Beti oporretan
Beti oporretan
2015, narrazioak
208 orrialde
978-84-92468-79-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Ospakizuna

 

Amaiera agonikoa izan zen, baina zein amaiera ez da agonikoa. Txirrindularitzan, azken hatsa da kontatzen duen bakarra.

      Tropela Les Deux Alpes magalera erabat apurtuta heldu arren, sailkapen nagusia zegoen han jokoan, ez zen aurrean zihoanarekiko errukirik. Benetako egurra partitzen hasi zenerako, ordea, helmugatik gertuegi zegoen Iraola, eta Croix de Ferren gora ihes egin zuenean lortutako errenta nahikoa suertatu zen aldats behera luzean hari eutsi eta Ullrich, Pantani eta gainerako izar guztien aurretik ia berrogeita hamar segundoko aldearekin iristeko. Besoak altxatu zituen, garaile eta garaitu, meatzetik atera berri den hilzoriko kaskajo zoriontsuenaren gisan.

      “Harrapa ezak, harrapa ezak hori ahal baduk!”. Txema euforiko zegoen telebista aurrean zutik, bere egongelan brankako maskaroi eta euforiaren abangoardia bilakaturik. Aldare bat zen telebistaren ingurua bera: tamaina guztietako argazkiak, egunkari ebakinak markoetan, Bidasoako Itzuliko irabazlearen maillota. Banesto taldearen aurkezpen eguneko argazki ofiziala Iraolak sinatuta (“Txemarentzat, bihotzez, bere animo ikaragarriengatik”); Iraola umea kadeteetako podiumean irribarretsu, lepoan zinta zuri-berdez segurtatutako urrezko dominari kosk egiten diola; Iraola afizionatuetan, Txemaren beraren eskutik Gipuzkoako txapeldunaren kopa jasotzen 91n; Avanti Iraola! peñako azken afarian muxika zukua edaten KAS etxeko bisera jantzita, inguruan, whiski bana eskuetan eta belarri-muturrak gorri, Txema eta gainerakoak papar-harro ageri direla. Gregorio Iraola da denetan diskretuena argazkian, Fredi Iraola txirrindulariaren aita, oraindik itzalita daukan puruari apal-antza eusten, kamerari semeaz zein harro dagoen erakustera guztiz ausartu gabe.

      Fredi Iraolak helmuga zeharkatu orduko, telefonoa hartu zuen Txemak Gregoriori hots egiteko.

      — Komunikatzen ematen du.

      — Zer espero zenuen? Deika izango du-eta jende guztia.

      Blanca ez zen bereziki txirrindularitzazalea, baina Tourra bai, ikusten zuen urtero, mendiko etapak behintzat, horiek sakratuak ziren. Gazteagotan Pirinioetako etapetara joan ohi ziren senar-emazteak elkarrekin, kanpindenda eta guzti, asteburu pasa. Ibai txikia zen orduan, eta atzera begiratzean, sinesgaitza egiten zitzaion txango haietarako indarra nondik ateratzen ote zuen pentsatzea. Sasoiko izatea zer den.

      — Non dago gure rastafaria?

      — Lagunekin geratu da, hondartzara jaisteko.

      “Eta eskerrak”, pentsatu zuen Blancak, senarrari esaten ausartu ez arren, biolento samarra iruditzen baitzitzaion senarrak Iraolarekiko erakusten zuen kar bizia. Are gehiago, etxeko salan Iraolaren argazki gehiago izatea Ibai semearenak baino. Ibaik ez zuen sekula bizikletarekiko atxikimendu izugarririk izan, aitak hamabi urte bete orduko Reynolds taldeko ekipazio osoa eta karbono aleazioko Peugeot bizikleta oparitu zizkion arren, Look pedal automatiko eta guzti. Gogotik saiatu zen semeari zaletasuna kutsatzen; seme-alaben poz iturriak ez dira, ordea, gurasoen berberak izaten, eta horren jakinaren gainean egoteak ez du geure ezpalekoen bereizketaren berrespenak sortzen digun dezepzio intimoa jasangarriagoa egiten. Txirrindulari bilakatuko ez zela aspaldi igarriagatik ere, Txemak disgustua hartu zuen joan zen udan semeak Peugeot bizikleta zaharra beltzez margotu eta boleiboleko baloia eramateko saskia ipini zionean.

 

 

Goiz jaiki zen Gregorio bezperan. Zapatua zen eta bazekien jendeak haragi gehiago erosten duela zapatu goizetan. Ez zituen kondarrak eraman nahi. Bretxako merkatuan arkume txuleta eder batzuk hartu zituen, saiheskiak ere bai, eta bi untxi, erditik moztuta, parrillarako zirela esanda. Arrandegian txitxarro parea eta sardina handiak eskatu zituen, beti egoten da-eta haragia baino arraina nahiago izaten duen arraroren bat.

      — Fredi Iraolaren aita da!

      Harakinak Gregoriori txuletak mozten zizkion bitartean, Banesto taldeko egutegia seinalatu zion laguntzaileari, denek sentitzen baitzuten Frediren garaipena eurena ere bazela apur bat. Ispilukeria iragankorrak izanagatik garaipenak, jendeak gustuko du irabazleen igurtzia bosteko pare bateko distantziara egon daitekeela irudikatzea, munduarekin eta gaurkotasunarekin bat sentitzeko dugun modua da, olatuaren txanpan partaide garela, gurea dela apar koilarakada bat bederen, aldez edo moldez. Bere buruari ez aitortu arren, haragia aukeran izateaz beste, merkatuan ahalik eta ezagun gutxien topatzeko nahia zen erosketak egitera hain goiz atera izanaren arrazoia. Gregorio harro zegoen semeaz, jakina harro zegoela; zorionak etengabe jaso eta eskerrak behin eta berriro eman beharra zen gogaikarri zitzaiona. Nekagarriak izan ziren azken egunak. Telefonoaren haria ateratzekotan ere egon zen, nahiz eta azkenean zintzo-mintzo burutu zuen guardia aparailuaren alboan, otordu txukunik apenas egin gabe, kazetarien, lagunen eta familiako kideen dei guztiei banan-banan erantzuteko. Fredirekin, aldiz, apenas egin zituen bi hitz, bazekien-eta semeari kontzentratuta egotea gustatzen zaiola. SER irratiko kazetariek hots egin ziotenean soilik entzun ahal izan zuen haren ahotsa, zuzenean sartu zutenean, pribatutasunik gabeko tarte llabur batean.

      — Fredi, zure aita daukazu telefonoz bestalde.

      — Aita...

      — Seme...

      Apenas esan zitekeen fundamentuzko ezer malko-zukutzaile izaten saiatzen ziren egoera faltsuki emotibo haietan, kazetariaren banpiro letaginak lepoan beti. “Euskaldunak ez gara horrelakoak”, pentsatzen zuen Gregorio Iraolak, bere kautan, beste bat zenez malkoa eragiten zion telefono ondoko argazkia. Yurre andrearena. Urtebete zen alargundu zela, eta horrek atsekabetzen zuen gehien: emaztea semearen garaipenik handiena ikusi gabe joan izanak.

      — Ez daramazu janari gutxi... Ospatzeko bilduko zarete?

      — Landetara goaz bihar peñakoekin. Barbakoa agindu diet, nire kontu.

      — Kontuz kiskali gabe... Zuek, esan nahi dut: bero egiten du paraje haietan.

 

 

Zentzuzkoena Tourra amaitu arte itxarotea zatekeen arren, ospakizun ofiziala baino lehen “zerbait informala” egitea adostu zuten Txemak eta Gregoriok. Peñako inkondizionalak batuko ziren soilik, dozena erdi, euren seme-alabekin eta emazteekin, iraolatarrek hondartza ondoan zuten karabanan. Plan biribila: lehenbizi saiheski jana, gero elkarrekin ikusiko zuten Grenobleko erlojupekoa.

      Lezon geratu ziren peñako gainerakoekin. Ez ziren guztiak iraolatarren Landetako etxean egonak, eta denak elkarrekin joatea adostu zuten. Bateko eta besteko, dozena inguru batu ziren azkenean, lau autotan.

      — Ez dik merezi hik heure autoa hartzea, Goyo. Hator gurekin. Blanca eta Ibai ere etorriko dituk.

      Sargori iragarri, sargori etorri. Landetan haize apur bat izango ahal zuten, baldinbaitere. Karabana inguruan apenas zen itzal txukunik eta ez ziren eguzkitarako kremaz barbakoarako saltsaz bezain agudo akordatzen zirenetarik. Gaitz erdi, Banestoko biserak behintzat aukeran izango zituzten denentzat.

      Beti zegoen norbait txirrindularitzara mugatzen ez zena:

      — Atrebentzia ez bada... Kreditua eskatzeko erraztasunak ematen dizkizute Banestokoek zuri ere?

      Parrillakoak maletalekuan sartu eta Txemaren ondoan kopilotu eseri zen Gregorio.

      — Ziur ez duzula zuk joan nahi, Blanca?

      — Faborez... Ibai eta biok primeran goaz atzean. Ezta, Ibai?

      Ibaik baiezkoa egin zuen buruaz: ez hainbeste amari arrazoia emateko, kaskoetatik Ziggy Marley & The Melody Makers taldearen disko bat entzuten ari zelako baizik.

      — Ederra egin dik oraingoan, Goyo. Balentria egin dik. Euskal Herriko Itzulikoa ere ez zuan makala izan, baina hau... Donostiako Klasikora etorriko duk, ala?

      Gregoriok sorbaldak altxatu zituen. Baietz uste zuen. Baina ez zegoen seguru.

      — Ez duk semearekin hitz egiterik izan?

      — Ez fundamentuz.

      — Jakina, Tourra beste gauza bat duk. La Grande Boucle! Datorren astean kontatuko zizkiguk denak: soziedadea hartu diat hilaren 25erako. Lehenbizi harrera udaletxean, eta afaritara gero. Oraingoan utziko zioagu whiskia edaten, e? Gaur ere bustiko diagu, jakina: Sebastianek ekarriko ditik Cardhu botilak, ea bere ume zorrizto horrek bake pixka bat ematen digun!

      — Txema, faborez —protesta egin zuen Blancak.

      Hendaia atzean utzi ondoren ere, ongi entzuten ziren hegoaldeko zenbait irrati kate autoan. Ez denak, jakina. Bat lausotu ahala, beste bat bilatzen zuen Txemak dialean, sukaldean hasi aurretik pospolo bat bestearen atzetik itzaltzen zaion gizon baldarraren setarekin, Tourreko albisteen atzetik beti. Goiz zen oraindik, ordea. Erlojupekoa ez zen eguerdira arte hasiko. RNE katearen uhinak ziren irismenik handiena zutenak. Hura ere amatatu zen azkenerako. Frantsesari amore emanda, etsia hartu eta France Bleu jarri behar izan zuen dialean. Hamabiak inguru ziren albistegietan Federico Iraola izena esan zutenean.

      — Ihes eginda al doa?

      — Esan nizun gaur erlojupekoa dela, Blanca.

      Ez zen frantses gehiegi jakin behar albistearen mamiaz jabetzeko.

      — Ireki leihatila mesedez, Txema.

      Gregoriok eta Txemak aldi berean jakin zuten berria.

      — Aire girotua jarrita zaukaat, Goyo. Leihatila irekiz gero...

      Ez zen Gregorio Iraola iniziatiba hartzen zutenetakoa izan inoiz. Horregatik zen aski esanguratsua agindu-panelean bere leihatilari zegokion blokatze-botoia topatu eta hark jaistea, kopilotuaren leihatila erabat zabalik geratu arte. Kanpora atera zuen burua Gregoriok. Igurtzi errea suertatu zitzaion haize beroaren bafada, ez inondik inora aringarria.

      Ibai ere jabetu zen auto barruko ezinegonaz. Musika itzali eta kaskoak kendu zituen belarrietatik. Amak eragotzi egin zion ezer esatea, eskua belaunean jarrita. Zerbait harrigarriagoa ere egin zuen: kaskoak jarri zizkion berriz semeari belarrietan. “Orain, ixo”.

      Ikusi zuen lehen restopean geratu zuen autoa Txemak. Beste hiru ibilgailuak ere haien atzetik sartu ziren, gangsterren film txar batean legez. Ez zen inor bere autotik irtetera ausartu. Jakinaren gainean zeuden seinale.

      — Zertan ari zara, Txema?

      — Buelta hartu beharko diagu, ez? Etxera joan nahiko duk.

      — Haragia erretzekotan ez gara ba geratu?

      — Barbakoa? Benetan aurrera egin nahi al duk, Gregorio? Ez daukak zertan...

      — Haragia alferrik galduko da bestela.

      — Goyo...

      — Arrankatu.

      Txemak autoa arrankatu eta iristeko batere gogorik gabe gidatu zuen Vieux Boucau sarreraraino. Aspaldi konturatu zen, atzerako-ispilura so eginda, atzetik zetozkien hiru autoetatik bik jira hartu eta hanka egin zutela egoeraren deserosoa ikusita. Peñako lagunak. “Traidore zikinak”, pentsatu zuen amorratuta. Inguruko urbanizazioetan ere erlojupekoa ikusten ariko ziren laster, baina iraolatarren karabana apur bat aparteago zegoen, hondartza pinudiekin elkartzen zen gune basatiago batean. “Bizilagunik ez, Jainkoari eskerrak”.

      Gregorio izan zen autotik irteten lehena. Maleteroa ireki, eta haragiz betetako bi freskerak hartuta, karabanara eraman zituen, makur sorbaldak, inoren laguntzarik onartu gabe.

      Bigarren autotik Ihintza atera zen, Sebastian eta Pilarren sei urteko alaba, gertatu zenaz jabetu gabe zegoen bakarra, irribarretsu, flotagailu arrosaren erroskila gerri bueltan zekarrela.

      — Aita, noiz puztuko dugu koltxoneta?

      Sebastian Txemarengana hurbildu zen, Gregoriok ez entzuteko moduan, ahapeka.

      — Zer egingo dut Cardhu botilekin?

      Txemak hasperen egin zuen. Guztiz abailduta zegoen.

      — Putetxeko madrea. Ederra putadoia. Ospa egin behar genikek, baina ez dik nahi.

      Pilar eta Blanca karabanarantz abiatu ziren poliki, laguntzeko asmoz baino gehiago, karabanan topatuko zutenarekin izututa. “Bi bat baino hobe”, irakurri zuten elkarren begiradan. Emakumezkoen Kontsolamenduzko Brigada.

      Ibai, hondarretan lasai demonio etzan eta komiki bat irakurtzen geratu zen.

      Burugogorra zenez burugogor —osoko tauro bat—, Gregoriok ez zuen inoren laguntzarik onartu. Edatekoa karabana barruko hozkailuan sartu ondoren, denak eserarazi zituen karabanari erantsitako toldoaren itzalean. Parrilla karabanatik aparte samar zegoen, eguzki galdatan, eta berak arduratu nahi zuen lan zikin guztiaz. Nola ez zen, bada, semeaz akordatuko? Berak izan nahi zuen meatzearen ahotik ateratzen zen kaskajo hura. Bera izatea merezi zuen.

      — Egingo diagu bion artean, Goyo. Egosiko haiz, bestela.

      — Gaur ez. Ez kezkatu nigatik. Nire gonbidatuak zarete.

      Isilune deseroso bat sortu zen arestian ereindako deserosotasunaren gainean. Gainjar daitezke balio bereko bi isilune, ñabardura ezberdinak dituztenak, eta bazkaltiarrak sosegu ezaren uzta oparoaren zain utzi. Noraez hutsa zen haien arteko keinu eta begiraden katramila. Federik ez zieten hitzekin ere egin zuten saiakera:

      — Agian akats bat duk dena. Kontranalisiari itxoin behar genioke.

      Alferrik zen.

      Artezia handiz piztu zuen Gregoriok sua. Keroseno parrastada on batek sugar luzeak aterarazi zituen parrilla herdoilduaren gainean.

      — Sardinak eta txitxarroa ere ekarri ditut. Inork nahi al du arrainik?

 

 

— Bakarrik egon nahi du... —jakinarazi zien Txemak gainerakoei, Indiak deskubritu dituenaren larritasunarekin.

      — Normala da, gu ere egongo ginateke lotsatuta —Pilarrek.

      — Lotsatuta, zergatik? —Ihintza txikiak.

      — Puztu duzu azkenean koltxoneta? —Sebastianek alabari, Cardhu txorrotada edalontzietara isuriz.

      — Oraindik ez, han utzi dut.

      Gregorio haragia erretzen ari zen lekua seinalatu zuen Ihintzak. Izerdi patsetan zegoen hura, burusoila gori-gori. Une batetik bestera kopetatik adarrak aterako zitzaizkiola ematen zuen. Txemak ezin izan zuen Claudio Chiappuccirekin akordatzea saihestu. Haren goitizenarekin, zehazki: Il Diavolo.

      — Ez al genioke txapel bat eraman behar?

      — Biserak bakarrik dauzkagu. Ez dut uste ideia ona denik.

      Ibaik bat zeraman buruan. Kokoteko galanta eman zion aitak konturatu orduko, tiradizo batekin Banestoko txapela burutik erauzi aurretik.

      — Egizu zerbait, Ibai: zoaz koltxonetaren bila eta ekarri umeari —Blancak.

      — Ezta pentsatu ere —Sebastianek—. Koltxoneta Ihintzarena da. Doala bera eta ekar dezala. Neska handia da. Nork bere gauzak zaintzen ikasi behar du. Ez da hala, Ihintza?

      Esaneko abiatu da Ihintza barbakoarantz, eskuarekin kopetan biserarena eginez. Bere parera heldu denean, paineluarekin masailak xukatzen harrapatu du Gregorio.

      — Negarrez ari zara?

      — Ez, laztana: izerdia da.

      — Begiek ez dute izerditzen.

      — Baina izerdia begietan sartzen da eta negar egiten duzu.

      — Orduan negarrez ari zara.

      — Izerdiarengatik.

      — Har dezaket koltxoneta?

      Hor jabetu da Gregorio freskeraren azpian dagoen koltxoneta laranjaz. Altxa egin du freskera, umeak koltxoneta har dezan.

      — Nahi al duzu nik puztea?

      Baiezkoa egin du Ihintzak buruaz. Gregoriok, parrilla gaineko untxi erdibituak zilar paperaz estali duen azpil handira pasatu eta koltxoneta hartu du eskuetan.

 

 

— Zertan ari da?

      — Gregorio koltxoneta puzten ari zaiok hire alabari.

      — Erotu egin al da? Puztekoa autoan daukat!

      — Utzi, ongi etorriko zaiok. Arindu egin behar ditik barrenak. A ze putakeria! Eta Tourrean, gainera. Ziur taldekoen segada izan dela. Derrigortu egiten dituzte-eta edozer hartzera!

      — Zuen errua da: hainbeste peña eta hainbeste...

      — Zaude isilik, Pilar.

      — Egia da-eta... Ezin zaizue futbola gustatu, mundu guztiari bezala?

      — Ez da bidezkoa. Mutil hauekin egiten dutena ez da bidezkoa.

      — Hain kirol gogorra eta...

      Ihintza lasterka batean heldu da, alegera, bera baino handiagoa den koltxoneta laranja arrastaka dakarrela.

      — Gregoriok puztu dit!

      Haren atzetik dator, txuletak, untxia eta saiheskiak dakartzala.

      — Oraindik ez al duzue ardorik zabaldu?

      Sebastianek Cardhu botila seinalatu dio. Hori da bere estrategia arratsalde partean gidatu behar duenean. Gogorrenetik hastea, graduazioa gutxitzen joateko.

 

 

Isilik egin dute otordua, gogoz kontra janez. Ez eguraldia, ez urdaila, ez gogoa daude oturuntza handietarako.

      — Guk itzuleran pentsatzen hasi behar genuke, Gregorio —Pilarrek, Sebastianen harridurarako—. Bihar goiz jaiki behar dugu: udalekuetara doa Ihintza.

      — Ongi da.

      Errudun sentitu da Sebastian.

      — Hemen utziko dizkizuet Cardhu botilak.

      Laurak bakarrik geratu direnean, animatuago dirudi Gregoriok. Bertan iraun eta jendea alde egiten hastea bataila bat irabazteko modua dela iruditzen zaio agian. Tropela, hori da behar duen azken gauza.

      — Haragi gehiago norbaitek?

      — Nigatik ez.

      — Gutxi gelditzen da. Bukatu beharra dago.

      — Nik hartuko nuke.

      — Ondo, Ibai, hik balio duk hik.

      Txemak hilko luke semea begiradaz, baina komikian murgilduta jarraitzen du hark. Banestoko bisera jarrita dauka berriz, atzerantz, raperoen estilora.

      Haragia bukatu dutenean, arraina ere erretzeko eskaini du bere burua Gregoriok.

      — Afari merienda —esan du—. Alferrik galduko da bestela.

      Alferrik eta galdu, hitz gogorrak dira horiek. Inork ez du desadostasunik agertzeko kemenik izan. Parrillarantz abiatu da berriz.

      — Egin zerbait, Txema. Zoratzen ari da...

      — Zer nahi duzu nik egitea?

      — Bederatzietan geratu naiz lagunekin —bota du Ibaik, komikia amaitu duenean.

      Ez dira seiak oraindik. Eguzkiak, apur bat beheratuagatik, zuzen-zuzen apuntatzen du haien begietara. Dorreetako zaindarien ikusmenari traba egingo liokeenez argiak ordu horretan, ez litzateke kartzelatik ihes egiteko unerik txarrena.

      — Donostiara bueltatu beharko genuke.

      — Bueltatu zuek. Nik hemen pasako dut gaua.

      — Nola?

      — Ez kezkatu nigatik, Txema. Ondo nago. Autobusa hartuko dut bihar.

      — Ezta pentsatu ere, Goyo, hori bai ezetz, ez haugu hemen bakarrik utziko!

      — Zoazte. Benetan. Ondo nago. Nahiago dut bakarrik egon.

      Gregoriok Cardhu botila seinalatu dio Txemari. Hori dela behar duen konpainia guztia. Ez da egia, baina —eduki behar zuen abantailaren bat— topikoek ongi funtzionatzen dute peñako lagunen artean.

      Autoaren moteltasunarengatik asma daiteke, gidaria ez dagoela ez bere buruaz eta ez bere urruntze abiada eskasarekin bertan geratu denari eman nahi liokeen mezuaz oso seguru. Ibilbide hareatsuan urrundu da, hala ere, errepideak irentsi duen arte.

 

 

Bakean sentitu da Gregorio, bakarrik geratu denean. Bigarren freskeratik geratzen diren sardina apurrak atera eta haiek erretzen hasi da, nahiz eta badakien gehiegi direla berarentzat, ez daukala goserik, ez duela bakar bat ere jango. Pattal samar sentitzen da, hori bai. Apenas edan duen ezer —urik ere ez—, eta itzala da gorputzak eskatzen dion elikadura bakarra. Eguzkiaren zigorkadak merezi dituela iruditzen zaio, bestetik. Eguzkipean, argia eta takigrafoak, bere lotsa urtu egiten dela sentitzen du; auzo-lotsa, seme-lotsa, alderantziz heredatutako lotsa sakon eta lingirdatsua gainetik ken dezakeela, izerditzearen izerditzez. Gaurdaino inoiz ez zuen pentsatu lotsa eta eromena txanpon beraren bi aldeak izan daitezkeenik. Ondoezik sentitu arren, lurrundu egiten zaio lotsa, edo lurruntzen zaiola sentitu nahi luke behintzat. Erretzen den parrillako ikatz begetalak ematen dion beroa gehiegizkoa da, ordea. Bero-kolpe bat den edo gorputzak aski dela esan ote duen, batek daki. Konortea galdu eta ziplo erori da Gregorio Iraola.

      Patrikakoa jo eta jo ari da, sintoniarik gabe, ardiaren beea dirudien bibrazio beti berdinarekin. Zomorroren bat dabilkio eguzkiak gorritutako belarri-gingilean bestelako bibrazioak sortzen. Ez dirudi ez gogaitzen ez esnatzen duenik zomorroak hondarretan eroritako gizona. Berea ez dirudien arren berea den zurrunga batek iratzarri duen arte. Non dagoen jakin gabe zutitu da, eta segundo batzuk baino ez ditu behar bizitzak duen gaiztoa ametsak kendu ez diola jabetzeko. Sardina belztuak bildu ditu parrillatik.

      Iraolak birentzat jarri du mahaia. Semea besoak altxatuta dago. Giharrak beltzaran, baina argazkian besterik uste lezakeen arren, ez da urrea meatzetik atera duena. Argazki bat besterik ez da, bezperako egunkarikoa.

      Bina sardina kiskali daude aurrez aurre jarritako plater banatan.

      — Gogoan daukak, Fredi, nola gorrotatzen huen gure pareko bizilaguna? Baloia kentzen zizuen beti arkupeetan jolasten harrapatzen zintuztenean. Oroitzen duk nola lapurtu hizkion behin gutunak buzoitik? Igogailuan harrapatu hinduen, bere korrespondentziaren gainean txiza egiten. Ez diat inoiz halako lotsarik pasatu. Gogoan daukak, ezta?

      Gainean duen plateraren koipe eraztuna xukatzen ari da zuri-beltzezko argazkia. Haizeak egunkariko orriak astintzen ditu.

      — Badakik, Fredi? Hau ez duk hura baino okerragoa izango.

      Kiskalitako sardinei bizkarrezurra kentzen hasi da, tentuz. Zuriguneak mamian. Salba daitezke zati batzuk.

      — Baina jan ezak zerbait, seme. Hezurretan hago-eta.

 

 

Koltxoneta laranja ahaztuta utzi dute karabana ondoan. Galerna heltzen denean, haizeak eramango du, arin, urrunera, galdutako baloi bat bezala, hondartza basatietako beste batera. Ez baita hau bakarra, hondartza basatia. Asko daude halakoak inguru hauetan eta garrantzitsua da hori horrela dela jakitea. Hondartza hartan haur batek aurkituko du, beharbada, eta denok noizbait egin dugun keinu hori bera egingo du, koltxoneta muturra askatu eta berau besarkatu ahala husteko. Aire kamera bigun eta erori geratu orduko, plastikoak iragazitako haizea aurpegira etorriko da, betazaletara agian, sudurrera edo masailetara gero. Igarotako egunaren sargoria apur bat ahaztu eta inoren arnasaren hatsa sentituko du bere azalean, indartsu hasieran, ahulago ondoren, hauspoa galduz, poroak gozoki zulatzen dizkion jostorratza baino finagoa den hari batean desagertu arte.

      Gero, halakorik baldin balu, trizikloa hartuko du neskatilak, hondartzatik gurasoen karabanaraino.

      Gurpil sendoak izan ohi dituzte triziklo horiek: ez dira sekula zulatzen.