Beti oporretan
Beti oporretan
2015, narrazioak
208 orrialde
978-84-92468-79-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Arrokarik altuena

 

Kostako bideari segika arrokek inguratutako putzua zegoen. Ez zen edonor ausartzen handik jauzi egitera. Paolo arrantzan aritzen zen bertatik eta ez zitzaion umeak inguruan ibiltzea gustatzen.

      — Marmokarik ba al da gaur, Paolo?

      — Gutxi, baina badakite non jarri.

      Gu uxatzeko modu bat besterik ez zen, guk arrantza uxa ez geniezaion. Debekatuta zeukan arren, Santik buruz salto egiten zuen handik. “Marea behera den egunen batean hondarra jo eta paraplegiko geratuko da hori”, esaten zuen gure amak. Ez zen konturatzen Mediterraneoan marea ez dela apenas lekutik mugitzen, ez daukala Kantauriko gorabeherekin zerikusirik. Amari ez zitzaion ni Santirekin ibiltzea gustatzen. “Kasta bitxo bat da mutil hori”. Santi beltzarana zen oso eta zilborra kanporantz zeukan, korapilo ezberdin bat nirearen ondoan. “Leku bakoitzean korapilo diferentea egiten diete umeei jaiotzen direnean”, esan zidan amak zilborraz galdetu nionean. Nik marinelen zilborra deitzen nion Santirenari. Bere gurasoak bananduta zeuden eta amari iruditzen zitzaion bereizita egote horrek zerikusia zuela marmokei eta altuerari beldurrik izan gabe arroka gorenetik jauzi egiteko Santik zeukan seta kutsagarriarekin.

      — Orain zure txanda da.

      Urbanizaziora etorri berriei behin eta berriro errepikatzen zien esaldia zen. Niri ez, neska nintzelako.

      — Badakit zertara jolastuko garen: zu nire itzala izango zara.

      Ni bere itzala izatearekin konformatzen zen, eguzki galdatan ginen egun haietan. Beti bere atzetik, beti berak zapaltzen zituen harriak zapaltzen, bera gelditzen zenean ni ere gelditzen. Beti haren atzetik joan behar izaten nuen, baina ez nion putzuraino segitzen. Putzura bere itzalik gabe egiten zuen hark jauzi, bakarrik.

      Hondartza handira ez joateagatik hurbiltzen ginen hara, arrokek inguratutako putzu sakonera. Apur bat igeri eginda, kala txikira ere ailega gintezkeen: hareazko mihi estu bat, apenas inor ibiltzen zena. Regina, Paoloren emaztea soilik egoten zen han batzuetan, etzaulkian jarrita. Ezpainetan zigarroa, eskuetan liburu bat. Ez zen inoiz uretara sartzen.

      — Jolas berri bat: zu nire igela izango zara.

      Nik makurtu eta jauzi egin nezan nahi izaten zuen Santik, bere ondoan kokoriko joatea, kroak eta kroak.

      — Gizendu egin zara: zapoa zara orain. Edo are hobeto: behia. Behi aurpegia daukazu, esan dizute inoiz? Lastima oraindik titirik atera ez zaizun.

      Halakoak ziren Santik niretzat asmatzen zituen jolasak. Belarra ematen zidan gero eta nik murtxikatu egiten nuen. Ez gehiegi ere, tamainan. Lau hankatan jartzen nintzen eta hura artzain.

      — Nire amak dio egunen batean paraolinpiko geratuko zarela.

      — Zaude isilik, behia. Ea noiz hasten zaren esnea ematen.

      Putzura jauzi egin eta, ur azalera atera aurretik, arnasa hartu gabe urpean ahalik eta luzaroen egotea gustatzen zitzaion. Ez zegoen jakiterik putzuaren erdian aterako zen edo ura geldi zegoen beste ertzen batean, lepoa gora, bala-gizon baten eran. Santi urpean zen bitartean arnasari eusten nion nik ere, estu eta larri, baina ez nuen sekula hark adina agoantatzen.

 

 

Paolo ez zegoen egun hartan. Eragozpenik gabe jauzi egin zuen Santik putzura eta ni poliki jaitsi nintzen beheraino. Uretan elkartu ginen.

      — Goazen kala txikira, zapo!

      Hareazko mihian, Regina, Paoloren emaztea, irakurtzen ari zen, lastozko txapela soinean eta zigarroa ahoan. Bikiniaren goiko aldea erantzita zeukan eta agerian zituen bularrak. Itxura bitxia zuten, ez biribilak eta ezta txikiak ere: Santa Klausen txapela alderantzizkatuak ziruditen, haur saldo batek ongi zurrupatutako titimuturrekin.

      Santik diosal egin zion Reginari eta honek soilik bekainak altxatu zituen eguzkitako betaurrekoen atzetik.

      — Zapo, hau lehen sumendi bat izan zen, bazenekien? Laba lehortua dira arrokak. Agian egun batean berriro hasiko da sumendia martxan.

      Santik asko zekien gauza askori buruz, nahiz eta “sumendi bat martxan” jar zitekeenik irudikatzea niri oso zaila suertatu.

      — Zergatik ez zara urbanizaziora igotzen toalla baten bila? Nik hemen itxoingo dizut.

      Luzea eta bihurria zen urbanizaziora oinez iristeko bidea, baina obeditu egin nion. Beti obeditzen nion Santiri.

      Itzuli nintzenean, Reginaren etzaulkiaren ondo-ondoan zegoela iruditu zitzaidan. Harekin hizketan, akaso? Arraroa. Regina ez zen edozeinekin berehala hizketan hasten den horietakoa. Bere kasa ibiltzea gustatzen zitzaion. Zigarroekin eta liburuekin. Bere liburu faboritoa zein zen galdetu zion behin gure aitak, eta zerbait biblikoa aipatu zuen hark: “Adam Bovary”. Hala ulertu nuen nik.

      Ikusi ahal izan nuenez, etzaulkiaren ondo-ondoan ez, etzaulkian bertan etzanda zegoen Santi, Reginaren alboan. Oso zurrun eta estu, hala iruditu zitzaidan. Zerbaitek gehiago hurbiltzea galarazten zidan. Mehatxu batek. Marmokak airean baleude bezala. Guztiz ulertzen ez nuen zerbait ari zen han gertatzen, senak esaten zidan ez zegokidala begira egotea. Gehiegi berandutu ote nintzen toallarekin? Alfer-biajea egin ote nuen? Berea eskaini ote zion Reginak Santiri? Ala, alderantziz, Santik —kasta bitxo horrek— eskatu ote zion lotsagabe bere toalla, nire zain egoteaz aspertuta?

      Etzaulkitik gertu antzean nengoen, baina haiek ez ninduten ni ikusten. Sosegatuta zeuden itxuraz. Elkarren ondoan lo? Ezin zitekeen! Reginaren liburua hondar gainean zetzan, izter-zabal.

      Etzaulkiaren malgukien kilker hotsa baino ez zen han entzuten, eta Santiren arnas lasterra, hasperen etenez josia. Lo bazegoen, ez zen batere lasaia haren eguterako ametsa. Tarteka, haize apur bat altxatzen zenean, Reginak lastozko kapeluari eusteko jasotzen zuen ezker eskua, besapeetako biloak nik ikusteko moduan utziz. Ilunak ziren, ia gorriak, itsas belar matazen gisako. Luze egin zitzaizkidan segundo batzuen ondoren, zerbait gertatu zen tupustean. Etzaulki guztia inarrosi zen ziztada batekin, eta Santiren burua atzerantz erori zen, aho zabalik, sosegu eguzkitsu hartan zentzurik ez zuen izu batek joa, burua gillotinaz moztu izan baliote bezala. Ni begira neukala jabetzean, areagotu egin zen haren aurpegiko beldur keinua.

      Etzaulkitik derrepente altxatu eta nigana etorri zen korrika. Bainujantzia ez zitzaion oraindik guztiz lehortu, eta gerriko soka aske zeraman. Zilborreko korapiloa inoiz baino kanporago zeukala iruditu zitzaidan, baina arnasa hartzeko sabela asko puzten zuelako zen agian.

      — Goazen hemendik! —esan zidan, zurbil.

      — Zure neskalaguna al da? —galdetu zion Reginak, gero eta gogorrago jotzen zuen haizeak kapelua lapur ez ziezaion borrokan.

      Liburuko azken atala berriro irakurri beharko zuen, aire brastada batek astindu baitzion irakurketa utzia zuen orrialdea.

      Toalla eskaini nion urbanizaziora bidean, baina ez zuen hartu. Oso serio zetorren. Nik zerbait egin nahi nuen Santi animatzeko: belar sorta bat hartu eta ahora eramango nuen, nire borondatez. Lau hankatan jartzen hasi nintzen.

      — Ez egin hori —bota zidan—. Ez zara animalia bat.

      Apenas esan zidan txintik oporraldi osoan, baina norbait sorbaldatik heldu eta bizkarretik ni urperatzen saiatzen bazen, egurtu egiten zuen berehala. Ez zuen gehiago sumendirik aipatu, ez behirik, ez zapo itxura nuenik, ez ezer.

      Azken uda izan zen irla hartan. Hurrengo urtean, gurasoek garestiegia zela ebatzi eta beste urbanizazio batera aldatu ginen.

      Ez nuen marinel zilborra zeukan mutiko beltzarana berriro ikusi.