GOSE GREBAKO HOGEIGARREN EGUNEAN
Hotzak gaude ilunabarrean, gorputza ahul,
eskuak artega.
Duela hamaika mende kalera irten ez garela,
duela hamaika urte deus ere jan ez dugula.
Leihoko barroteen bestaldean euria
isilean eta eten gabe.
Beste leihoetan lagunak erdikusten ditut
neu bezala euriari begira.
Zenbat garen? Bat, hiru, bost, zazpi...
Banan-banan
isolaturik, baina asko gara, eta inor ez da
tokatu zaion zeldatik pasatu den lehena.
Lehenagokoen urratsak jarraitzen ditugu
ia oharkabean,
eta jarraituko dizkigute oraindik, eskolarantz
barrikaden albotik jakin-minez doazen haurrek.
Hezurretan gaude, min zaharren batek gure baitan
hezurrezko xirulak jotzen ditu.
Noiz arte izanen da denbora hain amaiezina?
Bueltatuko ote zaigu haragia inoiz gorputzera?
Atzamarretan indarrik gabe, begiak
lausoturik idatziz,
poema baldar eta tristeak igual bai, baina
koldar leziorik ez diegu ondokoei utziko.
© Joseba Sarrionandia