Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

HARI FIN BATEKIN

 

Hamaika bataila galdu nituen

lautada hotz haietan.

Oinazez jantzi ziren,

gorputz honi dagozkion bazterrak.

Behelainotan abaildu zen gogoa,

tristeziaz akituz arima zahar hau.

 

Arrazoi guztien jabe sentitu nintzen

amodioa gatibatu nahian.

Errudunak zenbatzen zituzten nire hatzek

kaletik paseatzen zirenak seinalatuz bezala.

Nolabaiteko mendekuen egarri ase ezinez,

uholdez gainezka zegoen neure barrena.

 

Lur honetako paradisuak

zapata kaxetan gorde nitzakeelakoan,

buztinezko erresumak eraiki nituen,

«errautsezko katedralak» eta

bestelako utopia imajinaezinak

eguzki eta izarrak harrapatu asmoz.

Dena... zure ausentzia iltzatu nahian.

Kriseilu hauetatik eskegitako sugarrak

ez daitezen nireak izan.

 

Kristalezko botila baten barruan

gatibatu daitekeelakoan zure irria,

munduaren jirak nahi nituen geratu,

izar guztiak hari fin batekin

zuretzako lotu. Neronek nuenean

gure bihotzen arteko hari fin hura apurtu.

 

 

 

© Txili Lauzirika

 


www.susa-literatura.eus