Poesia kaiera
Poesia kaiera
2001, poesia
64 orrialde
84-95511-20-7
Lauaxeta
1905, Laukiz
1937, Gasteiz
 
 

Maitale kutuna

 

Iñoiz ikusi bako maitale kutuna

neure opa samurrok laztanduten dabe.

Begi gelgarriz dargist bijotzeko iluna,

eta bere larrosak usainduten nabe.

 

Zerutar egak ditu maitasun zaliak;

lurrera baxen sarri so-dagi ortzira.

Bere leuntasun ziar mosu sutsubenak

espan ganian, otoi bijurtuten dira.

 

Garbitasun usaña txakijan dixuri,

eta lo-dagonian ametsezko irrijak

aboko larrosetan dagerkoz urduri.

Aiztatzat alai dartu zelaiko lilijak.

 

Neskatil ori nor dan ez dazau bijotzak;

¡baña bera dan ona, bera dan liraña!

Begi oneik ez arren, bai-dakus ametsak.

Erean dazaukijot bekoki bikaña.

 

Sarri billauko neban bixitza bidian

ta edertzat aitortu beraren gorputza,

nok baña dasayoke begijen aurrian:

—Maite audana, ete az neure neskutza?

 

Maitasun onek Goiko Jaunagan ditxaro,

berak axian bidez lilitxu gustijak

udabarri aldijan dalkartuz emaro.

Berak lotuko ditu maitasun lokijak.

 

Indar ixilkor batek batzen dauz goguak;

itzak loitzen ditubez maitasun gurenak.

Barre alayak ezik, barruko malkuak,

zale oneintzat dira antzikur gardenak.

 

Maitaliak ixanik alkartuko gara.

Jolas aldijan ezik otoyen orduban,

eguzkira ezpada, gabeko illazkara:

noiz'ak itxi Jainkuan izpizko eskuban.

 

Aldi alaitsu ori jadetsi artian

neure ezkongai bailiran neskatil danari

begiratzen dautsiet dagidan bidian.

Neska polit bakotxan zakust ameslari.

 

Bestiak zeure ederra goratuten dabe,

eurentzat gelgarrijak soin orren pitxijak.

Baña zeure zalian indartuten nabe

begi polit samurren leuntasun izpijak.

 

Zerutarrak baitira geure maitasunak,

eta leikide batek eztauz lausotuko.

Oraindik eztauz loitu gurari lixunak

eta gorputz irritsak eztauz banatuko.

 

Ikus eziña zara ezkongai neskutza!,

baña, arren, entzun neure maitasunan naya:

Edurra baxen garbi irauki gorputza,

ixan zaite zitoriz gotzon baten gaya.

 

Ixan zaite, ¡oi neure neskatil argija!

maitatzen dodan amatxu baxen leguna,

leituten dodan alaba baxen garbija.

Ori litzake neure gogoko zoruna.

 

Samurtasuna landu gogo orren altzuan,

urrumarako zara ba usoen antzera.

Ondo zaindu zaidazan oñaze orduban

olderik naiko dauko bijotzak ostera.

 

Espan orreintzat daukoz mosu samurrenak,

samin orreintzat barriz, maitasun eztija.

Eta txori politen abesti leunenak

zeugana eldu daiten luaro gurija.

 

¡Zeu maitatzeko nazan bijotz samurduna!

siaska ertzan datzan amatxu lakua.

¡Gorde zaidazan, barriz, jayo nintzan luna!

Euzko seme lerdena, bildur gabekua...

 

Zeugan pentsaten nabil Jaunaren bidian,

eta lokatz artian egaz dagit azkar.

Andra baten oroya naiko da lurrean

garbi iraun dagiguntzat etsai orok ziar.

 

¡Oi, neure bijotzeko ezkongai gardena!

beti, arren, aditu maitati ortzira.

¡Zeugan mosuba baxen kutun dot arrena!:

¡Andrak ederren dira zerurantz begira!

 

w1931