BESTE MUNDUA
Giltzari beste buelta bat ematen badiote hobe,
ez dadin inor sartu.
Mirilla zelan-halan lausotuko dut
inork ez begiratzeko.
Itzalpean ezkutatu nahi nuke, itzalaren
itzal izan, ezer ez izan.
Baliteke beste mundu batzuk izatea,
hau ez da.
Entseatuko naiz ezerezetik beste bat
asmatzen.
Bila helduko direnean funtzionarioak
giltza-porrak eskuan
eta morroi begiak aurpegian, ez naute
zeldan aurkituko,
itsas atx behelainoen izua zabal dezala
paperotako mintzairak...
Beste mundu bat sortu behar dut
aireango hiria bezain atzeman ezina.
© Joseba Sarrionandia