Beti oporretan
Beti oporretan
2015, narrazioak
208 orrialde
978-84-92468-79-9
azala: Lander Garro
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2018, nobela
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1996, nobela
1994, poesia
 

 

Sapore di sale

 

Gehiago erakutsi zezakeen eta gutxiago ere bai, ia hamabost urterekin eta bikini erosi berriarekin. Erabaki du, ongi pentsatu ondoren, ez gehiago eta ez gutxiago, erakusten ari den doia erakustea. Grazia eta kalkulua, bere ditu. Begira nola jarri duen toalla estreinatu gabea hondartzan eguzki izpien diagonalari jarraiki, egitura bat eraiki eta ordena bat bilatu asmoz, ez etzateko leku soil eta eroso bat bakarrik. Belaunen erpinen triangelua, aire zabalean da gaur geometria lezioa. Eskuak harean pausaturik dauzka, teletransportatua izateko zain. Izango da, egon lasai, pazientzia. Taupatu eta taupadarazten duten bi bihotz gorri dira eguzkitako betaurrekoak, biniloa bezain distiratsu atzerantz orraztutako ilea. Marra horiak eta zuriak dituzten parasolak dauzkate ingurukoek: berak ez du behar halakorik. Bizitza bazar turkiar bat da eta tratu bat tratu bat: eguzkiak indarra ematen dizu eta zimurra erantsi. Inork ez dio oraindik ohartarazi azal zurbilegia duenik eguzkitan luze etzateko. “Goazen gabarroira” esaten diotenean, “Geroxeago” erantzuten du berak. Printzeak ez dira urdinak, itsasoa bai. Sapore di sale, sapore di mare.

      Haren azaletik aparte ez dauden zenbait hitz edo esamolde: Txernobil, almendra, epidermis, la prueba del algodón. Gehiago ere aipa litezke.

      Iraungitako espeziea da hondartzako saltzaile ibiltariena, ederra litzateke haiek berriz ujuka entzun ahal izatea: “Hay patatas, coca-cola y fanta, cerveza”. Edo, zirtolaria bazen saltzailea: “Hay coñac, whisky, champán, ginebra”. Nivea kremen garaia da, eta Niveak oparitutako baloi puzgarri erraldoiena, egokiagoak zirkuko itsas-zakurrentzat beste edozeinentzat baino. Suma ditzake hondarrezko gazteluak egiten: bereak izan dira agian. Ez dira gazteluak bereak direnak, ulertzen da. Txima bustiak lehoiek bezala astinduta zipriztindu dute mutilen kalparrek uretatik atera berri; haur traketsek hondarra bota diote lasterka doazela, eta ez bereek bakarrik. Toallatik harea aleak astindu ditu hasieran, baina gero ez. Ikasi egin du inbaditua sentitu eta ez haserretzen. Etzatea da bere lana. Nahikoa du ahoz gora; buelta eman du, ahuspez hainbeste denbora agoantatuko ez duela jakin arren.

      Mila nobela lodi irakurri ditu bata bestearen segidan: errusiarrak hondartzan leitzea maite du, hori da bere mania. Gerra eta bakea. Pospolo baten buru gorria bular ondoan. Ejertzito bateko kide sentitzen du azalean atera zaion pinporta bakoitza, etortzear den borrokarako prestatzen. Ez da konturatu inork zapaldu duenik, baina behatz ttipiko azazkala belztu egin zaio eta domino pieza sorta bat bezala erortzen eta hedatzen joango den ubeldura baten traza dauka. Agian belztu zaio, bizitza osoan behatz horrexen gainean eutsi diolako bere pisu guztiari. Haizeak pitzadurak eragin dizkio orkatiletan eta liken arrastoak utzi belaunen pean. Nabigagarritasun urriko txalupa denik ez du oraindik jakin nahi.

      Borondate indar handia behar da eguzkiak alde egin eta denak zutitzen hasten direnean zuk etzanean eusteko: arriskua sentitzen duzu, zeure alboan mugitzen ari diren horiek zuk baimenik eman gabe beste norabait garraiatu edo lekualdatuko ote zaituzten beldurra. Mundua tokiz aldatzen ari da. Sendiak builaka, puskatu den familia auto barruan Ming dinastiako jarroi bat bezala itsasten. Mundua tokiz aldatzen ari da eta berak eutsi egin dio, heroikoki.

      Gizon solteroak neguan metal-detektoreekin altxor bila. “Ez al nauzue, bada, ni ikusten?”. Beretzat ez da negu oraindik. Udazken ere ez. Uda betea da, nahiz eta itzal bat suma dezakeen, hotzikara baten ertza. Hondartza sarrerako arbolaren bat izan behar du, itzalak luzatu egiten dira ilunabarrean. Arbolak ere bai, urteen igaroan.

      Arrasteluaz berdindutako dunak, behin eta berriro arrasteluaz orraztuak. Hondartzan lortu nahi den marrazkiaren arabera, hortzak dituen aldetik pasa daiteke eskuarea edo hortzik ez duen aldetik. Txandakatzea onena. Ildokatu edo berdindu. Ereite edo lugorri. Piszina batean balego, igelak entzungo lirateke. Alpeetako aterpetxe batean balego, hotzaren oihartzun minerala. Baina hondartzan dago, olatuak entzuten dira. Eta hondartza bahe bat da, abrikot hezurrak eta sagarren haziak iragazten dituena. Saiheska albo batera ere etzan daiteke, nahi izatera. Betaurreko handiagoak ditu orain, Onassis Jacqueline. Ukabil bat bezala kizkurtu da bere gorputza; ez, ordea, inor kolpatzeko. Umeki esateko beste modu bat da ukabil.

      Goiz berbera dirudi beti, baina ez da. Marea gora datorrenean, toalla hartu eta ertzetik urrutiratzeko joera dute udatiarrek: ez berak. Bustitzen bada bustitzen da eta kito. Badaki marea igo den bezala jaitsiko dela. Ez duela bera handik eramango, zorte apur bat badu, behintzat. Zortea bilatu egin behar dela, eta zorterik behar ez dela dioena gezurretan ari dela. Zortea beti behar izaten da, eta isil-isilka eta emeki-emeki haren alde eskatzeak ez dauka otoitz egitearekin zerikusirik.

      “Zuentzat posatzea nahi duzue? Ba jarri ilaran”. Eta jartzen dira. Galerna baten ondoren izterrak eta pubisa hondarrez estalirik, gerria laukitu zaio. Rubik kuboago da orain sagar baino. Batzuetan gertatzen da hezurren zurruntasuna nagusitzen zaiola beste guztiari, eta ahaztu egiten duzula soinean zer zeneraman. Begiak zabaldu behar lituzke gaur ekarri duen bikinia zein koloretakoa den oroitzeko —gaur goizean izan da, ala?—, baina ez du begirik zabaldu nahi. Zesarri Zesarrena, eta hareari harearena.

      Ez dago bikinirik gehiago edo haragi kolorekoa da orain, haizeak higatu diolako.

      Abia zitekeen farorantz. Baina zertarako, berarenganaino heltzen bada itsasargiaren segaren puntaren punta?

      Hondartza bat norberarena. Sabela leku delikatua da. Zirku horretan, sedimentua diren hosto ttipiak —hautsa ia, baina ez zehazki— eta hondar aleak, zilborraren bila zirimolaka dabiltzanak. Urakan baten begia nahi dute, bakea topa daitekeen leku bakarra baita urakanaren begia.

      Letagina du okerra, eta lehen ez zion horrek enbarazurik egiten. Orain bai. Horren zergatia ulertu baino, nahiago du bere gainerako hortzetan arreta jarri. Hatzarekin ukitzen du bere hortzadura osoa: okerra, zuzena, zuzena, zuzena. Hortz zuzenen gehiengoak kontsolatzen du. Mila bider egin lezake, azazkalekin hortzak ukitzearena. Azazkalak, hortzak: hil ondoren irauten duten zure zatiak dira biak. Non dago esku-liburua, dena den? Inork ez zion abisatu egunek aurrera egin ahala ezpainak desagertzen hasiko zitzaizkionik. Sapore di sale, sapore di mare, sapore di te. Titimuturretaraino sartu zaizkion hondar aleak badaki zehatz-mehatz zenbat diren, mentalki zenba ditzake, eta museko tantoak bezala gatz aleetatik bereizi.

      Milaka postal idatzi ditu, buruz, “Adiskide maitea” hitzekin hasita ia beti. Bizpahiru gutun luze beste era batera hasi ditu, adiskide hitza erabili gabe.

      Zaparradak iragarri dituzte eta heldu dira. Purifikatzea beti dago ondo, horrek esan nahi dezakeen arren lokatz bihurtuko dela hondartza, arrisku hori ez dago saihesterik. Hondartzaren eta zingiraren artetik ziztuan doan piztia zein den, zakur izan ala ez, nekeza da ezagutzen, azkarregi doanez.

      “Laztantzen banauzue, ez naiz hain azkar zahartuko. Ukitzen bazaituztet, urte gehiago biziko zarete”, horiek bezalako egia single eta biribilak, noiz frogatuko ditu zientziak eta nola? “Bolondres eskaintzen dut nire burua”. Nik ere eskainiko nuke.

      “Larrua jo nahi didazue? Ba jarri ilaran”. Eta jarri dira. Jada ez da biluzik sentitzen, mailegatutako azalarekin egindako amantal bat soinean balu bezala baizik. Seme-alabekin gertatzen zaiona: ziur dagoela denborak ernaldu dizkiola eta hiriak, uretatik ateratzean tximak astindu eta urez zipriztindu duten mutikoek eta eman dituen pausoek ernaldu dutela, alegia, bere sabela, ezagutu dituen ofizioek, eta ez, sekula, gizonezko batek. Batzuetan karramarroa izan da alutik atera zaiona eta zailtasunak izan ditu neska ala mutila ote zen jakiten. Konturatu da berari baino gehiago inporta zaiela hori inguruko parasolen azpian bizi direnei.

      “Jipoitu nahi nauzue? Ba jarri ilaran”. Ekaitzak zigortutako emakumea, haurrek gorputz-adarrak erauzi dizkiotena, tximistak jotako arbola, enbor bat zen jada zuhaitza gainera etor zekion baino askoz lehenago ere. Tximista batek harrapatu du arbola edo nahita aizkoratu dute? Edozein kasutan, espero ez zen lekuan erortzera doa, edo agian espero zen bertan erortzea, baina ez dute neskatila ikusi eta ez diote abisatu. Bere gainean erori da bete-betean. Berak ez du zirkinik egin. Alderantziz: besarkatu egin ditu zuhaitza eta haren etorrera. Berriz ere igoko da marea, enbor erori bat ez da bizileku txarra, barruan edo azpian egonagatik, ze alde dago. Flotatzea da kontua.

      Hondartzan geratu den enborrak bere kobra azala galtzen duenean —esan dugu denbora kontua dela dena—, eseriko dira bere gainean Valeria eta Paola, Stefano eta Enricori buruz hizketan, forse solo chi non può camminare può veramente volare, ipurmasailak eta eskuak enborraren leunean bermatuta —enborrek ere badute euren taupada, bazenekien?—. Hondar hezean agertu diren txirlei begira daude, edo haiek baino bi urte zaharragoak diren gorputz gazteei. Koko bizarrak, apar urrunak. Neskatxa italiarrak txalupei begira, txalupak ikusi bai baina txalupa barruan gertatzen dena guztiz igarri gabe ideal ezkutu bat irrikatzen dutela, etorkizunari begira, nola esan, ez etortzeke dagoen sasoiari bezala, hara joan eta handik itzultzea aukerakoa den leku bati bezala baizik. Beste leku askoren artean leku bat gehiago besterik ez balitz bezala hura.

      Jarri dituzte berriz Gurutze Gorriko postua eta igeri-eremua bereizten duten buiak. Sapore di sale, sapore di mare, sapore di te. Begiratu hobeto. Benvenuto eta arrivederci. Hondartza ez dago sekula hutsik eta zazpi ezberdintasun daude ongi etorri eta agur hitzen artean. Are gutxiago, agian. Hala ere, ez ditu oraino inork asmatu.

      Ezta hondarretan etzanik eskuarekin agur-agur egiten dizun neskatila horrek ere.