Poesia kaiera
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
Jorge de Sena
1919-1978
 
 

 

 

Berandu da, oso berandu gauez,

lan asko egin dut gaur, atera naiz, jendearekin hitz egin,

itzuli, musika entzuten ari naiz orain, izugarri nekatuta nago.

Izugarri, zehazki eta bere hutsalkeriarekin,

nire nekaduraren neurria eman dezake hitz horrek.

Neka-neka eginda nago. Lan asko egin dudalako,

geroago beste pertsonez interesatzeko

ahalegin handia egin dudalako,

pertsonez interesatzeko nekatuegi nagoenean.

Berandu da, goizago etzan behar nuen,

aspaldi egon behar nuen lotan.

Baina esnaturik nago nire nekadurarekin

musika entzuten. Leher eginda,

ezgai pentsatzeko, ezgai begiratzeko,

guztiz ezgai atsedena hartzeko ere nekearen

nekez. Izugarrizko nekadura

bizitzaz, pertsonez, nire buruaz, guztiaz.

Bata bestearen atzetik erretzen ditut zigarroak hain nekatuta

egoteaz ernegaturik. Eta musika entzuten dut

(César Franck-en sonata biolin eta pianorako

zehazki, eta geroago Wesendonck Lieder-ak)

nire burua disolbatzearen nekadura hutsean

Brunilda bezala edo Isolda bezala

inoiz onartuko ez dudan honetan:

l'amor che move il sole e l'altre stelle.

Ez dago inolako antzik nekatuta naukan amodio horren

eta, maite ez, soilik erre eta igarotzen den beste amodioaren artean, zeina

bizi naizen lekuan eta denboran disolbatzeaz

oraindik nekatuago nagoen. Disolba daitezela andre horiek

printzesak zirenak edo walkiriak, nahi badute, betierekoan.

Nekatuta nago nire burua ez disolbatzeaz

etengabe bizitzaren, edo pertsonen,

edo neure buruaren edo guztiaren une bakoitzean.

Qu'ai-je à faire de l'éternel? I live here.

Non abbiamo confusion. Eta hemen

hilko naiz guztiz nekatuta, gaur nagoen bezala,

izugarri nekatuta.

 

1970/12/22