Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

9

 

“Utzi niri” esan zion Axik Josebari, pintatzeko brotxa, arrabola eta abarrak goiko pisuaren tranpalean uzten zituen bitartean.

      Txirrinaren soinu metalikoaren ondoren urratsak entzun zituzten. Josebak ipurdia ukitu zion Axiri, hark zartako batekin eskua aldenarazi zion. Bi izatearen sekretua, pentsatu zuen Axik, eta pentsatu ahala Josebari esaldia gustatu egingo zitzaiola deliberatu zuen, nahiz eta orduantxe ezin esan, urrats batzuk aditu zituztelako atearen beste aldean. Josebak Axi oharkabean tentetzen nabaritu zuen eta tentetu egin zen bera ere.

      Berrogei urte inguruko andere zahar bat zuten aurrean. Ilea atzera, begi mesfidatiekin haiengana so.

      “Pisua ikustera gatoz” bota zuten batera.

      Joseba poztu egin zen augurio ona iruditu zitzaiolakoz.

      Andreak aldendu eta sartzen utzi zituen. Pisu zaharra zen; aspaldiko altzariz betea; pintura kolore higatuek ezin argi eginik, iluna suertatu zitzaien; zoko usaina zerion, itxituran bizi izandako norbaiten aztarna nabaritzea iruditu zitzaion Josebari; sukaldea zen dezenteena, veluxeko argia norbaitek trebeki egindako armairuen gainean erortzen zela.

      “25.000 pezetatan orduan” egin zion erronka Axik, bi gelak ikusi ondoren korridorean barna egongelara hurbiltzen ari zela.

      Andreak, horrelakoetan zaildua, ezezkoa egin zion Axiri, Josebari batere erreparatu gabe, ohartu baitzen lehenengoa zela burua.

      “30.000 adostu genuen telefonoz” bota zion lehor.

      “Bai, baina pisua ikusi ondoren ezin da 30.000 pezeta eskatu”.

      Andrea Axiren egonarriarekin harritzen zen bitartean, Josebak Axiri erreparatu zion, ez zekien berariaz ala egiatan leihotik so zegoela, zerura begira edo ageri ziren teilatuen ikusmiran edo eguzkiak teiletan errainua nola egiten zuen ederretsiz; ez zekien baina ohartu zen andrearen deliberoaren sendotasunari arrakalak ageri zitzaizkiola.

      “30.000 da prezioa”.

      Josebak Axik burua leihotik nola aldentzen zuen ikusi zuen eta begiak ñarrotuz zera esaten entzun zion: “Gehiegi da, badakizu”.

      Andreak baiezko arin bat egin zuen. Ez zuten kopurua berriz ere ahoskatu behar izan 25.000 zela jakiteko.

      “Bihar ekarriko dizkizugu” bota zion Josebak Axiren begirada bilatu eta ezin aurkituari luzetsita zaputza egiten zitzaiola; Axik biei erreparatu gabean leihotik so jarraitzen zuen.

      Andrea ate bokalera gerturatu zen haien atezuan paratuz.

      “Geldi gaitezke?” ausartu zen Joseba.

      Bigarren aldiz bilatu zituen Josebak Axiren begiak, etxe jabeari egindako galderarekin lagunduko ziolakoan aurretik adostuta bezala goiko tranpaletik pintatzeko gauzak jaitsi eta berehala hasteko, baina Axi ez zegoen han, edo han ez egotearenak egiten ari zen, leihotik hodeien joan-etorri mantsoari mira aritzea andrearen borondatea pitzatzeko estrategia. Eguzki egiten zuen.

      Joseba zapuztu egin zen bigarren aldiz eta esandakoa uxatu nahi izan zuen esku keinu faun batekin. Andreak, bere nahiak berehala ulerturik, kanpoko atea zabaldu zuen eskailera buru ilun eta estua bistan utziz. Josebak esanen zuen gorputza makurtu eta guzti egin zuela zertxobait, haien irteerari halako ohore baldar bat egiteko.

      Axiren ondotik pasatu zen haserrea hobe nabari zezan.

      “Gelditu egingo gara” bota zuen deblauki Axik leihotik aldenduz. “Bai, gelditu egingo gara. Horrela zer behar dugun ikusiko dugu, eta zer bota dezakegun. Nahi duguna bota dezakegula esan duzu, ez?”.

      Joseba ate bokaletik apartatu eta hormaren kontra bermatu zen, ikuskizunaz miratzera bailihoan. Ikuskizuna, Axi norbaitekin eztabaidatzen, elkarrekin zeramatzaten sei hilabete ingurutan bakanagatik zein sutze gehiegizkoagatik ikuskizunago.

      “Baina...” hasi zen andrea, “baina nik ezin dut zuekin egon, joan beharra daukat”.

      Axik, gerturatu, eta eskua eskaini zion.

      Andreak zalantzak utzi eta amore eman zuen giltzak laxatuz. Soinu lehor bat egin zuten Axiren eskuetan erortzean. Andreak atea zabaldu eta kasu handiz itxi zuen. Axik erabat bere baitaratua zirudien Josebaren garaitza irribarre zabalari itsu, andrea aienaturiko ateari begira.

      “Nola lortu duzu?”.

      Orduan itzuli zen Axi, aurpegia keinurik gabe, huts, beste nonbait balego bezala. Josebak pentsatu zuen Axirendako sedukzioa ez zela jolas ironikoa, baizik eta egiaz izate osoa beharrera paratzen zuen jokoa non emaitzak berebiziko garrantzia baitzuen.

      “Erraza izan da”.

      “Beti lortzen duzu nahi duzuna jendearengandik. Beharbada duzun ahots horregatik da. Ni ere horrela engainatu ninduzun”.

      Orduan bai, orduan Axik irribarre zabala eskaini zion Josebari, eskua harturik bere hankartera eraman bitartean.

      “Honekin engainatu zintudan, txotxolo”.

      Josebak ihes egin zion komentarioari.

      “Esan nizun urdinez horiz baino hobe izango zela” esan zuen Axik algaraka ate bokalera lasterka abiatzen zela. Josebak barrezka jarraitu zion eta biak goiko tranpalera igo ziren zalapartaka. Plastikoak hedatu zituzten lurrean eta pintura potoak gainean jarri, eta brotxa eta arrabola. Boteak ireki ahala Josebak pentsatu zuen berak nahiago zuela egongelarako horia eta logelarako zuria, baina Axik irabazi egin zion, orduan ere, egongela urdinez pintatzeko konbentzitu baitzuen. Bueno, berdin da.

      “Korridore bukaerakoa gure logela” bota zuen Josebak ahotsari sendotasuna erantsi nahian.

      “Ongi” adostu zuen Axik sorbaldak jasoz berdin zitzaiola adieraziz.

      Joseba harritu egin zuen Axiren baiezkoak, Axi baiezkoak Joseba harritzen zuela ohartzen zen bitartean.

      Axik berehala erantzi zuen arropa eta galtzontzillotan gelditu zen. Pintura urdina nahasten hasi zen. Zeharka Josebari so egin zionean, oraindik hormaren kontra bermaturik berari begira, harrotu egin zen, umeak nola, bai baitzekien une hartantxe haren miraren zio eta jopuntu zela, aldi berean; eta joan-etorriko bidaia horretan Joseba ere katramilaturik zegoela beraren moduan, objektua eta subjektua nor zen ez bereizteraino.

      “Benga, jarri zu ere galtzontzillotan, horrela ez dugu arroparik zikinduko!”.

      Josebak galtzak kendu zituen, elastikoa, kamiseta, eta barruko kamiseta tirantedunetan gelditu zen.

      “Kendu kamiseta ere, gizona!” barre egin zion Axik.

      Josebari berriz ere poza eta beldurra egin zitzaion Axik ahuldadeak nabaritu zizkiolakoz dagoeneko.

      Kamiseta erantzi zuen lotsaz edo.

      Axik eguzki errainua iragan eta hurbildu egin zitzaion; eztarriraino sartu zion mingaina. Gero arrabola pintura urdin argian sartu eta tanta zeriola lehendabiziko zastakoa egin zuen horman, pintura larukara higatuan nabarmentzen zela.

      “Et, et” bota zion Josebak “lehendabiziko karrozero zintarekin estali beharko ditugu errodapiesak eta ate markoak, ez? Ohartu naiz” gehitu zuen Axiren ahuldadea identifikatzeaz harro “zu beti zoaz herioak harturik zure burutazioen atzetik!”.

      “Bai” onartu zion Axik peto-petoan Josebak ahuldadetarako harturikoa dohainetarako joz. “Zu zinen nire nahia eta hemen gaude!”.

      Josebak kamiseta erantzi zuen. Han agertu zitzaizkion Axiri gorputz luzexka, ilajea petxu goian, titiburu arreak, hankartea, erdi handiturik, hanka sendoak.

      “Earra zaude-eta!”.

      Karrozero zintak paratzen hasi zen Joseba errodapiesetan Axik atzetik egunkari orriak itsasten zizkien bitartean.

      “Uste duzu susmatu duela?” galdetu zuen Josebak.

      “Zer susmatu?”, Axik.

      “Badakizu, bikotea garela?”.

      “A, baina bikotea gara orduan?”.

      “Ez izan txorralaire. Uste duzu susmatu duela?”.

      “Eta zer inporta zaizu? Ez gaitu horregatik botako, pagatzen diogun bitartean. Proba dezagun bikotea ote garen”.

      Axik eskua uzkira bota zion Josebari. Gero mingaina sartu zion bertan.

      “Eta badakit pentsatu duzula sofa izkina horretan paratzea” murduskatu zuen ipurmasailen artetik.

      “Nola dakizu?” galdetu zion Josebak barrezka, kilikak eta plazerak egongela higatua eguzkiaren errainua balitz bezala argitzen zuela.

      “Eta hor mahai bat, eta harantzago lanpara eta...”.

      Axik susmatzen zuen Josebari estonagarria eta amorragarria egiten zitzaiola berak hark pentsatzen zuena asmatzea, baina hori zen maitasuna, ez?, bestea ikustea.

      “Nola jakiten duzu zer ari naizen pentsatzen?” galdetu zion Josebak galtzontzilloa igo, bizkarra hormaren kontra bermatu eta burua laztantzen ziola Axiri.

      Josebari beldurgarria eta aldi berean kitzikagarria egiten baitzitzaion Axiren bereak igartzeko abilidadea; beldurgarria larru hutsik babesgabe uzten zuelakoz; kitzikagarria abilidadeak, Joseba zuelako desioaren objektu. Gehiegizko lilura, aitortu zuen bere artean, Txatoren gogoeta buruan: “Nobioak desagertu egiten dira, ahizpek iraun”.

      “Nola intuizio femeninoa!?” barre egin zion Axik.

      “Nik zu zertan aritzen zaren ez dut jakiten?” erantzun zion Josebak tonu serioagoan.

      “Nik ez daukat ezer barnean!” barre egin zuen atzera berriz Axik.

      Josebak musu eman zion. Axik musua itzuli zion. Igual izan zitzaizkien karrozero zinta, arrabolak, pintura urdina...

      “Ni joan eginen naiz”.

      Axiren ondoan etzanda zegoen Joseba, beso gainean bermaturik. Josebak Axiren profila zuen aurrean: sudur handia, begi marroiak, kaskamotza, kokots aterea. Zeharka so egin zuen hitzek eraginik ote zuten atezuan. Axik pentsatu zuen ez zuela gogorik homosexualitatea deritzon horri buruz aritzeko. ehgam? Nork nahi zuen jakin zergatik zen... hitzaren bila aritu zen, batetik bestera. Nork zekien zergatik gustatzen zitzaizkion gizonak? Bat zen eta kito. Eta gainera bera ez da, bera ez zen ezer.

      “Eta zu etortzea nahi dut”.

      “Ni ez noa inora”, Axi besoaren gainean bermatu zen, ordura arteko jarrera lasaia utzi eta erabat aztoraturik.

      “Lasai”.

      “Ze lasai eta zer ostia. Ni ez noa!”.

      Axik, barrunbeak bolbolka, jauzi egin zuen ohantzetik, eta galtzontzilloak janzten hasi zen beso bat horman bermaturik. Bi hankak zango zuloetatik sartu zituenean brausteko batez sartu zuen buztana. Gero potroak egokitu zituen hankak pixka bat zabalduz.

      “Baina zergatik jartzen zara horrela? Ezin duzu ezetz beste modu batez esan! Esan ez duzula joan nahi eta kito, haserretu gabe”.

      “Kaka puta” danbateko batez itxi zuen Axik pisu zaharreko komuneko atea.

      Zergatik joan behar zuen berak marikoien bilera batera? Zergatik? Politika? Ez zen nahiko zeukatenarekin? Joseba beti ari zen politika eta sexualitatea eta txorrada horiekin. Ez zen nahiko haien artean ongi egotearekin.

      Nahiko ez.

      Joseba agertu zitzaion komunean eta besarkatu egin zuen.

      “Ez haserretu. Benga, gaur bakarrik... ez bazaizu gustatzen ez itzuli. Txato eta egonen dira. Eta Juanillo eta Oskar. Aber zein fasetan dabiltzan. Adiskidetze ala etsaitze fasean. Txatok arrazoi du, Etika Marika bat idazten hasi beharko genuke”.

      “Etika Marika. Falta zitzaiguna!”.

      Txato... marikoi hori.