JOLASA
Aurrera-dena doa branka itsaso barean,
marinelak karelean.
Bat-batean, begiralearen oihua mastaren gainetik:
'Uhin handiak datoz!'.
Pilotuak nabigazio liburua izkiriatzea utzi
eta lemari eutsi dio,
olatu izugarria jadanik gainean dela. Alferrik,
kroskoa ikaratzen,
gila zartatzen eta ontzia ur-bagaren azpian
alderatu eta iraultzen den artean.
Orduan, esku erraldoi batek hartu du barkua
airean ura dariola altxatzeko...
'Galarrenak eskifaia akabatu du...' dio haurrak
paperezko ontzi hondatua
begietara jasoz. 'Ea nabigazio liburua
aurkitzen dudan', diot,
neuk, antzina, hondartzan hareazko gaztelu eta
paperezko ontzitara jolasten.
Nabigazio liburuaren eta hurrengo ontzia egiteko
paperaren bila itsasertzean...
Marinelak, ontzia, uhina, haurra, jolasa? Oraina
paper zuria tolesdurarik gabe,
boligrafo urdina, norberaren eskua, tinta zirriborroak,
itsasorik gabe, haurtzarorik gabe...
© Joseba Sarrionandia