Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

10

 

Josebak ordenadore aurrean eserarazi du Lander, Miren Akerreta zuzendari, Lander bera eta Axi gidoigile eta laguntzaile izan zituen Dolutan filmaren prentsarako fitxaren eskema eta oharrak gainbegira ditzan.

      “Baina seguru ongi dagoela” esan du Landerrek.

      “Egin ahal duzuna” esan dio Josebak eskumuturreko igeltsua seinalatzen diola, “ni jarriko naiz gero teklatuan. Bitartean, Axi altxatuko dut. Dena dela, nola egin duzu?” galdetu du Josebak, Axiren kezkaz-edo erantzunaren espera langelatik alde egiten duela.

      Eguraldi ona dator; eta gero bazkaltzera aterako dira, beharbada, Queertyra.

      Landerrek Josebak paratu dion pantailan zehar egin du saguari ezkerreko eskuarekin sakatuz.

      “Dolutan filmak Euskal Gatazkaren biktimek doluak nola egiten dituzten azaldu nahi du, gizartean egin beharreko doluaren ispilu eta bide. Miren Akerretak Lokarri erakundearen eskutik filmaturiko dokumental honetan biktimei eskaini zaie protagonismo osoa”.

      Altxatu eta langelatik atera da Lander. Sukaldean ari dira Axi eta Joseba. Axik txakurtxo bat bezala jarraitzen dio Josebari sukalde txikian zehar ontzi eta gosarikoen bila, hozkailutik katiluen armairura, sutatik harrikora, nahiz eta, sukaldearen txikiagatik, espazio arteko desplazamenduak baino areago, urrats txiki eta mugimendu asmoak baino ez izan. Gero eta antz handiagoa dutela pentsatu du, gaztelerazko “dos que duermen...” gogoan.

      Bihotzekoarena gertatu aurretik Axirekin izandako elkarrizketa haren oroitzapena uxatzeko, bakardadeak pisatu egiten dio. Gustatu zaion azken aurreko ligeaz akordatu da; badaki, ilusio gehiegi jartzen du gizonengan, horixe da Begok esaten diona, eta lehenago Axik, nork eta Axik, 19 urte pasa gizon berarekin daramatzanak. Zein erraza: “Bikotea bizitzaren beste alderdi bat baino ez da”. Telefonoz ligatzeko aplikazio batean ezagutu zuen. Auskalo, Bender edo Grindr, edo Scruff edo... Ohikoa.

      Hola

      Hola

      Zer moduz?

      Ondo

      Erantzun zion euskaraz egin ohi zuen moduan eta handik h gabeko bizkaieraz hasi zitzaion, ohikeriatan. Astebetera-edo harrigarriki zera bota zion:

      Aizu, lagun, bihar Antxorasera etorri nahi duzu?

      Antxoras? Ez dakit zer den, baina ondo

      Ordu pare bat edo hartu zituen mundakarrak erantzuteko, Landerren desesperaziorako.

      Barkatu, lagun, ezin dut segitu

      Gezurra esango zuen zaputza egin zitzaiola ukatuko balu, bazekien, horrenbeste azkarra bazen, handik ez zegoela gehiegi esperatzerik.

      Lasai

      Ikerketa antropologiko bat egiten ari naiz: zer daukazu, bikotea? Armairuan zaude? Jolasean ari zara? jjjjjjj

      Bikotea daukat. Barkatu

      Barkamena eskatzen zuen bat. Harrigarria toki hartan.

      Lasai. Benga ondo bizi

      Eta handik ordubetera edo:

      Baina gera gaitezke zeozer hartzeko

      Eta ezetz esan beharrean, baiezkoa eman zion, eta han agertu zen, Laidan, udazkeneko arratsalde batean. Furgonetatik jaitsi ahala gustatu zitzaion Ezker Abertzalearen manifestazio bateko argazki batetik aterea zirudien gizon bizardun hura.

      Josebak burua altxatu du.

      “Hemen zaude?! Nahi duzu kafe bat?”.

      Axik ere burua altxatu du. Begi galduak argitu zaizkio.

      Bikoteko buruzagia izandakoa bigarrengo. Ze pentsatuko luke bere burua ikusiko balu? Ez luke onartuko, nahiago izango zuen hilik egon, seguru dago, horrenbeste ezagutzen du aspaldiko adiskidea.

      “Lander”, egin du garrasi Axik, “zer egiten duzu hemen?”.

      Axik hurbiltzekoa egin duenean, mahai ondoko silla bota du zarata handiz. Harriturik gelditu da istriputxoaren ondorioei begira, gertatutakoa ezin ulerturik, kausa eta ondorio legearen jarraitasuna harrigarria balitzaio bezala. Lander hautsiapur hurbildu da jasotzera. Gero besarkatu egin du. Badaramatzate bi hilabete elkarrekin egon gabe. Gosaltzera eseri dira. Josebak arretaz zerbitzatu du kafea, esnea; egonarri gabezia eta, aldi berean, maittetasuna adierazten duen keinu batez paratu dio Axiri ogi xigortuaren platera aurrean. Landerri bururatu zaio Joseba zaintzaz nazkatzen —nekatzen zuzendu du bere burua— hasia dela, eta ez zaio harritu, lan nekeza baita, hainbat bezerori —gaixori? beti egiten du zalantza bere bulegora “gurdia hustera” etortzen direnei nola deitu— gertatu moduan, zaindu eta aldi berean erdi-joan den horren gaineko dolua egitea.

      Erdi-dolua? Dolu-erdia? Galdetzekotan egon da, baina pentsatu du hobe dela gerorako uztea, ordenagailuan, oharren aurrean errazago erabakiko dute bata ala bestea den.

      “Zer egiten duzu hemen?!” galdetu du Axik, “ez zaude Bilbon?”.

      Landerri psikologo tresnak apurtu zaizkio.

      “Lehenago ere ikusi duzu, Axi. Lan bat egitera etorri da, orain jarriko gara”.

      “Nik lehenago ikusi?! Nik ez dut lehenago ikusi!” bota du Axik biribil.

      Josebak eta Landerrek elkarri begiratu diote.

      “Bai, lehenago ikusi duzu. Axi, bihotzekoak jo zizun eta gauzak ahazten zaizkizu” ebatzi dio Josebak Landerri sadismoaren aztarnak dituela iruditu zaion tonu batez, zeina zaintzaileengan behin baino gehiagotan ikusia baitu, askok eta askok, haien bizitza utzita, halako fraidetasunera edo mojatasunera (gehiago mojatasun, gehienak andreak baitira edo marikitak) kondenatuak izanaren kobrantza moduan-edo gaixoari pagarazten diote.

      “Bihotzekoak?!” harritu da garrasika. Axik ez du Axi ematen. “Niri ez dit bihotzekoak jo” egin dio arrapostu Landerri, Joseba eroturik dagoela adierazten duen irribarre eta ahots tonuz.

      “Bueno, Axi, guk bulegoan lan pixka bat egin behar dugu, eta zaude hemen. Nahi duzunean joan bulegora”.

      Etxeko animalia bezain bezaturik gelditu da sukaldean, haiek korridorean barna egin duten bitartean.

      “Birpentsa daiteke gizakia bestearen zaurgarritasunaren kontingentziaren argitara? Aska gaitezke gure zaurgarritasun ezintasunaren ilusiotik? Halako birpentsatzeak gida gaitzake benetako elkartasuneko lotura transnazionaletara eta komunitate global batera, zaurgarritasun borrokazkoetara baino? Horrela bukatzen du Nouri Gana aztertzaileak bere liburua, Signifying Loss: Towards a Poetics of Narrative Mourning.

      ”Eraiki daiteke gizartea dolutik, aipu horretan adierazi bezala? Lan teorikoa aspaldi egiten hasia dago. Beharbada gehien landu duena Judith Butler filosofo amerikarra da, zeina, generoaren azterketatik abiaturik, doluak komunitatea sortzeko izan dezakeen balore eraikitzailetik iraganik —gay komunitateak hiesaz hildakoei dolu egitean sortu zen komunitate zentzua iraganbide— gizakiok gizaki izateko ‘bestea’ren beharra norainokoa den aztertzen saiatzen den, bestea-rik gabe gure gizatasuna ez dela gizatasuna iradokiz”.

      “Ez da trinkoegia?” galdetu dio Josebak.

      “Bai, baina hainbat gauza ezin dira bestela esan. Filmaren fitxarako sarrera moduan ongi dago. Filmaren ondoko tailerretarako ahoz azaldu, eta kito”.

      “Dolu egitea traizio ekintza da, bestea, hildakoa, joandakoa, atzean utzi nahi baita, gure baitatik erauzi. Freudek doluari balio terapeutikoa aitortzen dio, galdutako objektutik, biktimen ahaide eta adiskide horiek, energia erauzi eta beste nonbait paratzen baitugu. Azken finean dolu egitea da hildakoei adios esatea eta bizitzarekin aurrera jarraitzea. Adios horrek eragin dezake barkamena eta barkamenaren bidez borreroa eta biktima gizarte proiektu berean uztartzea? Film honen helburua baiezkoa erakutsi eta bide horretan beste harri txintxar bat gehitzea da.

      ”Subjektu traumatikoa —biktimaren ahaide eta lagunak, biktimak haiek ere— ordura arteko bizitza baldintzak suntsiturik, hildako bizidun bilakatzen da beste bizitza bat eraiki arte. Ordura arteko bizi baldintzek ez diote balio, eta zentzu horretan bere bizitza bukatu zaion biziduna bilakatzen da, zonbi bat”.

      “Zer iruditzen zaizu azken esaldi hori? Ideia berriz errepikatzen da baina iruditu zitzaidan merezi zuela ‘ordura arteko bizi baldintzak’ deseginik gelditzen direla azpimarratzea, nahiz eta erredundantea izan”.

      Landerrek pantailara ρarrotu ditu begiak. Ongi iruditzen zaiola otu zaio gogoak mundakarrarengana ihes egiten diola. Gero Durangoko bikotea etorri zaio gogora. Haiekin izan duen txakur-saioa.

      “Beraz, balia dezakegu ‘zonbitasun’ hori gizartea sendatu eta bizi baldintza justuagoak sortzeko?”.

      “Zuk uste duzu marikitok gure maskulinitatearen dolutan aritzen garela etengabe?” bota dio deblauki Landerrek.

      “E? Zer darabilzu buruan?”.

      “Ez, testua irakurtzean, ez dakit zergatik, bururatu zait, izan dudan rollo batengatik; istorio bat izan dut mundakar batekin eta... armairuan dagoenez... hetero izatetik, denok hetero garen neurrian, marika garen arte, gu ere zonbiak gara, gure ‘bizi baldintzak’ sortu arte” bota dio Landerrek.

      “Has zaitez hasieratik”, erantzun dio Josebak, “ez dizut oso ongi ulertzen”.

      Eta mundakarraren istorioa kontatzen hasi zaio.

      “Eta agertu nintzen Laidako hondartzara. Bikoteaz galdetu nion eta ez dit hau botatzen ba: ‘Reimskoa da’; ‘Eta zer daramazue, denbora asko?’, nik; ‘Ez, hiru hilabete; 12 egun egon gara elkarrekin’. Harriturik. Gero Antxorasera joatea proposatu zidan, Mundaka parean dagoen kala zoragarri batera. Bidean, furgonetan, bere ipar-forro beltzaren azpitik kamiseta zuri bat ageri zuela, ez zait hasten ba kontatzen zalantzak dituela Reimskoarekin, urruti dagoela, eta hemengo norbait beharko lukeela. Klaro, ni, ilusioak egin eta egin. ‘Baina zu maiteminduta zaude?’, nik. ‘Oso naturala da han dena, bere familiarekin harremana-eta’; ‘A!’, nik. ‘Ni, gainera, armairuan nago’, hark; ‘A!’, nerauk, atzera berriz”.

      Josebak hori dena nora doan pentsatu du bere baitan. Bera da gaizki dagoena, eta Landerren nobio beharra hutsaren hurrengo da gertatu zaionaren, zaienaren, zuzendu du, aldean.

      “Jaitsi ginen eta, niri zer bururatuko eta bainatzea. Han paratu nintzen galtzontzillotan, eta haitzetan nindoala, irrist; mina hartu nuen eskumuturrean, baina ez nuen garrasi marikita txikiena ere bota!”.

      “Horrela egin duzu!?” galdetu dio barrezka igeltsua seinalatzen diola.

      Biak hasi dira karkailaka, ezin eutsiz.

      “Zer pasatzen da?”. Axi agertu zaie ate-bokalean.

      Josebari harridura egin zaio, eta gero poza; sofan eserita utzi eta bere kabuz altxatzen den lehenengo aldia da. Lehenengo aldia. Braust batean jaso eta besarkatu egin du bien harridurarako.

      “Bere kabuz altxatzen den lehen aldia da” azaldu dio Landerri. Eta gero: “Zure kabuz altxatzen zaren lehen aldia da”.

      Axik ez du ezer ulertzen. Berria egiten zaio lan-gela hau, ordenadorea, liburuak...

      “Badakizu nola izorratu duen eskumuturra, Axi?! Tipo baten aurrean matxitoarena egiteagatik. Ia berrogeita hamar urterekin!”.

      Axik ere barre egin du, barre galdua, baina barre.

      “Beno, atera naiz uretatik, eskumuturrean min, baina ez gehiegi. Badakizue nolakoak diren zaintiratuak. Hasieran ezer ez, baina gero... Kontua da gertatu zela gertatu behar zuena, harik eta inguruetara begira hasi zen arte. ‘Zer pasatzen da?’, nik; ‘Reimserako istorio hori, ezin dut’, berak. Han geunden biok, galtzontzillotan, zakilak oraindik zut, itsasoaren aurrean, eta nik eskumuturra minetan hasia. Etxera etorri nintzenerako mezua nuen. ‘Zoragarria izan da zu ezagutzea’. Berriz gelditzeko eskatu nionean, zera erantzun zidan, nirekin larrua jo izanak erakutsi ziola Reimskoarekin nahi zuela. To”.

      Biak geratu zaizkio so, Axi ere bai, eta horrela begiraturik esan daiteke ez zaiola ezer gertatzen.

      Josebari istorioak grazia egin dio; grazia egiten dio Landerren nobio behar horrek eragindako minak, baina berea makurragoa da; hor dago istripu ondoko Axi, sillan eserita, ordenadore pantailari adi dagoelakoak eginez.

      “Orain txakurtasunetan nabil. Jarrai dezagun, bestela ez dugu bukatuko”.

      “Film hau Elisabeth Kόbler-Ross psikiatrak zehazturiko dolu aldien arabera antolaturik dago: ukazioa, haserrea, negoziazioa, depresioa eta onarpena.

      ”1. Ukazioa: gure biktimek errealitatea ukatzeko estrategiak kontatzen dizkigute, trauma ukatzeko egindako ahalegin guztiak: pentsamendu magikotik hasi eta ukazioa bera arte: hildakoaren arropa ez bota, hildakoarekin hitz egin, janaria gorde harendako eta abar.

      ”2. Haserrea: gure protagonistek azaltzen dute ailegatzen dela une bat non ukazioarekin ezin aurrera jarraituz haserretzen baitira. Hiltzaileekin, hildakoarekin, gizartearekin, norbere buruarekin. Haserreak bi iturri ditu, batetik heriotza ezin ekidin izanak halako porrot zentzua, eta bestetik, ahaide edo lagun bat galtzean gertatzen den erregresio esperientzia: gure protagonistetako batek dioen moduan ‘umea zara eta inguruan jendea dagoen toki batean zaudete ama eta biok; halako batean begiak jaso eta zure ama ez dago bertan; antsia nabari duzu, panikoa. Ama itzultzean maitasuna beharrean, haserrea baino ez duzu borborka’.

      ”3. Negoziazioa: dolu egileak onartzear du gertatu dena, eta orduan bere burua edo ingurukoak hobentzen hasten da: hura egin bagenu!?! Eta beste hura? Eta ez balitz autora hurbildu? Abisatu banio. Nolabait ere, bizitza, Jainkoa edo dena delakoarekin negoziatzen da hildakoaren joana.

      ”4. Depresioa: Freudek zioen depresioa eta malenkoniaren arteko desberdintasuna zera dela: malenkonian, munduak hutsa ematen du, depresioan, aldiz, norberak ematen du hutsik. Ziur aski fase honetan dolua depresio bilakatzen da: mundua hutsak norbere baitako hutsa islatzen du. Ezerk ez du zentzurik, dolu egileak ez du bizitzeko gogorik, ez du ezer egiteko gogorik. Baina nolabait dolua egiteko beharrezko fasea da, ziur aski hauxe da, hala ere, gehien irauten duena; dolu egileari luze —luzeegi— egiten zaio, nolerebait ezin baitu eguneroko bizitza egiteko indarrik bildu. Baina, aldi berean, tristura sakon horrek dolu egilea bere baitara bihurtzen du, eta horrela pixkanaka errealitatearekiko doitzea egin dezake”.

      “Oso ongi dago, Joseba” zoriondu du Landerrek, “oso ongi”.

      Joseba poztu egin da, azken boladan kontzentratzea kostatzen zaio. “Ni ere, uste dut, zu bezala, dolutan nagoela”.

      Galdera ikurra marraztu zaio Josebari aurpegian, Axiren aurpegiko galdera ikur iraunkorraren ispilu.

      “Bai, uste dut nobio bat aurkitzeko aukerari adios esaten ari naizela. Jode, ez dakizu, larrua jotzea oso erraza da, baina harantzaxeago joatea ezinezkoa. Zoroz beteta daude aplikazioak. Eta, gainera, aplikazioek armairura itzularazi gaituzte, jada ez da beharrezkoa ateratzea, gure garaietan bezala —aitona bat ematen dut—; Mundakako horrek hori esan zidan, zertarako armairutik atera?, 50 urterekin, klaro. Eta, azkenean, armairutik ateratako marika liberatu batek enbarazu egiten dio armairu bati, emakume liberatu batek gizon heterosexual bati enbarazu egiten dion modu berean”.

      “Utzi heterosexualak alde batera, horiek bai daudela eroturik. Gogoratu Etika Marikaren ezdakitzenbagarren puntua: marikitoi heteroen normek ez digute balio. Sortu beste batzuk eta ez utzi haien normen arabera epai zaitzaten” laburtu dio Txatoren ahotsa gogoan. “Azken finean, Lander, nobio beharra gizarte heteroak sortutako beharra da”.

      Etortzen ikusi du, eta Axi etortzen ikusten zuenekoa gogoratu dio; eta, gero, Lander ez da Axi, oldarra, eta, segur aski —psikologo profesioa gida—, haserrea eta frustrazioa fauntzen dakienez... zera erantzun du: “Beno, igual da, sortuko da norbait. Segi dezagun. Nola erredaktatu duzu Onarpena-rena?” bota du xalo-xalo, ia haserre arrasto barik.

      “Zalantzan egon naiz. Lehenago dolua zer den definitzerakoan Lewisen testu bat sartu nuen baina gero nahasgarria iruditu zitzaidanez, ezabatu egin nuen. Eta horregatik edo, Onarpena haren testu batekin bukatzea erabaki nuen. Testua jasoegi gelditzeko arriskua daukagu”.

      “Hobe” erantzun du Landerrek. “Irakurri, faborez!”.

      Eta Joseba, aspaldiko partez bere lanaz harro, irakurtzen hasi zaio: “5. Onarpena: C.S. Lewis: ‘Ezin dut ukatu zentzu batean hobe sentitzen naizela eta horrekin batera lotsaren antzeko zer edo zer dator, eta zorigaitza maitatu eta bultzatzeko eta luzatzeko beharra. Seguru nago H.ri ez litzaiokeela ongi irudituko. Ergel bat ez izateko esango lidake. Eta halaxe esango lidake Jainkoak. Zer dago horren atzean? Neurri batean, banitatea. Geure buruei frogatu nahi diegu maila handiko maitaleak garela, heroi tragikoak; ez dolu egileen armadako jende arrunta garela, saia eta saia, lan nekeza ahalik eta hobekien aurrera eramanez. Baina hori ez da azalpen guztia. Uste dut nahasmena ere badela. Benetan ez dugu atsekabea, lehendabiziko aienetan luzatu nahi: inork ezingo luke’. Azkenean onartu egiten da hildakoa hilik dagoela. Askotan halako lasaitasun bat sortzen da eta aldi berean halako errua, hildakoa joan dela onartzeagatik.

      ”Hori horrela film hau euskal gizarteari egindako proposamena da: dolua egin beharra dago, eta, aurretik, izan, baditugu aitzindariak, film honetako protagonistak: Felisa Dorado, Josu Erreparatz, Iρigo Etxeberria, Patricia Jurado, Maria Jesus Plateado”.

      “Ez dakit Lewisen horrek funtzionatzen duen; beharbada, orain arte erabili gabeko erreferentziak daude, Joy Greshman andreari egindakoa eta”.

      “Bai, arrazoi duzu” Josebak, arrazoia ematean nagiak hartzen duela. “Bukatuko dut. Aterako gara paseatzera, bermuta eta bazkaldu. Quertyn?”.

      Geldo jaitsi dituzte eskailerak, geldo abiatu dira Jarautan barna, geldo egin dute Santo Domingon gora, Udaletxeko plazaraino, eta, handik, Gaztelu enparantzara, Axi atzetik dutela. Geldo abiatu dira Nafarroa Behereko etorbidean barna. Geldo jiratu eta hartu dute San Nikolasen zehar taberna ireki berrien artean.

      Josebak arnasa hartu du, ardailatzen ari zaion aldartea areago uhertu ez dadin. Geldo. Eta putz egin ahotik. Guillermok aholkatu bezala, egiten ari denari erreparatu. Ezer ez gehiagori. Psikologo hori... probokatzen...

      “Oso ongi geldituko da testua. Aber Miren animatzen den esperientzia kontatzera”.

      “Miren Akerreta?”.

      Josebak atzera begiratu du. Hortxe dator horrenbeste maite izan duen gorputz hori, Axi.

      “Ez dut irudikatzen Miren bere aitarekiko esperientzia kontatzen. Gertatu zitzaiena-eta. Badakizu lesbianak nolakoak diren” bota du, azken esaldia burlati izan nahi baina indar edo konbentzimendu gutxiegiagatik airean ahuleria baten moduan gelditzen dela.

      “Hombre, aita horrela... Baina zer gertatu zitzaien ba?”.

      Josebak atzera so egin du. Istripua gertatu zenetik ibiltzera ateratzen diren aldiro Axi atzean gelditzen zaio, ez berak abiadura handiegia hartzen duelakoz —geldotasun masterra egiten ari dela pentsatu du noizbait— baizik eta Axi, atzean gelditzen delako, bien arteko denborak bat ez baletoz bezala, eta neurologo andreari galdetu ondoren sorbalden altxatze bat baino ez zuen jaso. Saiatu da haren martxari egokitzen, arnasa hartuz, hanken mugimenduetan kontzentratuz, urratsa Axiren urratsari lotzen, baina lortu ahala Axik atzean gelditzekoa egiten du, eta gelditu egiten da oraindik aztertu ez duen auskaloko zein mekanismorengatik, trikimailua ezin baita izan, trikimailuak asmo edo norabide edo helburu bat behar baitu, eta azkeneko hilabeteetan Axik ez du hitz horien arrastorik.

      “Ezin dizut esan. Axiri kontatu zion, baina ez aitatzeko agindu. Niri kontatzeko baimena baino ez zuen lortu... badakizu nolakoak diren lesbianak eta intimitatea”.

      Bigarrengoan, adarjotzea pentsatu eta ahoskatu duen segurtasun ezagatik kontrakoa lortu du Landerren gogoan, irribarrea barik halako zaputz antzeko bat.

      “Zenbat jolasten duzun topikoekin!”.

      Joseba haserreak hartu du lehendabizi. Dirudienez adiskidantzak —Axiren adiskideak hainbeste urteren ondoren bere adiskideak ere badira— fideltasunak banatzeko orduan jatorrira jotzen du, maitasunak bezala, bestalde, hasierako hura errepasatu eta, berriz ere, fundazioaren oinarriak berregitera. Axirengandik banandu izan balitz, galdetu dio bere buruari, Landerrek eta Begok bere adiskideak izaten jarraituko zuten? Eta, dena galdetzera, kasu egingo zuen Axik bera, berak kasu egiten duen moduan? Haserrea. Ezezkoa erabaki du. Eta haserreak areago hartu du. Atzerantz egin du, Axirengana bezala, baina helburua ez da Axi bere urratsei lotzea, baizik eta Landerrengandik aldentzea.

      Psikologoak agindutako ariketa egiten saiatu da, Axirekin urratsak bat egiten saiatu bitartean. Haserretik urrundu, gogotik aldendu eta bere burua behatu, so egin, aztertu emozio hori bizitzen. “Budistakeriak” bota zion psikologoak, “baina funtzionatzen dute”.

      Haserrea aienatu egin zaio. Urratsa urratsari loturik egin dute Udaletxeko plazan barna Landerren bizkarrari begira. Hau da bere bizitza. Urrats hauek, Axiren ondoan.

      “Ni hetero puta horien kontra egon naiz urteetan. Begira zer gizarte sortu diguten! Baina orain marikiten kontra nago, ergel bilakatu gaituzte! Arropan eta aplikazioetan baino ez dugu pentsatzen!” ahoskatu du Landerrek Joseba bere baitatik ateraraziz.

      “Abandonatu egin nauzue!” bota dio erantzun moduan. “Begoρak behintzat bai. Behin etorri da azkeneko zazpi hilabeteetan”.

      Esaldia haien erdian erortzearekin bat damutu da Joseba akusazioaren biribiltasunaz.

      “Lana, badakizu. Asko deitzen dizu, gainera” desenkusatu da Lander. “Dizugu” gehitu du.

      Biribiltasuna ez doa bizitzarekin; bizitzak ertzak, fitxak, firfilak ditu... Axi bezala... ze... hitzaren bila aritu da gogoan nahiz eta ederki jakin hitza horixe dela, gogoaren aurreko geletan duen horixe... gogoan ezartzen ausartzen ez den horixe... sikiera horixe gertatu balitz... bera ez litzateke orain dagoen ataka honetan egongo... loturik... preso. Izuikarak hartu du lehendabiziko aldiz gogoeta hura egin izanagatik. Axirengandik apartatu eta Landerren figura bilatu du aurrean, jangelako mahaien eta horma zurien artean, hondorantz. Maite dituela aitorrarazi dio bere buruari.

      “Zu hor, Axi”, seinalatu dio hormaren kontrako aulkia.

      Axi durduzaturik gelditu da sillari begira, agindua entenditu ez balu bezala.

      “Ez dut nahi!” garrasi egin du jangela guztian aditzeko moduan.

      Joseba eta Landerren gogoek nora ezean egin dute haizeak altxaturiko paperen moduan. Eta gero Josebak —irribarrea ezpainetan— hormaren kontrako sillarantz jo du.

      “Lehendabiziko aldia da!”.

      Axi eta Lander eseri egin dira.

      “Zeren lehendabiziko aldia da?” galdetu dute biek batera.

      “Bihotzekoak jo zizunetik lehendabiziko aldia da kontra egiten didazuna” zizakatu die, “nonbait gaur lehendabiziko aldien eguna da”.

      Ez entenditu bisaia dute.

      “Bihotzekoa gertatu zitzaizunetik gaur da lehendabiziko aldia kontra egiten didazuna”.

      “Bihotzekoa!? Nori?” garrasi egin du Axik.

      “Zuri, Axi. Bihotzekoak jo zizun eta oroimena galdu duzu”.

      “Nik!? Hori ez da egia”.

      “Bai, oroimena galdu zenuen. Koman egon zinen hamabost egun duela zortzi hilabete”.

      Baina neurologoaren esanetatik badaki Axik gertaturikoa ez badu onartzen, hobe dela bere horretan uztea, hura haserretu gabe, lar ekiteak kontrako eragina lortuko balu bezala.

      “Ni?!”.

      “Berriz!” pentsatu du Josebak.

      Arnasa hartu du, psikologoak esan bezala. Utzi egin dio. Gaur lehendabiziko aldien eguna da. Seguru pixkanaka berera itzuliko dela Axi.

      “Bego” esan du, badaki ez duela sartzen ari den lohietan sartu behar baina aurrera egin du, “uste dut ez dela egon behar duen tokian egon. Hasieran, Axi erietxean egon zenean-eta hurbil nabaritu nuen, baina gero... desagertu bezala egin da. Egia da deitzen didala, Kultura Sustatzeko Zuzendaritza aitzakia egiten dituen lan bidaia horietatik —Renotik deitu zidan aurrekoan euskara, gaztelera eta ingelesa nahasten dituen hizkera horretan...— baina...” zalantza egin du esatera doana esatea komeni ote den “baina benetako adiskidantzagatik baino gehiago da espedientea betetzeagatik”.

      Azkeneko hitzetan duen haserre guztia paratzen duela ohartu dela Lander ohartu da bera.

      “Zuk...”.

      Joseba atezuan jarri da Lander esatera doanarekiko, bai baitaki luma alde batera utzi eta tonu profesional hori hartzen duenean, gustuko izango ez duen zerbait esango diola, nolabait adiskide bati egia bat esateko arriskua —adiskidantza akaba daiteke— aholku profesionalez mozorroturik, deuseztatuz.

      “Zu... dolutan zaude! Ez dakit ohartu zaren”.

      “Bai, bai esan didazu behin baino gehiagotan. Baina zure guruak, nire psikologoak ez du gehiegi sinesten dolutan; eta, bestalde, Axi hemen dago”.

      “Seguru asko zurea makurragoa da: dolu erdia egiten ari zarelako” igo du ahotsaren tonua Landerrek.

      “Dolu erdia?”.

      “Bai, Axiren oroimenaren dolua egiten ari zara, Axi, gainontzeko Axi, hor dagoen bitartean”.“Eta bizimodu batena” gehitu du gero Landerrek.

      “Ez naiz enteratzen. Zergatik ari zarete nitaz hizketan nik jakin gabe?”.

      Kamareroa etorri da erabaki duten galdetzera. Eta ez dute erabakia.

      “Barregarria izan da mundakarraren istorioa” ihes egin dio Josebak darabilten elkarrizketari.

      Aurpegira so egin dio.

      “Nekatuta nago, Joseba. Mundu hau zoroz beterik dago. Eta denok nahi dugu larrua jotzea baino zerbait gehiago baina... ez gara ausartzen esaten. Kaka zaharra! Gure garaietatik maitasunari, konpromisoari, bikote harremanei buruz dugun ikusteko moldea aldatzen ari da. Erruz. Bueno bikotea ikusteko moldea eta jendea, ze orain aplikazioetatik arazorik gabe defendatzen dira komentario arrazistak, lumaren kontrakoak, zaharfoboak. Gainera orain armairutik atera beharrik ez dagoenez, haragia etxera etortzen zaizu zure armairutasuna arriskuan paratu gabe; marika liberatuok emakume feministen estatusa hartzen ari gara, gizonak izutzen ditugu”.

      Nekatua ematen duela ohartzeak atzenarazi egin du Joseba, berearekin nahikoa eta gehiegi du. Nahikoa eta gehiegi. Abandonatu egin dute. Axiri so egin dio. Ematen du arretaz jarraitzen ari dela Lander eta bere arteko elkarrizketa.

      “Zuk gutxienez bera daukazu! Zer moduz zabiltza?”.

      Errabia oldeak hartu du baina Guillermo etorri zaio gogora. Arnas egin; arnas egin; arnas egin; hemen egon; zure baitakotik urrundu. Ez dio ezer kontatuko, Landerri kontatzeak arraso biluzik sentiaraziko baitu.

      “Gaitz erdi! Eta lehen aipatu duzun txakurrarena egiten ari zinen kontu hori?” egin du ihes.

      “Bueno”, erantzun du Landerrek eskuineko esku igeltsaturiko hatzak laztantzen dituen bitartean, “ez dakit, Durangoko bikote bat da; eta jolasa da”.

      “Jolasa da?” egin du bere artean Landerrek Axik bere zalantzaz usteko zuenaz dilindan. “Axirena ere jolasa ote zen?”.

      Gogoeta uxatzeko ardo koparen bila ezkerreko besoa luzatzean, bota egin du. Ardo azpil odolkara hedatu da mantel zuriaren gainean, gero eta barreiatuago.