koaderno bat omen dago apal batean —Estik—. Amonarena da, gau hartan lapurtua.

         Xexili txundituta: noiztik zekien? Zergatik ez zuen lehenago esan? Eta, orduan bai, giltza-hotsa aditu zuten aurrekoa baino ozenagoa. Aita eta amona Brigidaren pausoak, pasilloko kraskak.

         — ΏQuι hacen todas mis flores reunidas? —Manuelek. Bilobari muxu ematerakoan igarri zuen ez zela giro.

         — Donostiako obispoa ere etorri da —Brigidak—, Monseρor Argaya, hori meza ederra! Primerisimakoa. Alkateak elizan bertan izendatu du seme predilekto. Parrokia txiki geratu da, jendea kabitu ezinik.

         — Ba, gaiztoa zen kab... —Estik, jarraipena isilduz.

         — Ze esaten dun? —Brigidak—. Don Segismundok oso maite zinan gure Ramon, Haundiya izan aurretik ere. Haren hileta ordaindu zinan eta, kale gorrian geundenean, beste inork behatzik mugitu ez zuenean, lana bilatu zionan hire aitari.

         — Bai, eta lau alabetatik hiru etxean atxilotu ditu bera zaintzeko —Estik—. Jendea beldurragatik joan da, ea zeharo hil den baieztatzera. Benetan uste al duzue ahaztuta dagoela gerra ondoren berak idazten zituela fusilatu behar zirenen zerrendak?

         — Baina hik zer ikasi dun kanpoan —Brigidak.

         — Ez duzu ezer ere entenditzen —aitak—, ezer ere ez.

         — Aleluia! Bazen garaia alabei euskaraz egiteko... Ez dugu orain arte merezi izan, ala? Ez jarri aurpegi hori, ondotxo dakizu zertaz ari naizen. Eta, egiak esaten jarrita, noiz aldatu zenuen apellidua Jauregitik Palaciora? Haundiyak jakingo balu... —amona Brigida mutu geratu zen bizitzan lehen aldiz—. Ba, jakin zuzendu egingo dudala; laster izango naiz Estibaliz Jauregi Larraρaga... eta Larraρaga Jauregi beharko luke.

         Xexilik amari eta gero aitari begiratu zien. Dardaran altxatu zen, Olatzi tiraka.

         — Emaiezu muxu bat, bagoaz eta.