Poesia kaiera
Poesia kaiera
2002, poesia
64 orrialde
84-95511-39-8
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 
Sarrera
Koldo Izagirre

 

Batzuk euskara aspaldian galdu zen eremukoak direlako, besteak sorterriak eskaintzen ez dien tradizio literariotan nahiago izan dutelako txertatu, eta gehienak euskara batuaren magma handian elikatzen direlako, poeta gutxi daukagu sortu edo bizi den eskualdea hartzen duena sorburu. Sorterriak ez du zertan izan behar, bortxaz, herri-minezko laudorioak eskaintzen zaizkion paradisu galdua, edo pintoreskismoa egiteko aitzakia. Hori, Juanjo Olasagarreri esker dakigu. Olasagarrek bere barnean darama Sakana, eta plano desberdinetan ulertu behar genuke bere eskualdetasuna: lehenik, larrea eta kalea bat egiten duten mundu anitza, bizimodu eta mentalitate tradizionalak modernitatearekin lehian bizi diren jokalekua; bigarrenik, euskalkia dela medio hizkera poetikoa zehaztasun ederrez aberasteko aukera eskaintzen dion mintzaileria; eta hirugarrenik, soziologiak moldatzen duen herri tipo bat, Euskal Herrian aski arrunta eta beste askoren sinbolo izan litekeena, dimentsio erabilgarri batean. Azken plano honek berebiziko garrantzia eduki du gure poetaren obraren garapenean, eskualdea poemetako pertsonaien antzeztoki bilakatu denez.     

        Bi etapa bereiz litezke, izan ere, Juanjo Olasagarrerenean. Lehenean, bere aurreneko liburuari dagokiona, Sakanako errealitate gordinean kokatuagatik ahots propio indartsuz ageri da. Zanpaketarik gabe eta euskaltasun aurrerazale batean bizi nahi eta ezinaren eredu bihurtzen da eskualdea. Errealitate itogarriaren kronikaren eta sentimendu pertsonalen arteko nahaste bat eskaintzen du poetak: introspekzioa egiten saiatzen da, jakinik, alabaina, idazlea bera ere lurralde okupatua dela. Olasagarrek heldutasun handia erakutsi zuen kadentzia luzeko poemetan, inguruari erne ageri zen, niaren eta guaren arteko tenkaduran, esana hitzik birjinenez zorrozten zuela («gizon ehizaren apeu» / «sexua lime datza izter gainean»), baliabide estilistiko dotoreenetarikoak, barne-errima esaterako, zuhurki erabiliz. Eta dena konformismora lerratzen ez zen ezkortasun kritiko batean bustia.

        Juanjo Olasagarreren poesiaren bigarren zikloa bi liburutan banaturiko antzezpen handi batek osatzen du. Hartan, poetaren sentsibilitate anitza hainbat pertsonaiatan gauzatu da, eta haien arteko harremanak dira poesia sortzen dutenak, igurtziz bezala istripuz. Jubilatuak, dibortziatuak, langabetuak, maitale zapuztuak, lagun presoak, hiesdunak... nor bere arazoekin, nor bere psikologiarekin azaldu dizkigu Olasagarrek. Idazketa narratibo batean, apainduraz urri eta argitasunez aberats, poetaren ezkortasunak arrazoi objektiboak aurkitu ditu besteen oinazean. Pertsonaien gogoetek gutun estiloa hartzen dute maiz, monologoa gaindituz dialektika bilatzeko. Teknika honekin, bide, gurutzaketa eta elkartze ugariko obra sortu du, eskualde habitatu eta bizi bat eskaintzen digula, alegia, gizategi unibertsal bat. Gure poesian parekorik ez duen tragikomedia honek anti-Euskadi bat paratzen digu begi-bistan, bateko eta besteko erretorika ofizialek ezkutatzen duten euskal herri erreala.

   

Juanjo Olasagarre (Arbizu, 1963) psikologia ikasketak egina da eta irakasle dihardu. Poesiaz gainera, antzerkia idatzi du (Hegazti errariak) eta kronika liburu bat (Mandelaren Afrika), gaztelaniara itzulia izan dena. Literatura ingelesean aditua, W. H. Auden-en antologia bat argitaratu du, eta burutua dauka Philliph Larkin-en beste bat.