Hariak
Hariak
2018, nobela
352 orrialde
978-84-17051-19-8
azala: Lander Garro
Yoseba Peρa
1977, Sodupe
 
2012, nobela
 

 

12

 

 

Ohea ez zen errukitu. Hiru egun eman zituen barruan, apenas lo egin gabe eta begi lehorrez negar batean. Ateko txirrinak behartu zuen manten azpitik irtetera. Tak-tak, tak-tak armiarma zaharra sarearen ertzeraino.

         Makuluez armatuta ireki zuen. Etxeko jabea zen, Madame Marguerite, errentaren eskean. Hasierako hilabeteetan amak ordaindu omen zion, martxoan Txumak. Eta aldez aurretik pagatu beharra zegoen, bestela kalera. Ez zion inori fidatzen, are gutxiago espainolei.

         Eskatuz gero, berriro lagunduko zion amak, baina gehiegi zen. Beste karga bat? Nahikoa zuen Ixabelekin.

         Lorik gabeko gau batean bururatu zitzaion soldatarena. Entzunda zeukan behin edo behin barruan liberatu moduan zebiltzanei nolabaiteko soldata ordaintzen ziela Erakundeak. Iruk edo Agurrek ez zuten, ordea, inoiz aipatu. Egia izango ote zen? Zurrumurru ustel bat? Halere, zenbat eta buelta gehiago eman, orduan eta haserreago. Alfontso nazkante hori gai zen dirua gordetzeko! Epelak botako zizkion!

         Hitzordua lortu zuenerako, zeharo damututa zegoen, baina ezin atzera egin. Alfontso beste etxe batean bizi zen. Haren emazteak zabaldu eta, behintzat, ez zen faltsukerietan ibili: isilik seinalatu zion leiho gabeko gela bat eta kalera irten zen. Olatzek aurrera egin zuen pasilloan, gelako atea emeki bultzatu. Barruan, Ho Chi Minh zirudien Alfontsok: mahaia paperez beteta, lanpara zahar bat eta belztura. Lanean jarraitu zuen, bakarrik balego bezala. Minutu batez. Bi minutuz. Olatzek eztarria garbitu zuen:

         — Esan didate nire... dirua daukazula.

         Harrituta bezala jaso zuen burua besteak:

         — Dirua? Erakundeak behar du dirua. Gerra betean gaude; mundiala ospatu bitartean, musturrean eman behar diogu Espainiari, denen aurrean. Hobe duzu barrura bueltatu eta lagundu.

         — Ez nago horretarako.

         Alfontsok paperen artean bilatu zuen, orri bat erreskatatu arte.

         — Beitu, lan polit bat daukat zuretzat: Xabier Mendoza Gantxegi ezagutzen duzu? Zinegotzia da zure Zarautz maitean; diputaziora eraman gura ei dute bere anaia Josugaz.

         — Josu? Jesus izango da.

         — Orain baskoa da, Josu Mendoza. Horiek arin igotzen dira.

         — Ez dakit —eztarria taupaka.

         — Ez zara Xabiertxo exekutatzera ausartzen?

         — Zinegotzia dela esan duzu, ezta? —bihotza arin-arin. Nola abisatu?—. Ez dugu inoiz politikaririk hil...

         — Ezetz? Carrero Blanco ez zen politikaria?

         — Baina eajkoak...

         Galdera bihurtu zen Alfontsoren begirada: norekin zaude?

         — B plana, orduan: bahiketa bat —irribarre ironikoaz—. Hori ere ez? —mihia klaskatu zuen. Mespretxuz kartera atera eta hainbat billete bota zizkion mahai gainera, banan-banan, tinko begira—: Diru hau ez dagokizu; halere, eman egingo dizut... badakizu zergatik.

         Ahalik eta azkarren bildu zituen Olatzek, amorruzko malkoei eutsiz.

         Zapore mingotsez egin zuen alde, nahigabeak jota. Kabroi halakoa! Gainera, hilabetez eusteko lain eman zion, juxtu-juxtu. Ondoren, beste etxe batera aldatu beharko zuen, hamaika errefuxiaturekin sardina-latan estutu. Eta, amaren lepotik ez jarraitzeko, lana aurkitu. Paperak lortzea utopia hutsa, aukera zirraragarriak zituen: deklaratu gabeko neskametzak, frantsesen komunak garbitzea... Betiere hanka sendatzen bazitzaion.

 

 

Hiru egun geroago, enkarguekin zetorrela, Alfontso topatu zuen etxeko sukaldean.

         — Helburu errazegia zara paramilitarrentzat.

         Sartu izanak baino, Olatz gehiago larritu zuen gela berean egoteak. Ez zuen ukitzea nahi eta aurpegian igartzen zitzaion horretara ere agertua zela.

         — Proposamen bat daukat —Olatzek—. Ekintza baterako.

         — A, bai? —desilusioa.

         — Bahiketa bat. Eta gero bakean utziko nauzue.

 

 

Taldea osatu zutenerako, bazeukan hanka muga zeharkatzeko moduan. Inozoa: hango komeriak! Azkenean, mugalariak hartu behar izan zion petatea.

         Tentuz prestatu zuten ekintza. Zulo baten beharrik ez: kontaktu bat zela medio, borda abandonatu bat aurkitu zuten Lazkao aldean.

         Olatzek ondo gogoan zituen Ybarra familiaburua bahitzeak zaildu zuela eskatutako erreskate-dirua biltzea; Miguel Garmendia patriarkaren partez, haren biloba hartu zuten, Ainara. Unibertsitatetik zetorrela, Ordiziako tren geltoki ondoan itxaron eta, pistola erakutsiz, kotxean sartzera gonbidatu zuten.

         Senideei, milioiak eskatzeaz gain, erabateko isiltasuna exigitu zieten, neska bizirik ikusiko bazuten. Bordan giltzapetu ziren harekin, denak gela berean: zazpi egunez inkomunikazio zorrotzean, 168 orduz hiru taldekideak baserritik ezertarako atera gabe, lata hotzak jaten, tentsio mutuan, manta nahikorik ez zeukatela. Txandaka zaintzen zuten leihoen zirrikituetatik; basoak mehatxu egiten zien.

         Komuna zulatu zuten bazter batean, kartoizko kutxa batzuekin horma altxatu. Laster zabaldu zen kiratsa, baina deserosoagoa zen aurpegia etengabe estalita eraman behar izatea, Ainarak ez zezan inor ezagutu geroago. Azkura, izerdia, ilea koipetsu izatearen nazka.

         Asperraldietan, amets bat fintzen joan zen Olatz: Iparraldeko bere aurreneko aldian, Yoyes ezagutu zuen. Nahiz eta Erakundean goi-goian egon, Mexikora alde egin omen zuen. Olatz, berriz, kide xume-xumea zen; ez zioten oztoporik jarriko. Txumak lehengusinak zituen Venezuelan, Isla Margaritan. Giroa baretu arte, han biziko ziren, hirurak... Itxaropen gozoa zen, baserri ilun hartan izpitxo bat. Azken ekintza zen; nahikoa, kitto.

         Laugarren goizean, negar isilean hasi zen Ainara. Olatz haserre hurbildu zitzaion: ez zuten gaizki jokatu harekin, mehatxurik ez, haien janari berdina jaten zuen...

         — Zer duzu?

         — Gaur nire urteak dira. Hemeretzi.

 

 

Familiak metodikoki bete zituen aginduak. Ainara askatu ondoren, ez polizia, ez medioak ez ziren jabetu. Olatzek taldekideak etxebizitza seguru batean utzi, eta kontaktuari dirua entregatzera joan zen, Erakundeari helaraz ziezaion. Ordiziako San Bartolome auzoan jarri zioten zita; Ainara eta Yoyesen herria. Seinale ona.

         Kaletik urrun zegoen elkargunea; etxeak sakabanatuta, baratzeak, zelaiak. Neska bat azaldu zen, Ainararen adinkidea eta agian ezaguna. Perlazko belarritakoek ez zuten bat egiten janzkera narrasarekin. Olatzek eramandako kirol-poltsa hartu eta karpeta bat eman zion ordainetan, Alfontsoren partez.

         Zapla. Agurtu eta segituan ireki zuen, dar-dar batean: informazioa, ekintza gehiagorako xehetasunak.

         Autobusez bueltatu behar zuen. Itsu abiatu zen geltokirantz, itolarriz, intxaur-kraskagailu batean harrapatuta. Bihotzak salto: bide bazterrean, bi txapeloker ari ziren erretzen patruila-kotxearen ondoan. Atsedenalditxoa. Gazteena uniformea baino berdeagoa zen, itxura guztien arabera Vascongada errebeldeetara bidali berria; bestea hogeita hamar urteren bueltan ibiliko zen, harroputz nazkagarri bat.

         Dotore jantzita zihoan Olatz, susmorik ez sortzeko moduan. Paperontzi batean utzi zuen karpeta. Taupadak ziztu bizian, herriko bidetik irten zen. Lurra, lokatza: takoi baxuak lur samurrean sartuz eta kostata ateraz jo zuen haiengana. Emakume erakargarri bat besterik ez zuten ikusten. Ergel horiek gai ziren tiroka hasteko.

         Aurrean geratu eta besoak jaso zituen dardaran. Segundo bat. Bi. Hiru. Lau. Bost.

         Guardiak harrituta, erabaki ezinik arazo bat ote zeukan edo barre egin nahi ote zien. Azkenean, nagusienak zigarroa cowboy-zupada batez bukatu eta bi behatzekin bota zuen airera:

         — ΏNecesitas ayuda, guapa?

         — Soy de eta militar.