KARTZELAKO GOIZA
Hemen gaude guziak, hormaren kontra,
beti hementxe egondu bagina bezala,
haizeak hautsa altxatu eta egunkariak
airean endredatuz hausten dituelarik,
harresietako guardiek balak arrosarioaren
aleak bailiren kontatzen dituzten artean.
'Gezalak apur-apurka herdoilduko ditu
burdinazko barroteak', dio inork.
Basahate saldo bat doa alturan hegatsez
sokarik luzeenaren lerroa marraztuz.
Gero isil-isilik geratu gara guziak
eta, bat-batean, euria hasi da,
goiz hartan bezala, aspaldian
gutariko bat hil zen goizean bezala.
© Joseba Sarrionandia