Bildumaren zerrendara itzuli Idazle beraren beste lanak


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

EROSI LIBURUA
E-BOOK FORMATUAN

AZALA

 


 

ERLETXETA FUCKTORY

 

9 prostituta eguzkipean errepide bazterretik ilaran,

lertxun lerdenak errekara bidean bezala,

autopista azpiko tunel ilun eta zikinetik

legearen txakur uniformatuek bota ostean

 

9 prostituta sex-karabana baten antzerakoan

hurrengo negozio bazter berri batera,

plazer ordainduaren sex businessa

sasi arteko sasiparking baten bila

 

9 prostituta sex country trip batean,

adatsak eta minigonak ortzadarraren pareko,

ondoko baserriko txakurrak zaunka

eta zelaietako behiak begira dituztela

 

9 prostituta belar eta asfaltoaren artetik

sujetadore dotore eta tanga estuak agerian,

eta momentuko soinu banda merke baten moduan,

autoen bozinak eta kamioien sirena zalapartatsuak

 

Euskadi estimula dio ondoko karteltzarrak,

haren kanpainaren barruan ote daude?

kresala usaina daukate euren besapeek?

sagardo zaporea euren hankartean?

 

Erletxeta Fucktory (Sex in the Basque Country)

halakoa izan ote zen Arantzazuko aparizioa?

hainbatek marketing izugarria iritziko zion kontuari

takoi luzeen gainean zebilen giza lurrikara ikusi barik

 

 

 

© Paddy Rekalde

 


www.susa-literatura.eus