Bildumaren zerrendara itzuli


LIBURUARI BURUZKO
KRITIKAK

 


 

BEHELAINOZKO BEGIRADAK

 

Su hartzen ari da

ene bihotza

eguzkiari esnatzea

ahantzi zaion parajeotan,

 

non amuarrainek

hegaz egiten duten

txantxangorriaz

dantzatu nahian.

 

Oin ttipiak,

ibiltzearen poderioz kasik

ortzimugara ailegatu zirenak,

izoztu egin dira.

 

Bihotz-begiekin leitzeko

indarrik ezean —esan dute:

gaizkile nanoek amatxoren

magalean kausitu nahi dute aterpea

 

munduaren bekatutik

gorde asmoz,

sagutxo izutuen antzera

ezkutatu ezinik dabiltzanean.

 

Izarren murmurioan

maitasunak izkiriaturiko

Transilvaniako beleak

ailegatzen dira

 

gutunetan zientoka,

ene begietako kontutxoek

zure begietan habia egiteko

herensuge lokartuen gisa.

 

Horren ñimiñoak dira

haien ametsak

ezen ezin kabitu diren

ludian barrena.

 

Behelainozko

begiradotan

marrazturik daude

bazter guztiak,

 

sekretuan esnatzen ari diren

maitasun fidelak,

gure ezpainetan

iltzaturikoak bezala.

 

 

 

© Txili Lauzirika

 


www.susa-literatura.eus