Beti oporretan
Beti oporretan
2015, narrazioak
208 orrialde
978-84-92468-79-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Igerilekua

 

— Hago, hago: trago luzerik ez... Botila bakoitzetik pixka bana edaten badugu, ez dituk konturatuko.

      Botila bakoitzetik pixka bana edatea, hori zen sekretua. Bukatuko zirela zekiten gauzak nolabait iraunaraztea.

      — Zer duk gauza berde hori? Puaj! Zizare bat zaukak hondoan! Nola heldu duk zizare hori horra?

      — Zaporea emateko jartzen ziotek, astapotroa.

      — Bizirik?

      Ez daki inork erantzuna.

      Eneko saiatzen da kontua ez dakien gehiegi eskuetatik joan, baina ez da erraza. Gurasoak kanpoan zeudela lasai eta airoso lagunei esan aurretik pentsatzea zeukan, orain beranduegi da jada. Zapatak kenarazi dizkie etxera sartu aurretik, baina horraino bakarrik kontrolatu ahal izan du garbitasunarena.

      — Pizza zati bat erori zaidak sofan, badaukak bikarbonatoa? Urarekin nahastuta erraz ateratzen duk koipea, baina oraintxe izan behar dik.

      — Jode, zer ari haiz? Nola utzi diok, Eneko? Ez al duk ikusten mantxa handitu baino ez dela egiten ari? Norbaitek sofan kanpaia jo duela ematen dik, a ze orban puska, tio. Lefa emango dik lehortzen denean.

      — Ez duk hirea izango. Nori dastatuta ezagutuko duk ba hik, Aimar?

      — Hoa popatik hartzera.

      Imanolek, sofan belauniko jarri, eta almohada bat ipini du ipurdian, gerri-kolpeka sofari larrua jotzen diola. Zezen mekanikoa balitz bezala hura, eta ez sofa.

      — Bai ba, atsedenik gabe, emadak gogor, ez diat besterik nahi!

      Dakota sofaren kuxinak berezko eite karratua galtzen ari direla pentsatu du Enekok. “Izan dadila hori larriena”, otu zaio gero, bere profeta dohainetan federik batere gabe.

      Esperantza dauka neskak iristen direnean kontua apur bat zibilizatzen hasiko ote den; horrela izaten da eskuarki; nahiz eta hormona jarioa gehitu inguruko mutil asaldatuen baitan, basakeria maila jaisten dute emakumezkoek. Ez da neskek basati izaten ez dakitenik, basati izateko modu ordenatuagoa daukatela baizik. Haiek geratu dira edaria ekartzekotan: zorte apur batekin, gurasoen tekila botila bakean utziko dute hartara. Hamaika bider aurreikusia du jada txikizioa: Oaxacatik ekarritako botila preziatua mila zatitan, eta barruko harra alfonbra gainean mortu.

      Txirrin-joka datoz Tania eta Ane. Azkenean.

      Taniak plastikozko poltsa bana dakar esku bakoitzean: “vodka eta rona”, bota du, berarekin datozen bi lagun aurkeztuko balitu bezala, balantza-emakumearena eginez. Eskote ederra dauka. “Justizia itsua da”, pentsatu du Enekok, “baina ni ez”.

      Aneri ez dio zapatak kendu beharrak graziarik egin. Gorriak ekarri ditu, takoi luzedunak. Behatzetako azazkalak ere gorriz margotuta izan arren, nortasuna hankamotz, biluzik edo menostuta sentitzen da oinutsik, edo hori baino gehiago: apur bat erresuminduta. Ez dio etxeko ugazabari laidoa berehalakoan barkatuko.

      — Txantxa bat al da, Eneko? Derrigorrezkoa da zapatak kentzea?

      Masailgorritu egin da une batez Eneko.

      — Ez da ezerengatik... Batez ere igerilekura joango garelako berehala.

      Igerilekuaren aipamenak salbatu du. Lagunen artean etxean halako luxua daukan bakarra da bera. Izatez, horixe du haien estimazioa biltzeko kapital nagusia. Hori eta motoa. Igerilekuko uraren kolore urdin berbera eta pieza kromatuak dituen Vespa distiratsua, argi tuneatu eta guzti, Loreak Mendian pegatinarik falta ez zaiona ipurdian, ¿San Sebastián? ¡Sansestabien! stickerrarekin batera. Klasean lokartu zen batean San Siestaman hots egin zioten bolada batez, baina zorionez iraganeko kontua zen hori.

      Landare igokariei, kaktusei eta loreontziei begira dago Ane.

      — Ziklamenak dira?

      — Ez dakit: nik loreak esaten diet.

      — Zozoa zara gero.

      Hormetako akuarelei jarri die Taniak arreta, ron botilari prezintoa kentzen dion bitartean.

      — Ze pornoak, ezta? Zer du zure aitak hankak zabalik dituzten emakumeekin?

      — Mallorcako pintore batek egiten ditu, amaren laguna da.

      — Peor me lo pones.

      Anek ekarritako poltsak miatzen ari da Imanol. Seme bakarra da, Eneko bezala, eta bere buruari sekula galdetuko ez dion arren, zerbaitegatik erabaki zuten gurasoek mundura gehiago ez ekartzea.

      — Hau al duk igerilekua? Handiagoa espero nian.

      Aimar izan da jauzi egiten lehena. Belaunei eskuekin helduta bonbarena egin eta igerilekuaren perimetro guztia zipriztindu du, artezilari baten eran edariak nahasten ari den Imanolen konbinatuari kloro ukitua emanez. Horrela izan ohi da. Badago jendea tokatzen zaiona baino gehiago okupatzen duena munduan, oinez dabilenean, hizketan ari denean, inoren ohean. Baita igerileku batera jauzi egiten duenean ere.

      — Jode, Aimar, doritos guztiak blai utzi dituk! Ez zagok hauek jango dituen amaren semerik!

      Imanolen kexuak entzunda, supermerkatuan XXL poltsa hura erosi duen uneaz gogoratu da Eneko: bere une hartako poz estreinatu gabea, balizko errotaren indarra. Dena izorratzen da, ordea, urak errota mugitzean. Eta aurreikusitakoa ez da heltzen. Doritos sorta bat ur kloratutan beratzen. Horra, nerabezaroa.

      Igerilekuko eskailera ondoan jitoan geratu dira Imanolek Aimarri burutik behera botatako litxarreriak, intxaur oskolen gisa. Agirika egin dio Anek, rona zuzenean botilatik edan eta ezpainetakoaren marka beirazko lepoan utzi arau.

      — Ez izan zerriak. Begira nola laga duzuen ura.

      Salabardoaren bila doa Eneko, baina doritos uzta biltzen hasi denerako barreiatuegi dago jada, eskailera ondotik igerileku osora. Gainera, behin biltzen hasita, hostoak ere jaso beharko lituzke. Eta hori bai ezetz. Hori lan handiegia litzateke.

      Azkar samar irten da Aimar igerilekutik.

      — Ostia, hotza zagok.

      Eguraldi ona iragarri zuten arratsalderako, baina ez dute asmatu. Erabat lehertzen ez duen sargori baten aurreko behelaino astun eta gogaikarri batek iluntzen du zerua. Likatsu dago airea, baina, hala ere, ez hain bero. Igerilekuak iparraldera ematen du, gainera. Enekoren aitak beti gogorarazten dio amari: “Noiz betetzen ditu urteak zure lagun arkitekto horrek? Brujula bat oparituko diogu”. Mallorcakoa da arkitektoa, asmatu duzue. Bere denbora librean akuarela erotikoak egiten dituen berbera.

      — Erne, mutilak: norbaiten patrikakoa joka ari da.

      Imanolena.

      — Adrian da, bidean dela.

      Enekoren gelan lardaskan ibili da bitartean Imanol, bere txikitako jostailuen bila: gezurrezko pistola bat eta pailazo sudurra ekarri ditu, iseka artean.

      — Inauterietakoak dira —defendatu du bere burua Enekok.

      Zorionez, Imanolek ez ditu panpinak aurkitu.

      Neskekin geratu da Aimar, igerilekuko etzaulkietan hizketan, rona deusekin nahastu gabe edaten. Imanolek, pailazo sudurra jarrita eta pistola eskuan, besotik darama Eneko kristalezko ate irristagarrien ondora.

      — Festa hau mierda bat duk. Zergatik ez diagu musika apur bat jartzen? Adrian etorri aurretik, esan nahi diat: hura bere kunbia eta bere ostikeriekin hasten baduk, neskek berarekin bakarrik igurtzi nahiko ditek, ulertzen? Bazagok speakerrak kanpora ateratzerik?

      — Ez diat uste...

      Saiatu da Imanol bere garaian Iparraldetik estraperloan ekarritako Akai katearen bi bozgorailu handiak arrastaka eramaten, baina ezkerrekoaren kablea laburragoa izaki, eten egin da bidean.

      — Bueno, berdin ziok. Mono izan behar badu soinuak, ba mono. Aparatu honekin, ongi entzungo duk, hala ere, a ze musikatxarropotea!

      Kexu dira neskak.

      — Ze ostia duk hau?

      — Glaukoma, ez al zaizue gustatzen?

      — Badakizue zer den glaukoma bat?

      — Aimarren nota maximoa: glau koma bat!

      Eneko ur ertzeko etzaulkian dago eserita, salabardoa altzoan: bi doritos heze desegin zaizkio hatz artean. Inor begira ez duela probestuz, ahora eraman eta jan egin ditu, zer diren jakin gabe, autoflagelazioaren eta kontrizioaren estereotipoak bere kasa berrituz.

      — Txibiak bere tinta askatzen duenean bezala: pum! Zain bat lehertzen zaik begian.

      — Glaukoma bat ez duk hori...

      Txirrina, berriz. Ding-dong-dang.

      — Ze hortera, ez? Hileta-etxe bateko doinua ematen dik.

      — Adrian izango duk. Ona ekarriko ahal zian...

      — Adrianek beti ekartzen dik ona.

      Atea Enekok ireki badu ere, Aimarrek egin dio ongietorria: kanpoko edozein behatzaile objektibok pentsatuko luke harena dela etxea.

      — Qué pasa moro.

      — Moro tu puta madre.

      — Bale, bale, ez jarri horrela... Ekarri duk?

      — Non dago igerilekua?

      Seinalatu egin diote. Igerilekua baino lehen, Enekok eskuetan duen salabardoa ikusi du.

      — Zer hoa, safari batera, Livingstone? Ez nekian Tania eta Ane etortzekoak zirenik. Jakin izan banu bainujantzia ekarriko nuen.

      —Tania eta Anerengatik ez moztu. Ohituta zaudek buztanak ikusten.

      Adrian: azal eztikara leun-leuna, ezpain mamitsuak, aho handia, tamainaz eta funtzionalki. “Hauek dira nire lagunak”, pentsatu du Enekok, zigor bat altxor batetik bereizi nahi duenaren kinkan.

      — Zer duk sofako mantxa hori?

      — Hi ere konturatu haiz, ezta? Esan diat, Eneko: mesede baino kalte gehiago egiten dik bikarbonatoak.

      Jolasak utzi eta erretzekoa prestatzen hasi da Adrian: hainbeste kiribildu ditu bere bizitzan, begiak itxita egin baititzake. Miresgarria zaie gaitasun hori gainerakoei. Elektrizista trebea izango da urte gutxiren buruan, bertan diren lagunen artean soldatarik onena irabaziko duena.

      Hasia da gaua eguna xurgatzen. Are gehiago freskatuko du laster. Eta iparraldera ematen duen piszinak ospel kutsua hartzen du ilunabarrean. Enekok badaki. Baina hori nola konpondu ere badaki. Karta bat dauka mahukan ezkutatua. Argiaren giltzari sakatu eta piztu egin ditu piszina barruko fokuak.

      — Buatxa balke txulo!

      — Orain bai baietz! Goazen!

      Ane eta Taniak di-da erantzi dituzte soinekoak, mutilei bizkarra eta ipur-mamiak oparituz: laranja haragikoi bereko lau ilargi erdi. Buruz jauzi eginda sartu dira uretara, erabat biluzik.

      — Honek kalada bat merezi dik.

      — Lehortu eskuak erre aurretik, desegin egingo didazue bestela torpedoa.

      Adrianek piztu, lehen dasta-lanak egin, bekainak goratuz bere egoaren erroak finkatu, eta Aimarri pasa dio turutatxoa. Enekok dzanga eragin dio azken vodka kondarrari, botilaren tapoitik bertatik, txupito edalontzirik ez denez beretzat geratzen. Gero eztul egin du lehen kaladarekin eta barre egin dute lagunek bere lepotik.

      “Arrotzak paradisuan”, pentsatu du Enekok, aitarekin joan zen astean ikusitako filma gogoan. Izen hori jarri nahi lioke musika taldeari. Urtebetetzerako eskatu du gitarra elektrikoa. Lagunei gaur kontatzea espero zuen, baina ez du momentu aproposa aurkitu.

      — Ez zatozte, ala?

      — Porroa bukatzean, laztanak.

      — Koldar hutsak zarete!

      Lotsatiak ez daki nondik ateratzen duen indarra, baina bikoitza balio du haren balentriak. Enekok ez daki nondik atera duen ausardia, ez, baina, agian, haxixa erre duenean eztul egiteak eragin dion lotsatik izan da: lotsatik erator daiteke erabaki ausart bat, bi egoera lotsagarriren artetik bat hautatu beharretik ateratzen den txinparta liteke kemena. Ez da alferrik etxekoa, Eneko. Ez da alferrik bere igerilekua. Territorioa markatzearekin dauka zerikusia. Harrituta begiratu diote gainerako mutilek, patxadaz eta presarik gabe biluztu eta igerilekura dotore jauzi egin duenean.

      Taniak eta Anek txaloka hartu dute. Sorbaldatik helduta daukate Eneko, uretan txapeldun: mami bereko lagun dira, olinpiar jokoetako dominadun, urpeko podiumean. Segundo batzuez, bera da errege. Adrian, Aimar eta Imanol dira orain, piszinatik at, lekuz kanpo eta biluzik sentitzen direnak. Igerilekuan daudenekiko aurrez aurre biluztu beharko dute, publikoarekin, eta badakite zaila izango dela hori naturaltasunez egitea.

      — Porkulo hartzera.

      Adrian izan da arropak eranzten lehena. Bere azal beltzarana baino are ilunagoa den buztan malgua dilindan duela jauzi egin du uretara. Ekintza, momentua, egikera, gauzen ordena. Eta jada bi baino ez dira lehorrean geratzen. Imanolek eta Aimarrek zeharka begiratu diote elkarri. Agian goizean goiz masturbatu izanaz penatzen da Imanol, zakila kizkurrago izango du orain, ez hain itxuroso. Inpentsan, Aimar jada bere bainujantzi bustia eranzten ari dela ikusita, harekin lehiatu da, nor lehenago biluzi. Elkarri bultzaka erori dira uretara, nor baino nor, erdi besarkatuta, bataren biluztasunarekin bestearena guztiz estaltzea lortu gabe.

      — Tio, tio: marikonadarik gabe!

      Ura hotz dago eta haien ezpainak urdinkara. Direna baino are umeago bihurtzen ditu azaleko oilo ipurdiak. Ume gihartsua eta gizona ez baita gauza bera. Nahiz eta ezer gutxik narritatzen duen gehiago aita bat, semearen gihar gazteak maileguan hartuta egin ahal izango lukeena egiteko gai jada ez izateak baino. Gurasoak urrun daude, ordea.

      Mutilek tarte batean elkarren buruak errugbi baloitzat erabili ostean, jada ez dakite zer gehiago egin. Kirol urtarrari uko eginik, igerilekuko eskailera ondoan txutxu-mutxuka hasi dira bi neskak.

      — Anek eta biok zerbait proposatu nahi dizuegu. Baina banaka izan behar du.

      Lehortu, jantzi eta barrura sartu dira.

      — Zein da zure gurasoen logela, Eneko?

      — Goian dago, zergatik?

      — Gurasoen logelan izan behar du.

      Hortzak zorrotz dauzka Aimarrek:

      — Promete.

      Mutilak erabat aztoratuta daude. Hatzak igerilekuko uretan busti eta entxufe batean sartzeko eskatuta ere, berdin obedituko lukete.

      — Jode, jode, jode! Zer ditek bi hauek buruan?

      — Hiri zer iruditzen zaik?

      — Daukatena edozer dela ere, ez daukatela buruan, preziso.

      Izutzen hasita dago Eneko. Gurasoen gela, pentsatzen du. Gurasoen oheko kaxmirezko estalkia. Bere ama den pertsona txukunarekin. Doritosak. Kloroa. Sofako orbana. Bozgorailuaren kable etena. Albo kalteak. “Izan dadila hori larriena”.

      Amaren kaxoiak ez ukitzea espero du: nahita ere, simetria hura berregitea ezinezkoa suertatuko litzaioke. Eta Guadalupe ez da egun hauetan garbiketa egitera etortzekoa.

      — Nor sartuko duk lehenbizi?

      — Enekok izan beharko dik, ala? Azken finean, bere etxean gaudek...

      — Inporta ez bazaizue, neroni sartuko nauk. Erikarekin geratu nauk hamarretan. Gainera, nik ekarri diat erretzekoa.

      — Ze zerikusi ote dauka horrek, Adrian?

      — Hiri berdin zaik, ezta Eneko?

      Adrian sartu da gurasoen logelan.

      Hogei minutu daramatza goian. Ez da txintik ere entzuten. Arduratzen hasita daude gainerako hiru mutilak.

      — Moro kabroia. Siku utziko dizkik gu igotzerako.

      — Hik uste txortan ariko direla? Hirurak? Bai zera!

      — Zertan, bestela? Txispatuta zeudek eta bero-bero. Gu bezalakoak dituk, ze uste duk.

      — Jakin izatera ez nian lehen kanpaia joko: tekila botilako zizarea baino ximurrago zaukaat.

      — Laster pixkortuko zaik, hago lasai.

      Baina pazientzia galtzen ari dira.

      — Tio, bost gutxi dituk, ez al zen Erikarekin hamarretan geratu?

      Hamarrak eta laurden dira Adrian eskaileretan behera datorrenerako, irribarretsu, erabat jantzita, ahalegin fisiko ttipienik egin izanaren arrastorik gabe. Lebitazio puntu bat iradokitzen du haren ibilerak.

      — Eta?

      — Ezin diat ezer kontatu. Baldintza hori jarri zidatek.

      — Moro... faborez!

      — Sentitzen diat, zin egin diat. Hurrengoa igo daiteke. Ni Erikarenera noak. Zorte on!

      Aimarrek hartu die aurre. Imanol eta Eneko bakarrik geratu dira behean. Kirioak airean dago Imanol. Enekoren aurrean bakarrik, ez du itxurak egin beharrik sentitzen, oilar-lehiatik kanpo dago-eta hura. Inoiz lagun-min izan daitezkeela otu zaio Enekori, beti ere, inguruan beste inor ez egotekotan. Badira lagunak artaldeak lagun izaera lausotzen dienak, eta, aldiz, bakardadeak zure besoetara desesperatuki jaurtitzen dituenak. Laguntasunaren kosketako bat da hori: asmatzea zenbaten konpainian urtu daitekeen adiskidetasun bakoitza. Entzulearen tolerantzia gradua eta partekatzeko prest dagoen intimitate maila asko aldatzen dira mahai jiran dagoen lagun kopuruaren arabera. Beti adiskide direnak eta baldintzarik gabeko babesle, ez dira agian lagun goren, santu degradatu baizik. Eta ez gara santuen sasoian bizi. Santu degradatuak izanagatik.

      — Hik ze uste duk izango dela, Eneko?

      — Nahi duk gora igo eta belarria atean jartzea?

      — Zelatan harrapatzen bagaituzte... Ez dezagun azken unean zapuztu. Ez da kontua gu saririk gabe geratu eta bi putakume horiek izatea larrua dastatzen bakarrak, ez zaik iruditzen?

      Adrianekin baino are denbora luzeagoa pasa dute Aimarrekin. Edo luzeagoa egin zaie, behintzat, hura eskaileretan behera agertu arteko tartea.

      — Brutala.

      Hipnosi egoera antzeko batean dator Aimar ere. Sonanbulo baten gisa zeharkatu du etxeko atea eta iluntasunean galdu da. Imanolek erlojuari begiratu dio, betazalak zabaldu eta itxi ditu, epileptikoki, lekutu ezin diren tximeletak.

      — Berandu duk, Eneko... Aimarri autobusera lagunduko zioat. Lehen elkarrekin etorri gaituk eta ez dik bidea ongi ezagutzen. Urbanizazio hauek, denak igualak dituk.

      — Bakarrik utziko nauk? Eta neskak?

      — Ya les vale, ez gaituk beti haien eskutik jaten ibiliko, ala? Argi ibili bi horiekin.

      Paradisuko zuhaitzekin egindako urkabe bat. Zur berarekin eginak leudeke Eneko une honetan igotzen ari den eskailerako oholak. Estasiaren promesari emana pauso bat, beldurrari hurrengoa. Plazer irudikatuari bat, izu-laborriari bestea.

      Dardaraka eta zurbil, sentituz arrotz bere etxea eta sentituz arrotz bere larrua, kax-kax jo du Enekok gurasoen logelako atea.

      Ez batek baizik eta bi ahotsek erantzun diote. Ez bi ahots kalkatuk, ez bi ahots berdinek, bi ahots bereizik baino: “aurrera”. “Hau”, eta “urre”, eta “era”, estereofonia gozoa. Eta horixe egin du. Gelara sartu.

      Ukigabe dago gurasoen logela. Ohea eginda, aulkiak txukun. Lurrean eserita daude Ane eta Tania, belaunak gurutze, siouxen edo zen pentsalarien eran, edo Enekok siouxak eta zen pentsalariak irudikatzen dituen eran, bederen. Zabalik dago leihoa, eta freskura sartzen den arren, ez du hotzik egiten. Epeltasuna dario giroari eta abegi ona haien keinuei. Enekori naturalena bi nesken ondoan esertzea izango dela otu zaio. Zangoak gurutze sinatu du ituna, zebra larruz egindako alfonbraren gainean.

      “Mutilak joan dituk”, otu zaio euforia puntu batekin, “eta zizareak botila barruan jarraitzen dik”.

      Botila bakoitzetik pixka bana edatea, hori zen sekretua. Bukatuko zirela zekiten gauzak nolabait iraunaraztea.

      Aitaren gorbata beltz batekin estali dizkiote begiak. Zutitu eta estropezurik ez egiteko eskuekin lagunduta gelan barrena oinez ibiltzeko eskatu diote gero. Neskak entzun ditzake elkarri xuxurlan eta arnasa hartzen, bere belarritik oso gertu. Ez dute ukitzen, hala ere. Arnasa hartu eta hasperen baino ez dute egiten bere ondoan. Ez da hain erraza plazerezko suspirio bat pairamenezko hasperen batetik bereiztea: akaso Tania Aneri iletik tiraka ari ote zaio? Inoiz ez bezala, hatz puntekin hautematen du Enekok gela, hormetako paper pintatua. Itsu bakarrik ez, biluzik ere sentitzen da. Lehen igerilekuan baino askoz biluziago. Beste nonbait balego bezala. Ez dirudi gehiago hark bere gurasoen logela. Ezin saihets dezake pentsatzea aitak eta amak ere biluzik ernalduko zutela han, orain ilunpean haztatzen duen ohe hartan bertan, akaso: bi oilasko lumatu badaezpadako harmonian, kopula zoroan elkar igurzten, sua asmatzera jolasten, benetan trantze hark deus biziduna eman dezakeenik guztiz sinetsi gabe.

      — Bilatu iratzargailua orain.

      Enekok eskuekin amaren aldeko gau-mahaitxoa haztatu eta ertzetik hormarantz altzaria laztanduz topatu du kuerdarekin dabilen iratzargailu zaharra, Aneri emateko. Aneren hatzak sentitu ditu segundo batez bere hatzetan, eta maitemindu egin da bereak baino leunagoak diren esku estralurtar haiekin: harrigarria da nola izan daitezkeen bi esku elkarren hain ezberdin. Presioa, hezetasuna, heldu eta askatzeko gaitasuna edo gogoa, sinestezina da zenbat aukeraren atariko dauden han. Pertsona heldu baten eskuak iruditu zaizkio. Harentzat nahi lituzke.

      — Oso ondo. Orain bilatu ezkontza erretratua.

      Hori erraza zen. Atetik gertu zegoen zintzilikatuta. Atearen markoa bilatu du lehenbizi, eta koadroarena gero. Kontu handiz jaitsi du eskegita zegoen kakotik eta Taniaren eskuetan jarri. Lehorragoak eta zimurragoak haren hatzak, baita Anerenak baino luzeagoak ere.

      Horrela aritu dira, gozamenak denbora neurtzea eragozten dien tarte batez, jolasean. Eskean Tania eta Ane; gelan topatzen zituen altxor xumeak jainkosei opaldu eta opaldu Eneko. Ohe gainean ipintzen joan dira neskak objektuak, bidaia luze baterako edo mudantza baterako gauzak pilatzen ari direnak bezala: despertadorea, ezkontza erretratua, orrazia, gau-mahaitxoko amaren liburua. Gero dantzan erabili dute, txandaka, musikarik gabe. Hain motel ze, dantzan badakiela sinetsarazi baitiezaiokete. Bat, bi, hiru. Bat, bi, hiru. Erraza da dena haien eskutik. Bat, bi, hiru. Erlojuetako orratzak gelditu dira. Polaroid baten kirrizka entzun da orduan. Argazki bat atera diote.

      Anek ezusteko bat esan dio belarrira:

      — Sutan dagoen adiskidetasuna da maitasuna.

      Eta berriro bere buruan: oilasko lumatuak badaezpadako harmonian, kopula zoroa, sua asmatzeko argibideak eta erre gabe sutan irautekoak.

      Eta kito. Hori izan da dena. Ez diote deus gehiago eskatu.

      — Ken dezaket antifaza?

      Ez da erantzunik izan.

      Nesken hasperen eta arnasarik ere ez du jada entzuten.

      Gela hutsean bakarrik dagoela jabetu da, gorbata kendu duenean.

      Ate-joka ari dira behean. Ding-dong-dang. Hileta-etxe bateko doinua dirudi, baiki.

      Ez da Enekoren ohiko janzkera, baina tanatoriotik zuzenean etorri delako dauzka trajea eta gorbata. Txaleta ikustera datozenak laurak arte espero ez bazituen ere, aurreratu egin dira itxura guztien arabera. Nola gauzak iraunarazi, jendeak ez badauka pazientziarik.

      Zaila izango da erosleek etxeak balio duen guztia ordaintzea. Agentziakoek diotenez, “ongi legoke prezioa apur bat jaistea”.

      — Ikus dezakegu igerilekua?

      Non ote dago Polaroid hura? Aspaldi ez du ikusi, baina begien aurrean balu bezala dauka akorduan. Ohe gainean utzi zioten neskek isilka alde egin aurretik. Eneko nerabea begiak estalita. Taniak plastikozko errebolber batekin destatzen du lokian jolasti, beste eskuarekin argazkia ateratzen duen bitartean. Eta Anek Enekoren belarritik oso gertu dauzka ezpain irekiak, pailazo sudurra jarrita. Irribarrez ari dira hirurak, arrazoi ezberdinengatik.

      — Bitxia da igerilekuak iparraldera ematea, ezta? Inguruko txaletetan ez daude horrela.

      Piszinara bidean tekila botila harekin gogoratu da berriro.

      “Nola heldu duk zizare hori horra?”.

      “Zaporea emateko jartzen ziotek, astapotroa”.

      “Bizirik?”.

      Erosleei sukaldera aurreratzeko eskatu die Enekok:

      — Berehala naiz zuekin.

      Igerileku hutsean sartu da. Eskailerak banan-banan jaitsi, eta orbelak hartutako hondora iritsitakoan, barra metalikoari helduta, erdi-erditik pitzatu du negarrak.