Poesia kaiera
Poesia kaiera
Yannis Ritsos
itzulpena: Joannes Jauregi
2018, poesia
64 orrialde
978-84-17051-18-1
Yannis Ritsos
1909-1990
 
 
Hitzaurrea
Beņat Sarasola

 

      Engaiamendua izaten da Yannis Ritsos poetaz ari garela sekula faltatzen ez den hitza. Egokitu zitzaion mundua eta haren aurrean hartu zuen jarrera kontuan izanik, harritzekoa ere ez da. Greziako alderdi komunistako kide izanik, Ioannis Metaxas jeneralaren 1936ko estatu kolpearen ondotik, Ritsos bera eta bere obra esetsiak izan ziren. Ez zen hura izan, baina, Greziako Gobernuak jazarri zuen garai bakarra; hiru hamarkada geroago ere, jada poeta aski laudatua zela, Koronelen Diktadura deitutakoaren errepresioa pairatu zuen: kartzelaldiak, etxe barruko arrastatzeak...

      Ritsosen obran, bada, gorabehera makur horien eragina agerikoa da, hala esplizituki auzi politikoak agertzen direlako, nola, zentsura ekidin nahian, errepresio garai batzuetan beste bide poetiko kriptikoagoak hartu zituelako. Lehenengoetako adibide behinenetakoa dugu Epitafio izenekoa. Metaxasen gobernuaren kontrako ikasle-manifestaldi batean zenbait gazte hil zituen Poliziak eta haietako baten amaren argazkia —semearen gorpua besotan zuela— zabaldu zen komunikabideetan hurrengo egunetan. Argazki hark bultzatuta idatzi zuen gerora bere poema ezagunenetakoa bilakatuko zena. Konpromiso politiko komunista hura gorabehera, eta nahiz eta XX. mendearen azken laurdenean molde horretako poesiaren sonak behera egin zuen poesia-kanonean, nazioarteko ospea eskuratu zuen. Ez alferrik, Greziako poeta moderno handienen artean kokatu ohi du kritikak. Euskaraz apenas genuen itzulirik orain arte haren lanik, Koldo Izagirrek eta Iņigo Aranbarrik itzulitako zenbait poemaz landa, eta orain haren ibilbide osoa hartzen duen antologia aurkezten digu Joannes Jauregik grezieratik zuzenean euskaratuta.

      Obra oparoa ondu zuen Ritsosek, entseatu zituen neurri eta forma poetikoei dagokienez nahiz baliatu zituen poesia-genero ezberdinei dagokienez: lirika, bakarrizketa dramatikoak, poema epikoak... 1966an argitaratu zuen Romiosine Greziako ereserki nazional ezkutua bilakatu zen Koronelen Diktaduraren pean debekaturik geratu zenean. Izan ere, Epitafiorekin eta Udaberriko sinfoniarekin egin bezala, kanturako moldatu zuen Mikis Theodorakis musikariak, eta halaxe zabaldu zen berehala publikoaren artean diktaduraren kontrako kantu gisa.

      Arestian aipatutako obra zabal horrek bestelako ezaugarriak ere gordetzen ditu, hala nola, aro mitologikotzat ezagutzen den aldia, zeinetan tradizio greziar klasikoaren arrastoa nabaria den. Horren adibide genuke Lehen plazera, tradizioa eta lekua artez uztartzen dituena. Izan ere, paisaia mediterraneoek ere presentzia handia dute Ritsosen poemetan —Romiosine bertan urrutira joan gabe—, eta harekin loturiko sinboloak —olibondoak esaterako— errepikariak izaten dira. Poeta liriko onenen antzera irudi eder askoak ontzeko gai baitzen Ritsos: “Egunsentiak hatzekin biltzen dizu arima, zigarreta bat balitz bezala, / buruz gora etzanda erre dezazun / ezkerreko eskua gau izarratuan bustiz”.

      1909an jaio zen Monemvasia-n eta 1990ean hil. XX. mendearen testigu aparta izan zen, lehen aipaturiko gorabehera politikoez aparte, II. Mundu Gerran Nazio Askapenerako Frontearekin borrokatu baitzen nazien kontra. 1956an eskuratu zuen lehen literatura sari handia, Greziako Poesia Sari Nazionala. 1977an Lenin saria eman zioten, eta Nobel sarirako kinieletan urte luzez egon bazen ere, azkenean gaberik geratu zen, beste poeta eta idazle handi asko bezalaxe, bestalde.