Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

25

 

Ez zuela ezer jakin nahi adierazi zion Miren Akerretak. Glencreekoa azaldutako egun hartan nabarmendu zitzaion ahuldadetik —egunetara errotu eta betikotu zelakoan egon zen Axi esperimentu bati arreta emanez bezala— betiko gotortasunera itzuli zen, zurrun azaltzen zitzaion haien arteko adiskidantza gauza serios eta larria balitz bezala. Axi poztu egin zen, neurri batean betiko Miren agertzeak lasaitu egiten baitzuen, Axiri jende berria ezagutzea gustatu egiten baitzitzaion, ez, ordea, betiko jendea aldatzea.

      “Ez dut ezer jakin nahi” moztu zion lehor Axiri, autoan sartu eta Errenteriara Dolutan aurkeztera abiatu zirenean, “ez zaituztet inoiz ulertuko”. Eta irribarre egin zuen Mercedesaren bolanteari heldurik Bilbotik ateratzen ari zirenean. “Nola esan duzu? Felizmente casado y armarizado; buscando similar para vivir la cara B de nuestras vidas”. “Horixe dun, horixe!” eragin zion buruari Miren Akerretak, Axiri zeharka begiratzen ziola, bai baitzekien zerabilten elkarrizketaz aparte Axi urduri zihoala, ez zitzaiolako bera gidari ez zen autoetan ibiltzea gustatzen, eta Mirenek, zuen hondo serios baina aldi beran burlaizekoarekin, adarra jo nahi zion.

      “Ez dut galdetuko nor den?”.

      Axik irribarre egin zuen aho ertzarekin autoaren potentzia hanken azpian nabari zuela, aldez aurretik Mirenen harriduraz gozatuz.

      “Marikak... nolakoak zareten! Bide batez, haurdun gaude, azkenean. 5 urteren ondoren”.

      “Zorionak!”.

      “Bai, hala beharko!”.

      Durangoko autopistako pagagunera ailegatzen ari ziren.

      “Pozik nago... gaude. Batez ere Idoia. Nik pentsatzen dut, beharbada, beranduegi datorrela. Urte gehiegi dira 55 urte ume bat izateko”.

      “Bueno, Idoia gazteagoa da”.

      Autopistaren txartela eman zion nonbait gorde zezan.

      Axiri ez zitzaion gustatu Mirenek bera haren zereginen luzagarri moduan erabil zezan, txartelen eusle, kopilotu, mendeko —adiskideak izanik ere, mendeko zuen— ordezko, eta haren burlaizearen itu, beharbada, Josebak behin baino gehiagotan aurpegiratu ziolako berak horrela tratatzen zuela bikote harremanean, bere desiren atzetiko lasterraldi irrikatsuak sorturiko beharren hornitzaile, eta askotan ikusle behartu. Ez zitzaion gustatu nahiz eta onartu Mirenena —berea bezala, barkatu zion bere buruari— izaerari zerion zerbait izan, dena delakoaren kontrako mendeku nahia bainoago.

      Bizkarra bermatu zuen asentuko tapizeria leunaren kontra, urduritasunari ihes egitearren. Ohartu zen halaxe izan zela bien arteko harremana, Miren nagusi eta bera mendeko. Errabiak hartu zuen, ez Mirenekiko, baizik eta bere buruarekiko... eta Josebarekiko; ez zekien zergatik.

      “Ezagutzen duzu, gainera!”.

      Aurrea hartu nahi izan zion nagusigoan.

      “A bai?”.

      Arbuio? Jakinmin? Nagusigo?

      Miren nahasirik gelditu zen. Bidaia hartan Axi egiten ari zena gaizki iruditzen zitzaiola esateko deliberoan atzera egin zuen, parada hobearen zain. Gaualdera, beharbada. Bazekien adiskideak baziren ere, haien artekoa adiskidantza eta lankide harremanaren arteko zerbait zela... gorabehera pertsonaletara lerratzen zirenean tentu handiz, hanka puntetan ia, ibili beharreko eremua, ahaidetasunak bainoago ohiturak eragindako zerbait bilakatzen baitzen.

      Ia hitzik gurutzatu barik egin zuten Errenteriarako bidea. Axi barrunbeetako bol-bola baretzen, Miren, errepidea eta barneko paisaia zurrunaren artean —oro ederki apaindua, arreta emana, nabarmenegi zaindua— kukuka.

      Aparkatu eta Niessenera ailegatu zirenerako, kamera eta soinu teknikariak zain zeuzkaten. Niessen kultur etxeko areto handia aztertzen aritu ziren kamerak non paratu ezin erabakirik. Azkenean bigarren maila aldian kokatzea erabaki zuten, eszenatokitik nahikoa gertu; eta, horrela, atzean norbait mintzatzera, kamera itzuli, eta soinu teknikariarekin nahikoa izango litzateke.

      Kostatu egin zitzaion Miren Akerretari Errenteriako alkatea kamera aurrean jartzeko konbentzitzea. Ez zuen nahi Julen Mendozak kamerarik egon zedin, baina, azkenean, Miren Akerretak Dolutan filmaren zuzendari eta eitbko albistegietako buru izatearen “galoiak” erakutsi zizkionean amore eman zuen; bi kargu horien gainetik bera ere biktima zela bazekiela susmatzea ere ez zitzaion gehiegi gustatu Mireni.

      Kamerena konpondu ondoren, udaletxera abiatu ziren eta Julen Mendoza agurtu zuten, gero elkar ikusiko zutelako promesarekin. “Guapoa da” bota zuen Axik, Mirenekiko adiskidantzaren legeak hautsiz, neurri batean.

      “Hala da”.

      Oiartzunen hartu zuten ostatu eta hara abiatu ziren autoan, han bazkaldu, siesta egin —Mirenek beharrezkoa zuen—, eta arratsaldeko zazpietarako prest egongo ziren atzera berriz Niessen aretoan.

      Norbere gelara sartzerakoan, “Gero berarekin geratu naiz” bota zion Axik Mireni.

      “Berarekin? Ez dut gehiago jakin nahi. Dena dela, ez dakit zertan ari zaren... Esan zenidan Josebak ez zekiela... Uste dut kontatu egin beharko zeniokeela, eskubidea dauka. Ez dizut ezergatik esaten, ni lasai gelditzeagatik... sekretuaren jabe egin nauzun aldetik... Zenbat denbora daramazu berarekin?”.

      “Kontratuaren barnean dago”.

      “Kontratua? Ez dakit ze kontratu daukazuen... Beno bai, esan zenidan... baina berdin da... kontratuak kontratu, inori ez litzaioke gustatuko bere bikotekideak amorante bat duela jakitea”.

      “Urtea! Urtebete inguru daramagu”.

      “Urtebete?! Hori bizi oso bat da horrelakoetan! Mingarria egingo zaio Josebari. Eta hori gutxi esatea da. Nik ez dut gehiago jakin nahi. Esan beharrekoa esanda erretiratu egingo naiz”.

      Korridorean dardaran utzi zuten Mirenen hitzek. Gelara sartu zen siestarik egiteko batere gogorik gabe; zurrunbiloa egin zitzaion, nola esan ziezaiokeen hori, baina aldi berean bazekien Mirenek arrazoia zuela: aurreregi egin zuela bide hartan. Mirenen hitzek ordura arte desioaren atzetik antxintxika bizi izandakoa muturren aurrean paratu zioten, argifokuen izpietara: Josebak bizitzen ari zenaz pentsa zezakeena, desleialtasuna, zintzotasun eza, gezurra, entzun zuen bere baitan, gezurretan bizitzen ari zen; kontratuan ote zegoen egiten ari zena? Ezetz erabaki zuen baina... berak ez zuen bilatu, eta ikusi beharra kontratuan ote zegoen, zenbat horrelako izango zituen Josebak berak jakin gabe; eta gainera berak esan zion ez zuela ezer jakin nahi, eta horregatik ez zuen...

      Ohean etzan zen sabaiari begira, gogoa dundunean harraboska. Ezin zuen lo hartu. Ez zuen pentsatu nahi. Oiartzungo plazara atera zen. Bitan-edo egona zen herrian... sagardotegiren batean, behin, eta bestea laneko erreportaje bat egiteko-edo. Akordatu zen egon zen azkenekoan Castro delako taberna bat zegoela, barra azpia behi larruz estalia, eta atzean balkoi beiradun bat zeukala, eta bertatik halako patio moduko bat ageri zela. Plaza erdian. Taberna barnera begiratu zuen. Aldatua zegoen, izena, altzariak, ez zen ageri barra azpian behingo behi larru zuri-beltza eta, beiraren bestaldera, ez zitzaion agertu egon zeneko hartan bezala ilajearen leuntasuna, barnera sartzeko ia kantuan deika.

      Pattarra behar zuela erabaki zuen, taberna arruntean sartu eta barrako aulki altutan eseri zenean.

      “Txupitoa!”.

      Eta Miren, lesbiana puta hori, horren urrun eta horren harro beti, zertan ari zen berari horrelakoak esaten. Damutu egin zitzaion aitortu izana, baita Bego eta Landerri ere, baina gaizkileak behar du gaizkia aitortu, gaizkia izango bada, ez baita nahikoa izaten Jainkoa ala Justizia bezalako zera abstraktu bat gaizkiaren lekuko, gaizkilea egindakoaren okerraz jabetzeko; lekukoak haragizkoa izan behar du, eta ahal bada hurbilekoa, eta gaiztotara, mina jasotakoa hobe.

      Goitik behera so egin zion zerbitzari gazteak. Urduri zegoen. Eta ez zuen pentsatu nahi. Ihes egin zien garunean pertsekutatzen zuten gogoeta nahasiei, barraren atzean zeuden likore ugarien botilei begira. Ginebra askotakoak: Beefeaterren karratua, Lariosen txaparra, Gordonsen ttoporra, Bombayren urdina, Tanqueray berdea, Oxley zurruna, Seagram’s makia, Gin Mare diszifrindua, Bulldog, Cittadelle, Larios Dry, Hendryck’s... Instintiboki bilatu zituen tonika botilak... Ez zuen ulertzen azken hiru urteetan hedatu zen gin-tonikarekiko txorrada hura guztia. Ginebra marka ugariak, tonika ugariagoak, barazki, fruta, belarrak eta fruituak eta haziak. Ez zuen esango ez zituela probatu baina betiko gin-tonika zen gustuko zuena, hartu ezin zuelako batez ere, ez ginebra baizik eta tonika, antimalariko baten ondorioz —nonbait, medikuek ere ez baitzekiten nondik zetorren— bihotzaren taupaden antzeko soinu txiki bat sortu zitzaiolako ezkerreko belarrian, isiltasun erabatekoan baino ez entzuteko modukoa. Tinitus edo akuifenoa. Kininarena omen. Josebak, bera baino areago kezkatzen zen gainera, ekarria zion hor zehar bildutako informazioa, besteak beste El Paísen argitaratuko artikulu bat, non aditzera ematen baitzuten ez zela belarri kontua baizik eta garun kontua; garuna nonbaiten edo zer batekin sintonizaturik egon eta beste kanal batera mugitzean aurrekotik geratzen zen zarata zela tinitusa. Joseba. Hainbeste urtetako gorputzaren irudia egin zitzaion atzera berriz, eta atzera berriz jo zuen botilak arakatzera: tonikak: Schweppes, Blue Tonic by Kas, Nordic Mist, Fentimans, 1724, Fever Tree Indian Naturally Light, Fever Tree Mediterranean, Fever Tree Lemon, Boylan... Joseba. Joseba. Eta Iñigo. Zer egin behar zuen? Whiski txupitoa dzangada batez edan eta hotelera abiatu zen berriz ere.

      Miren zain zeukan sarreran. Elkarri so egin zioten, nork bere oholtzatik.

      Axik erabaki zuen ez ziola esango nor zen Iñigo. Ez zuen merezi.

      Mirenek harengan zuen autoritateari esker keinu faun batez eserarazi zuen aurreko silloian.

      “Ni ez naiz inor zuri zer egin behar duzun esateko, baina esan didazunez eta lagunak garenez uste dudana baino ezin dizut esan: konpon ezazu kontu hori, egin ezazu aurrera ala atzera, baina, batez ere, hitz egin ezazu Josebarekin. Zure adiskidea naizen aldetik ezin dizut besterik esan”.

      Axi silloian mugitu zen urduri. Bazekien arrazoia zuela baina izorratu egiten zion arrazoia izan zezan. Tanqueray, Larios Dry, Bombay, Nordic Mist, Boylan...

      Baiezkoa egin zion.

      “Gin-tonik bat hartu beharko genuke abiatu aurretik. Ondo egingo liguke”.

      Mirenek esandakoa esana duenaren patxadaz baiezkoa egin zion.

      Axi hotel txikiko jabearekin negoziatzera abiatu zen.