Poesia kaiera
Poesia kaiera
Jorge de Sena
itzulpena: Rikardo Arregi
2015, poesia
64 orrialde
978-84-92468-77-5
Jorge de Sena
1919-1978
 
 

 

Potemkin korazatua

 

 

(Eisensteinen filma ikusi eta gero)

 

Txalokatzen duen eskuadraren artean

korazatua igarotzen da.

Ur nabarretan makurtutako kaian zehar

hedatzen den ilara amaiezinaren ondoren,

harmailadian behera

doan haur kotxearen ondoren

eta oihu mutuetan ahoa irekitzen duen emakume betaurrekodunaren ondoren,

korazatua igarotzen da.

Eternitaterako bidean. Baina

aspaldian izan zen hori, Itsaso Beltzean.

 

Munduko kaietan, zerumugari begira,

jendetza sakabanatua

zain dago tximinia zaharrak,

altzairu eta burdin zaharrezko mulko hori noiz agertuko.

Marinelek jan nahi ez zuten

haragi usteleko harrak bezala,

ukondoka doilorki miserian,

korazatuaren zain.

 

Batzuk hiltzen dira, beste batzuek beren buruak saltzen dituzte,

beste batzuek amore eman eta ahanzten dute eta beste batzuk

hiltzen dituzte, torturatu, preso hartu.

Batzuetan Polizia jendearen artean igaro

eta furgoietan eramaten ditu batzuk.

Baina badago beti beste jende bat urrutira begira,

ea korazatua kairaino ekarriko duen kea

altxatzen den urrunean.

 

Berandutzen ari da. Atzeratzen ari da.

Jendeak ez du jadanik amesten

korazatua igarotzen denik

txalokatzen duen eskuadraren artean.

Soil-soilik, tinko, egonarriz, zain dago

ea korazatua bidaiatik itzuli

eta kaira iristen den.

 

Baina inork jadanik espero ez badu ere,

korazatua iritsiko da. Ez dago

erremediorik, ihesbiderik, otoitzik, araorik

portua hartzea galaraziko dionik.

 

Etorri, etorriko da. Inoiz ezertan izan ez dudan

ziurtasuna daukat. Korazatua

etorri eta txalokatzen duen eskuadra artean

igaroko da.

 

Aspaldian abiatu zen. Odessan izan zen,

Itsaso Beltzean. Munduari eman zion bira.

Mundua handia da eta askotarikoa eta zatikatua, eta itsasoak

zabalak dira.

Itxi begiak,

estutu lerroak,

badator korazatua.

 

São Paulo, 1961/12/23