Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

IZENAREN IZANA

 

hau da gure herria

milaka kikara hautsien labirintoa

arraildura josien negar malkoa

esnedun uniformatuen goizalba esker txarrekoa

 

hau da ene herria

utopiaren deitura ezabatuen odol lohigunea

atzokoz gaur...

etorkizun iraganez betetako egutegia

 

hau da gure herria

zeruko izar dantzarien

erakusleiho bihotz eztia

ilunpetako karriketako argien gorria

 

hau da ene herria

nahi baino gehiagoko argi urdinez

antzaldatutako gau iluna

haur batek barruan zeraman amets guztia

 

hau da ene herria

asmatu gabeek xuxurlaturiko

mezu sekretu hura

inork jakin ez dakien sentimendu miresgarria

 

hau da gure herria

akaso noizbait ahantzi zitzaigun oroitzapena

gure begiez bestaldera

barnean gordeta daramaguna

 

hau da ene herria

euskaldun sortu izanaren patua

giza haragiz propio izateko

jainkoak sortutako bekatua

 

hau da gure herria

esker onez jakitea

zer den

mundura sortua izatea

 

hau da ene herria

Euskal Herria deritzogun bazterra

kartografo eta eskribauek

hainbeste gorroto duten izana.

 

 

 

© Txili Lauzirika

 


www.susa-literatura.eus