Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

3

 

Parrandaren ondoren altxatu eta astelehenarekin atera zen Joseba etxetik. Nazkaturik zegoen, hainbeste parranda. Parranda klasekoekin, parranda ehgamekoekin, parranda aek-ko lankideekin. Goibel. Burua ere galtzen hasi zen, eta horregatik ez zuen uste oposizioak gainditu zituenik. Hala ere, ezin izan zuen ongi lo egin, eta goizegi altxatu zen notak ikustera joateko. Lau azterketa gehiegi ziren. Ez zuen uste lehendabizikoa, zailena, pasatuko zuenik baina pasatu zuen.

      Iruρeko Los Caνdos monumentu frankistaren ezkerraldeko irteeratik egin zuen Taxoare kalean behera. Eraikin Adimentsuak. Eskola. Eta gero, ezkerretara, Unibertsitate Publikoa zegoen. Aurreraxeago hiria bukatu egingo zen bat-batean, nekazari erroak azalaraziz, agertuko zirenak ez baitziren orube edo lantegi, baizik eta soro, larre, baina soro.

      Ez du aprobatuko. Gustatuko litzaioke, izan ere, aekn kobratzen zuenarekin ez zeukan nahikoa bakarrik bizitzeko, eta nazkatzen hasita zegoen aek-ko lankideekin bizitzeaz. ehgamekoekin ibiltzen zela ezkutatu behar izaten zuen eta, makurrena zena, ehgamekoei ezkutatu behar izaten zien beraiekin ibiltzen zela ezkutatu behar ziela.

      Eta ez zuen ezkutatzen ibili nahi. Goiza fresko zegoen, eta ahotik zerion lurrinak eutsi egiten zion aienatu arte. Txamarraren lepokoak jaso zituen arrasora ailegatzean. Hanketan dardara nabaritu zuen. Ez du aprobatuko. Eta ordura arteko bizitza eramango zuen aek-ko lan eskas eta lankideekin bizitzen. Ezkutatzen. Luze egin zitzaion Taxoare kaleko azken eraikinetik —eskola batzuk— Sario eraikinera arteko kilometroa.

      Atarian, esan zuten. Hurbildu ahala areago egiten zioten dardara hankek. Inpentsan bezala aritu zen oposizioetan, gainditzeko batere asmorik gabe. Egia zen ez zuela lehenengo azterketa gainditzeko asmorik, zailena batzuentzat, berarendako euskal aditzaz aritzea zaila ez bazen ere; baina gero itzulpenak ez zituen ongi egin. Eta nahikoa jende zegoen, hogei bat, eta lau lanpostu baino ez ziren.

      Zerbait falta zitzaion bizitzan. “Nobio bat, nobio bat” egin zioten dantza gogoan Txatoren hitzek, “zer nobio eta zer ostia, hemen larrua jo beharra dago; Etika Marika bat sortu beharra dago”. Etika Marika bat sortu beharra, berariaz aritzen zen Txato baina, hala ere, seriotan. Burua inarrosi zuen utikan esanez, ez luke nazka sentitu behar, nahiz eta sentitu. Eta gero beldurra zetorren, bazekien, nahiz eta ez egin kutsatzeko ezer, birusa harrapatzeko beldurra.

      Eguzkiaren eraginez lurrina zerion Sario aurreko aparkalekuari. Kanpoko atean bilatu zuen; ez zegoen paperik han.

      Zalantza egin zuen sartu-ez sartu. Seguru asko ez zuen aprobatuko. Aldapan gora egin beharko zuen, eta kito, eta bere bizitzarekin segitu. Berehala ohartu zen ergelkeriatan ari zela. Sartu egin zen. Langile bat zerrendak zintzilikatzen ari zen ezkaratzeko taula batean.

      Hurbildu egin zen. Lau grapa kolpe aldi jo eta kortxo-panelean zintzilikaturik utzi zuen folioa. Nahiko goian gelditu zen eta letra txikia izanagatik, hantxe ikusi zuen bere izena. Nahiko goian. Zenbakiak zetozen. Laugarren zegoela ikusi zuen. Laugarrena. Laugarrena. Laugarrena. Laugarrena. Ukabila bildu eta itzultzean besoa altxatu zuen. Gero notei erreparatu zien. 6.51 zuen. Aurrekoei erreparatu zien. 6.69, hirugarrenak. 7, bigarrenak. 7.20 lehenak. Joseba Aldaz, bera; Pello Muρoz Eugi, hirugarrena; Joxemari Sistiaga, bigarrena; Begoρa Agirregomezkorta, lehena.

      Ostia, aprobatu du! Neska bat ikusi zuen sartzen, ondoan mutil beltzaran bat zeramala. Hautsiapur hurbildu ziren kortxo-panelera. Zerbait ezaguna egin zitzaion Josebari. Ez zekien zer, edo neskaren zurrunbilo ardailatsua edo mutilaren eitea.

      Neska txikiak kortxoari so egin zion. Tarte handia zegoen begien eta folioen artean, baina ikusi, ikusi zuen; eta mutil zurrunduarengana itzulirik, jauzi batean besarkatu zuen.

      “Aprobatu dut, aprobatu dut!”.

      Neskak jauzi egin zuen berriz ere, aretoaren erdian mutila zurrundurik zegoen bitartean. Mutilak Josebari so egin zion. Josebak mutilari. Irribarre egin zion harriturik: Artxandan ezagutu zuen Bilboko mutila, Asier. Asierrek ez zion irribarrea itzuli. Gorputza jiratu zuen pixka bat, bizkarra erakutsirik Josebaren hurbiltzeko asmoa zapuzten zuela. Josebak erdi bidean aurkitu zuen bere burua. Pinuak, gauak, hiriaren argi urrunak. Eta mutikoaren bizkar emate ia nabariezin hark azken urteko bere buruaren onartze guztia aienatu zion, eta beldurtu egin zen, eta damutu, zen bezalakoa izateagatik, “marika” entzun zuen Txato bere artean, “horrenbeste kostatzen zaizu onartzea?”. Gorroto olde batek hartu zuen. Eta bera ere bizkarra ematen hasi zenean, Asierri begiek traizio egin ziotela iruditu zitzaion, gorputzaren jarreraren eta begien arteko desadostasun errotiko batek gogo eta gorputzaren talkaren bitartez, beldur eta desioaren amildegiaren gaineko jauzia erakutsiko balu bezala. Berak ere bi indar horien tenkan nabaritu zuen bere burua.

      Neska zerbaitez ohartu zen orduan. Bi mutilek zerabilten energia joan-etorriaz. Orduan mutilaren gorputz jiratua zuzendu egin zen, ezer gertatzen ez zela, ez zitzaiola, ez zaiela erakutsi nahian.

      Neskak Asierri so egin zion. Eta gero irribarre zabalarekin hurbildu zitzaion Josebari, gerora denei harrigarria irudituko zitzaien segurtasunez.

      “Zuk ere aprobatu al duzu?” bota zion arranditsu.

      Neskaren atzean gelditu zen Axi, atzean babesa zela erabakirik.

      Axi ohartu zen mutilaren irribarrea —nola zuen izena, ez zen akordatzen— ez zela Begoρak uste bezala harendako, baizik eta berarendako.

      “Bai” bota zuen Josebak, areago Axiri neskari baino, lehenagoko beldur eta desioaren arteko tenka ahantzirik, zeina berehala berritu baitzitzaion, Axik begiekin ezezko keinua egindakoan.

      “Bai” esan zuen berriz ere.

      Orduan jakin zuen Axirekin beste lotura bat sortu zuela, sekretu bat partekatzen dutenen artean sorturikoa.

      “Joseba”.

      Duda egin zuen, beti bezala, emakume gaztea agurtzeko orduan: musua ala eskua. Neskak erabaki zuen, bere altuera baxutik hanka puntetan paratu eta masaila eskaini zionean; keinua naturalegi izan nahian konfiantza handikoegia suertatu zen.

      “Begoρa Agirregomezkorta, Bego”, gehitu zuen gero. “Zenbatgarren gelditu zara?”.

      “Azkena, laugarrena”.

      “Ni lehendabizikoa”.

      Lehendabizikoa. Dilindan gelditu zen hitza airean, bere tonu ezaxolatiak areago azpimarratzen zuela ordena, lehendabizikoa, kanpoko eguzki susmatuak iluntasuna lodiago egiten zuen hartan; lehendabizikoa, tenplu lako isiltasunaren artean.

      “Zorionak”.

      “Eskerrik asko”.

      Bi mutilen begiak gurutzatu egin ziren neskaren buru gainetik.

      “Zuri ere bai”.

      “Eskerrik asko” itxi zuen Josebak.

      Orduan neska atzera jiratu zen.

      “Hau nire...” zalantza egin zuen.

      Elkarri so egin zioten, Axik Begori, Begok Axiri. Axik ez zuen ezer pentsatu. Beharbada, pentsatu zuen, Begoρak usteko zuen berak lotsaturik egon beharko lukeela, erreprotxeek eta gaizkiulertuek ezartzen zuten joan-etorrien dinamika zoroan, non logikak dimititu egiten baitu, eta arrazoiak korapilatzen baitira garunean paisaia nahasia sortuz; baina ez zegoen, ez zegoenez.

      “Hau nire... senargaia da”, bota zuen Begok zalantza egin ondoren. Axik urduritasun keinua egin zuen Begoρak esandakoak Josebarengan eragingo zuen ustezko harriduraz kezkaturik.

      “Et, et...”.

      “Beno, nire senargai... ohia”, zuzendu zuen Begok, Axiren begirada zemaizkoaren pean.

      Begok ingurura so egin zuen. Han urrutian, argitan murgilduriko mostradorerantz abiatu zen, bi mutilak aurrez aurre utziz iluntasunean. Axik mugimendu eme harrigarri batez gorputzaren zama ezkerreko hankaren gainean bermatu zuenean, eskuineko hankaren gainean bermatu zuen Josebak bere gorputzaren zama, halako mugimendu paralelo batean, bien gorputzak gogoaren zentsura eta aurreiritzien gainetik, gertaturikoaren oroimenez edo: Axiren aldaka aurreratzeari aldaka aurreratuz erantzun zion Josebak; giharren tenkatzeari giharren tenkatzearekin; burua goratzeari buruaren goratzearekin.

      “Ez aipatu ezer” esan zuen Axik.

      Josebaren gorputzak, ezen ez gogoak, atzera egin zuen: aldaka atzeratu zuen, bizkarra zuzendu, besoak aurreratu.

      “Hartuko dugu zer edo zer... ospatzeko?” proposatu zuen Josebak, Begoρa hurbildu zitzaienean jatorri ez jakineko larritasun batek harturik. Ausarta izan beharra zeukan.

      Proposamenak harritu zituela ohartu bazen ere, esan ahala jakin zuen baiezkoa emango ziotela, ez nahi zutelako baizik eta ustekabean harrapatu zituelako.

      “Goazen bertako kafetegira, ongi dago”.

      Noraezago nabaritu zituen. Eta halako batean bertan arrantza egingo zuelako segurantza izan zuen; haien arteko lotura gauzazkoa zela agertu zitzaion bere buruaren harridurarako klarki. Bilbon egindakoa egin ondoren, elkar agurtu zuteneko unea etorri zitzaion gogora olde min baten moduan, oraindik hatsak hatsari emanik besarkaturik gelditu zireneko unea, gauaren isiltasuna, larruazalaren ukitu itsaskorra, usaina. Eta gero autoraino egin zuten bidea, isilik, bata bestearen ondoan, ukitu gabe pinu artean behera, eta autora ailegatzean zoruaren gorabehera bat zela eta gorputzek tupust egin zuteneko unea, eta bien artean ezarri zen lotsa antzeko hura, esku ematea eta nola sartu zen Joseba autoan halako asaldatze bat geratu zitzaiola, errealitateak, ikusten eta nabaritu zuen orok dardara eginen balu bezala. Ez zen telefonoa eskatzera ausartu. Elkar aurkeztu zuten. Eta kito. Eta orduan sexuaren ardailaren bukaerari egotzi ziona beste zerbait iruditu zitzaion une hartan, zerbait, beste zerbait, ongi ez zekien zerbait. Zerbait.

      Korridore luzeetan barna gidatu zituen.

      Axik aurretik joaten utzi zituen. Bi metrora-edo, elkarrizketan kateaturik ordurako, lanpostuaren gorabeherak aletzen zihoazen. Bazekien Begoρak xehetasun guztiak galdetuko zizkiola, borroka egingo zuela, antzinatasuna erakutsiko ziola, nagusigoa ez bazen. Bi oilarreko bikote batek ez du funtzionatzen, bestela harekin segituko zuela pentsatu du Axik. Ez zuen harekin bizi nahi, baina beste inor ezagutzen ez zuenez bazekien, nahiz eta haien artekoa berak bukatutzat jo, Begoρari ez zitzaiola erabat pasatu, edo haren izaera borrokalariak ez zuela pelea finitutzat emango.

      “Zer nahi duzue?” galdetu zien Josebak taberna argitsuko barrara hurbiltzean.

      Argian murgildurik gelditu ziren; patioko mahaiek baporeak ematen zuten errainutan igerika.

      “Aizu, ikusi dut Aldaz duzula abizena” ohartarazi zion Asierrek Josebari.

      “Bai. Zergatik?”.

      “Ni ere Aldaz naizelako”.

      “Hara zer kointzidentzia! Ama Iruρekoa da, baina aita Lekunberri Aranazkoa zen, gaztetan Iruρera etorria, baina hangoa”.

      “Ez esan! Gure ama ere Lekunberrin jaioa eta hamalau urteak arte han bizitakoa da; errota zeukaten gure aitonek alogerean; gero Bilbora joan ziren bizitzera. Nire arreba hasi da orain herrira joaten”.

      Begoρak inbidiaz begiratu zituen.

      “Bueno, gu bion lanengatik”.

      “Hiruron lanengatik” zehaztu zuen Begoρak.

      “Hiruron?”.

      Josebari so egin zion Axik.

      “Bai, datorren astean hasiko da etbn lanean”.

      Josebak galdera ikurra marraztu zion aurpegian.

      “Hara! Orduan hirurongatik”.

      Kopak altxatu zituzten.

      “Elkarrekin biziko gara” zehaztu zuen Begoρak.

      Josebak eta Axik elkarren begiradak elkarren hankartera bidea egiten antzeman zituzten. Ez zen irribarrerik izan.