Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

5

 

Iruñeko Curia eta Nabarreria kaleen gurutzean zegoen eraikinera sartzean, bazekien argia aldatu egingo zela, eraikinaren barnean kristalezko kupula karratu batez estalitako patio ikaragarria baitzegoen, eta ilunkerek itzalak eragiten zituzten, argi-ilunetan nabigatzeko. Institutu bat izan zen, eta baita merkataritzarako erabilitako zerbait ere. Bertan konbokatu zituzten oposizioak aprobaturikoak lantokia erakutsi eta biharamunetik aurrera lan egiten hasteko.

      Patioan eserita ikusi zuen Begoña, Axiren ohia. Egunaren ilunagatik ere, goitik argiturik, transparentea zirudien, bizitzaren korapiloa bere baitara bildurik gardentasuna hedaraziko balu bezala. Adinari ez zegokion trajea zeraman: gona grisa, jaka grisa, alkandora zuria, zapata takoidunak; ezer ikustekorik ez Sarion oposizioak gainditu zituzten egun hartan elkar ezagutu zuten neska bakerodun eta larruzko jakadun harekin. Iruditu zitzaion Begoña gelditzeko etorria zela bere bizitzara, Axirekin batera. Axi gogora ekartze hutsak kulunka moduko bat eragin zion, baina ezezagunarena egin behar zion oraindik, Begoñak jakin ez zezan aitzakiarekin, nahiz eta Joseba ez ausartu pentsatzera batzuetan gogoan zerabilkiona, alegia, Axiren armairutasuna zela arrazoia.

      “Kaixo” altxatu zen Begoña, “oraindik ez da inor etorri”.

      Ahotsak hegan egin zuen patio erraldoian gora, hormetan errebotatu eta aireari halako pisutasun bat erantsiz. Begoñak bazuen pisutasun bat, beharbada norberaren helburuak argiegi izateak jardunari eta besteekiko harremanari ezarritako estutasun oharkabe bat, askotan zuzena, gehienetan zurruna.

      “Gu txintxoenak” gehitu zuen.

      Baiezkoa baino ez zion egin, eta ondoan eseri zitzaion, autobusean toki bakarra izan eta han eseri beharrak eragin melekakeria mesfidatiarekin. Axiren irudia agertu zitzaion, eta zuela bi hilabeteko enkontru haren ondoren, Begoña eta harekin Sarioko eraikinean oposizioak gainditu zituela jakin zuen egun hura, etxerik ezean —Txato entzun zuen: “Armairua, armairua, alokairua pagatu eta gizonak etxera eraman ezinda”— murailetan bota zituzten larrualdi azkarrak, haren zakilaren xuabea. Txato, berriz ere, gogoan: “Lau larrualdi ziztrinekin maitemindu zara!”; aurretik zuen sufrimendua, eta dena galtzeko beldurra.

      Gorputza pixka bat mugituz, Begoñarengana hurbildu zen, elkarren ondoan bidaiatu beharko zutela jakinda. Axiren ordezko egin zuen, eta Axi izan nahiko luke bertan, eta ez Begoña, eta orduan ordezko objektuari hartutako herra jabetu zitzaion.

      Gizon luze bat sartu zen patioan barna, begirada galduta. Pello Muñoz Eugi. Ezagutu zuen, poema liburu bat argitaratzera zihoala esan zioten. Hurbildu egin zitzaien gorputzaren atalak bakoitza bere erritmora dantzan, baldar hitzaren definizioaren beste adierak nasaiki berrasmatuz. Aurrean gelditu zitzaien, oreka ezegonkorrean.

      “Kaixo, itzultzailearen lanpostuetarako...”.

      Airean utzi zuen, hizketan ari zela erreparatzeak aurrera egitea galarazi izan balio bezala.

      “Bai” zehaztu zuen Begoñak, “itzultzaile funtzionarioak. Begoña Agirregomezkorta... Bego”.

      Eta eskua eskaini zion, ezohiko keinua adin horretako emakume batengan.

      “Urte askotarako” esanez hartu zion eskua Muñoz Eugik.

      Ahotsak kioak egiten zizkion.

      “Hau, Joseba Aldaz”.

      “Bai, ikustez ezagutzen dugu elkar”.

      “Berandu dabil hemen jendea” ebatzi zuen Begoñak.

      Eta orduan, haren hitzek mundua sortu izan balute bezala, ate danbateko baten ondoren, talde bat sartu zen, trajez jantzitako gizon bat eta oposizioa gainditu zuen bestea.

      “Cruz Mari Alonso, Hizkuntza Politika arduraduna”.

      Berehala osatu zuten zirkulu euskalduna, Josebak aek-ko irakasleekin osatzen zituen horietakoa.

      “Gola sartu diogu nafar eskuinari. Funtzionarioen artean gehien kobratuko duzuenak izango zarete. Zuen zeregina Nafarroako Aldizkari Ofiziala itzultzea izango da; baina hori badakizue, ez?”.

      Denek egin zuten baiezkoa. Cruz Mari Alonsori Nafarroako abertzaleei zerien erresuma galdu baten oinordeko zuzen eta berezko izatearen handikeria galea zerion, nafar eskuin espainolak ezarritako guda zelaian —diruaren eremua, negozioak, lanbide profesionalak, inteligentzia— peleatzen trebaturikoa. Horrelako familia euskaldun abertzale batetik zetorren Joseba; gainbehera etorria, aita goiz hil zelako —aitak bere homosexualitatea ez lukeela ongi hartuko otu zitzaion behin baino gehiagotan—, baina hala ere nahikoa Ensantxean hazi eta arazo gehiegirik gabe ikasi ahal izateko. Euskal Filologia Gasteizen, amari oso ongi iruditu ez zitzaion karrera. Horregatik oposizioak gainditu eta funtzionarioa izango zela aitatu zionean atzo, poztu egin zen ama; eta kandela piztu zion Xabierko Frantziskori, saindu abertzalea abertzalerik bada.

      “Bueno, zuen bulegoak erakutsiko dizkizuet” bota zuen Cruz Mari Alonsok.

      Tonuagatik, areago zirudien leku interesgarri batera egindako txangoa ezen ez lantokia erakusteko saioa.

      Gora igo ziren. Gela itzela. Hainbat mahai zeuden pilatuta alde batean, eta gainontzekoa hutsik zegoen.

      “Gaur duzue hasteko eguna, baina euskararen kontuekin beti doaz gauzak berandu. Biharko egongo dela agindu didate. Zuek bihar etorri, eta gauzak ez badaude ongi jarrita jai daukazue. Baina agintzen dizuet datorren asterako egina egongo dela. Ordenagailu bat ere jarriko dugu” bota zuen ordenagailu hitza arkano baten moduan ahoskatuz. “Lanean hasteko prest?”.

      Halako harridura sor bat ezarri zen funtzionario gaien artean. Elkarri so egin zioten, ezin sinetsirik.

      Cruz Mari Alonsok harriduraz berazturik zera gehitu zuen: “Lasai, neska-mutilak, aurkituko dugu modua Aldizkari Ofiziala argitaratu ahal izateko, hilabete honetakoa ezin bada hurrengokoa izango da. Eta orain goazen zer edo zer hartzera” erlojuari begiratu zion, “nahiz eta goizegi izan, eta gero etxera alde egin dezakezue”.

      Kalera irten zirenean bederatzi eta erdiak baino ez ziren, eta haien lehen lan eguna izan beharko luke; baina hantxe zeuden, euskal borobil horietako bat eginik, elkarri begira, Cruz Mari artzain gidaria noiz agertuko zain, atezainarekin berriketan gelditu baitzen. Den-denek igo zituzten zamarren lepokoak gora, batzuk-batzuk, Joseba tarteko, zoruari kolpeka hasi ziren oinak berotzeko, lurruna zerien. Negu gogorra zihoan, elurra gogotik, euria erruz. Joseba, ez zekien zergatik, Begoña bizkaitarraren parera mugitu zen, denak urduritu zituen keinu batez. Inork ez zuen ezer esaten. Josebak txiki-txikitatik ezagututako Katedralaren aurrealde itsusiari so egin zion, dorre neoklasiko topor eta zabal hariek, batere ez gora, triangelua atearen gainean, lau zutabe borobil korintiar itsusi haiek; narraskeria bat, barnea hain ederra izanda. Joseba ohartu zen Begoñak jakinminez so egiten ziola aurrealdeari, itaunka legez. Seinalatzeko keinu ilaun bat egin zionean, nabarmenegi gelditu zelako ustez atzera eginarazi zion bere buruari Josebak, eta ez zerurako ez lurrerako gelditu zen, hasi bai, baina edozein oztopo zela-eta erdibidean eragotzitako egitate bat bezala. Eta lotsak hartzean txikitara itzultzearen antzera izan zen, oroitzapen... hitzaren bila jardun zuen, oroitzapen pitzatu haiek guztiak, eufemismorik leunena erabilita, eskolako burlak —marika, marika— izendatzeko. Itzultzen zen aldiro, zela estimulu ñimiño batengatik, zela norbait horretara paraturik haurtzaroa aipatzen zuelako, lotsa hesitu behar izaten zuen, jada mutiko hura ez zela gogoratu, bere baitan arakatu eta orduan zena erabaki —“oraindik marika erdi”, aurpegiratuko lioke Txatok— eta itoaldi arinari hauspoa eman lasaitzeko.

      Ilbeltzeko egun iluna argitzen hasi zuenean hasi ziren Cruz Mari artzaina gidari Nabarreriako plazan behera.

      Josebari iruditu zitzaion Korrok aldizkarirako itzularazi zioten Audenen poema batean bezala zela, kongregazio bat osatzen zutela, karrika zoru lauzatuan behera egiten zutela, hotzak eragindako lurrin arrastoek gora egiten zuten bitartean.

      Iruñazarra tabernara bideratu zituen Cruz Marik, Alfredo Jaime alkateak kaleak garbitu beharrez martxan jarritako kamioi ilunek botatzen zuten ur artetik. Edozeinek usteko luke egiten zuen hotzarekin beharbada ura bota ahala izoztu egingo zela, baina urak hormetan jo eta behera egiten zuen, horma goraxeago zipriztinez pikoztaturik utziz.

      Berriz ere nabaritu zuen Begoñarengana hurbiltzeko beharra eta hurbildu egin zitzaion. Cruz Mari eta Muñoz Eugiren ondoan zihoan, zerbait esaten. Burua altxatu zuen Begoñak eta halako batean, txita bere hegalpean onartuko lukeen oiloa balitz bezala, baiezko nabariezin bat egin ziola iruditu zitzaion Josebari.

      “Poema liburu bat argitaratu duzu, ez?”.

      Muñoz Eugiri, aurpegia zimurtu ahala, begiak loratu zitzaizkion, aipamenarekin kontraesanean, modestiak nia bitan losintzen duela frogagarri: baga, aipamen berarekin; biga modestiak eragindako norbere buruaren zintzotasun ustearekin. Joseba durduzaturik utzi zuen jarrerak, beharbada, artean ere, 27 urte betetzear zituela, ez zekielako nor zen, nia oraindik ere hilbanaturik zuelako, eta, hortaz, norbere buruaren usteko izateko eta modestiaren amarruetan erortzeko aukerak zailagoak zirelako.

      “Bai” bota zuen Cruz Marik, Muñoz Eugiren modestiaren morroi bihurturik.

      Ordezkaritzazko bai bat.

      “Badakizu, artistakeriak!” laburbildu nahi izan zuen Muñoz Eugik.

      Begoña artisten zuriketan hasi zen, artea gizartearen oinarrietako behinena izan zitekeela gora eta behera, Oteizaren eta haren eztabaiden garrantzia azpimarratzen, larruzko poltsari heldurik bertan egunkaria zuela adieraziz.

      “Azkenean Oteizak bere lanak hemen uzten baditu, izugarria izango da Nafarroarentzat”.

      “Bai, halaxe izango da” ebatzi zuen Cruz Marik, Begoñari arreta erabatekoa eskaintzen ziola.

      “Bai” erantsi zuen Josebak, bien arreta erakarriz.

      Esan ahala damutu zitzaion. Batzuetan ordea zerbait esan beharra izaten zuen, ez bere buruaz kanpotikoari —errealitate objektibo delakoari— erantzunez, baizik eta barneko bideen sigi-sagaren batean agertutako objektu, edo aldapa, edo ezponda batean ikusitakoari erantzunez. “Klaro, oraindik ere ez duzu zure buru marikita onartu” esango zion Txatok, ileapaintzaile bati berez eta printzipioz ez zegokiokeen sakontasunez eta zorroztasunez.

      Saldotik apartatu zituen begiak Nabarreriako plaza mugatzen zuten atarietara eramanez. Tabernak artean itxirik. Mejilloneraren atarian edari kamioi batek eskuinetara mugiarazi zituen, arestiko bere “baia” hutsal bihurtuz. Kamioiak egitera behartu zituen mugimenduaren ondoren banandu egin ziren hirurak. Cruz Mariren ondoan suertatu zen Joseba. Gizon lodikotea zen hura, jantzia, entzuna zuen nonbait sandinisten gobernuaren goi laguntzailea izan zela, lan handiak egin zituela Nikaraguan. Guru itxura zuen, besoak zabalik azpiko oro bere baitan hartzen duen Buda, hanka zapalen eraginez kili-kolo.

      “Ai Aldaz, Aldaz” bota zion besoa lepotik Josebaren altura guztiak bere besapera erakartzeko gero. “Betiko Aldaztarrak! Zer moduz dabil ama?”.

      Joseba zerbait ahoskatzen hasi zen: ongi edo ongi esan beharko edo zena zelakoa.

      Baina Cruz Marik aurrera egin zuen galderaren erantzuna esperatu gabean. “Uste nuen ez zinela sartuko” bota zion ahots bolumena tonu konplizeraino jaitsiz. “Bigarren azterketan justu-justu ibili zinen-eta! Aldiz, gure neska bizkaitar hau” altxatu zuen ahotsa.

      Josebari atzera egin zion konplizitate tonuak, ez tonuagatik beragatik, baizik eta konplizitateak bere balizko porrota zuelako zio. Eta errudun sentitu zen. Errudun bigarren azterketan —distira egin nahian sasia baino nahasiago gelditu zitzaion testu zaila— justu ibili zela aurpegiratu zionean aita etorri zitzaiolako gogora.

      Tabernara ailegatu zirenean, urduritasuna ezkutatu nahian, egunkariak harrapatzera jauzi egin zuen, nabarmen gelditu zen keinu batez. Egin-a bazterturik Navarra Hoy aurkitu zuen esku artean.

      Pixka bat apartatu zen taldetik, bereziki ondoan suertatu zitzaion Muñoz Eugik zer leitzen ari zen ikus ez zezan; eta bukaera aldetik ireki zuen egunkaria. Orri pare bat atzera-aurrera egin ondoren, hantxe agertu zitzaion Benettonen kanpaina berria. United Colors of Benetton. Argazkiaren konposizioa erabat desberdina izanik ere, koloreengatik beharbada, El Grecoren Orgazko kondearen hileta gogoratu zion. Baina argazkian ihes puntua ezkerretara eramana zegoen, hiesak jota hiltzen ari zen eriaren bururantz. Aurpegia azal hutsa zen, zuloetan begiek harriturik ziruditen eta, aldi berean, sufrimendu itzel sinestezin bat nabari zitzaien. Sudur zuloak agerian, ahoa irekita, beso mehean erloju antzeko bat ageri zen. Ospitaletako eskumutur horietako bat ere izan zitekeen. Aita amerikar batek besarkatzen zuen eria Pietate baten moduan, ama behar zuenak arreba gaztetxo bat besarkatzen zuen bitartean. Hiruren gizenkerek kontraste itzela egiten zuten eriaren mehetasun izugarriarekin. Ezkerretan zegoen pertsonaiari besoa baino ez zitzaion ageri; mahuka beltzez jantzita zegoen; apaiz bat beharbada. Josebak pentsatu zuen aitaren bolumen handi ilunak hartzen zuela dena, bere etxean aitak dena hartzen zuen moduan.

      Ezinegona, eta gero, zeharka, gainontzekoengandik zein distantziatara zegoen neurtzen hasi zen —batez ere Muñoz Eugirengandik—. Ikusi ote zuten argazkia begiratzen? Argazkiari eskaini zion arretari erreparatu ote zioten? Susmatu ote zuten? Uxatu egin zuen desegokiz eta kalakariz Txatoren ahotsa bere baitan. Egunkari irekia itxi zuen zakar. Eta berri horri ez ezik beste berri batzuei ere arreta eman nahi ziela adierazizko itxurak egin nahian, Lamberto Perezen zutabea begiztatzen hasi zen. Maite zituen Lamberto Perezen zutabeak, Nafarroako upnko gobernuari umorez eta adimenez kritika.

      Erdia edo irakurria zuenean ohartu zen Benettongo argazkiari buruzkoa zela, Heideggerren filosofia erabiliz, zeharkako estilo dotore eta zorrotzez dena merkataltzea salatzen. Baita hiesdun hil hurren batena ere.

      Begiztatua sentitu zen Joseba, norbaitek amarrua jarri eta berak amua irentsi balu bezala.

      “Ona Lamberto Perezena!” bota zion Muñoz Eugik, ona hitza munduan lehen aldiz hark esana zela uste zuenaren tonuaz.

      Eta orduan jauzi egin zion ezinegonak, tabernako kristalezko atearen beste aldetik maila gorri-beltz marradun batzuk agertu zitzaizkionean; goraxeago zamarra laranja eta fular morea. Ez zuen ezagutu, edo ez zuen ezagutu nahi izan, ezohiko lekuan ezusteko laguna agertzean kontzientziak begiek behaturikoa sinetsi nahi ez izateagatik bainoago, Txato han agertzeak egiten zion enbarazuagatik. Txatoren ile harro kaoben dantzak Muñoz Eugiren eta Cruz Mariren arkeriaren aurrean nabarmen utziko zuelakoz.

      Braust batean gogoratu zen coflheeko taldeek egin behar zuten batzar antzeko baterako hainbat ponentzia itzuli behar izan zizkiola.

      Txatok atearen beste aldetik erronka egin zion ateratzeko aginduz. Ahaztua zuen. Atera egin zen, beste erremediorik ez zuenez.

      Eta Txatok muturra eskaini zion ezpaina ezpainaren kontra muxu emateko, ehgameko Iruñeko jendearen artean derrigorrezko keinua.

      Ohartu egingo dira, jakingo dute. Zertara etorri da hau hona?! Egin zituen baitaratzeek ez zioten aurrean zain zituen ezpainak errealitatetik ezabatu.

      Ezpainak alde batera utzirik, masaila masailaren kontra eginez eman zion musu. Berehala ohartu zen Txatori ez zitzaiola gustatu eta bere etorkizuneko lankideei arraroa baino arraroago egingo zitzaiela —Iruñazarra barnean irudikatu zituen haiei atezuan arbuioz so— bi gizonen artean masailetan musu emate hura.

      “Itzulpenak egin al dituzu?”.

      Zergatik etorri behar izan zuen hara itzulpen puta horien bila? Gainera txostenek txorradak baino ez zituzten esaten, marika hitzaren aldarrikapena; marika hitzaren gainean identitatea ezarri beharra; mugimendu politikoekin izan beharreko harremanak; “Txorradak” pentsatu zuen sakonean zerbaitek ez zirela txorradak agintzen zion bitartean. Txato haserre sumatu zuen; eta bera ere haserre zegoen bere buruarekin, uste baitzuen zena izateagatik —zentzu horretan ehgamen hasteak on handia egin zion, ez nahikoa hala ere— ez zela inoiz ere gehiago lotsatuko.

      Bere burua gorrotatzen zuen, beste modu batekoa izatea nahiko zuen; gero Txato gorrotatu zuen; hark ez zuen beste modu batekoa izan nahi; lankideak gorrotatu zituen ondoren. Zertara etorri dira kafea hartzera.

      Ia gauza bihurtu zen Txatoren haserre borborra.

      “Begira, niri ez egin... Eman itzulpenak”.

      Aire bat nabaritu zuen bizkarretik. Itzuli eta lankideak ikusi zituen, Cruz Mari buru, nonbait kafeak bukaturik, kanporantz. Berriz ere zirkulu euskalduna egin zuten haiek parte harturik.

      “Txato” bota zuen Txatok bere buruaren aurkezpena eginez, Erriberako doinuko euskaraz.

      Josebak esanen zuen Cruz Mari harriturik zegoela Txatorekin, halako piurak izan eta euskaraz jakiteagatik.

      “Bueno, Joseba, egongo gara” bota zuen Txatok musu emateko batere keinurik gabe. Paperak zorroan sartu zituen eta itzuli egin zen.

      Josebari iruditu zitzaion Mercaderes kalean Txatok luma gehiago atera zuela, ez zekien Cruz Mariren aurrean nabarmentzeko edo berak egindakoaren mendeku.

      “Bukatutzat emango dugu zuen lehendabiziko lan eguna”.

      Zenbait alde banandu ziren. Begok harekin bidearen zati bat egitekoak egin, eta berak keinu nabariezin batekin uxatu zuenean, Cruz Marirekin jo zuen Estafetan gora.

      Gero Axirekin gelditu eta larrua joko zutelako etorkizuna laztandu zuen. Murailetan, berriz ere; beren etxeetan, ezin.