Zerura igotzeko
Zerura igotzeko
1986, ipuinak
72 orrialde
84-398-7164-3
azala: Juan Sagastizabal
Joxean Sagastizabal
1956, Eibar
 
 

 

EZ GENUEN BATERE LORIK EGIN GAU HORRETAN

 

        Bat beltza izatea falta zen, besterik ez, bestela nork ukatu hiru gizon xelebre haiek Errege Magoak zirela?

        Arratsaldea badoan orduan azaldu ziren, argiak eta beroak aldegitearekin batera zaldi hotsari segika heldu zitzaizkigun, Andres eta bion lehorteari buruzko jarduna bukeraziz. Ez da normalean, Ihauterietan ezik, horrelakorik ikusten, gure alde honetan, behintzat. Zaldun haiek ez zuten mundu honetakoak ematen, haien kapa izardunak, haien ator ikusgarriak, zaldien maiestate hura! Handitasun guzti hau, berriz, parregarri gertatzen zen mailutzar ale hura ikusita, hiru bat metrotako kirtena zuen mailu erraldoi bat zeramatelako gurdi antzeko batean, kirtenak gizon seudo baten tamainako buru bati eusten ziolarik.

        — Arratsalde on, adiskideok —esan zigun itxuraz mandataria zenak, zaldiak ere irrintzi alai batez agurtu gintuen.

        — Baita zuei ere —erantzun genuen aho batez, erdi liluraturik, erdi fidagaitz, erdi txunditurik. Bat eta erdi, beraz.

        — Hi, Rafa —Andresek ahopeka— ez dituk bada inguruko herriren bateko alu batzuk izango?

        — Ez —gizon haiek ez zeukaten ingurukoen tankerarik—, gu nekazariak gara, lurra eta eguzkiak markatu egiten gaituzte, seguru nago edozein herrialdetako nekazariei igarri egingo niela, bizimodua aurpegian idatzita dugula abiatzen garelako.

        — Iturri Handiaren bila gabiltza —hizkera ere erabat arrotza zen, ez zuen kolorerik, inongo kutsu ezagunik, Akademiren batetan ikasitakoa ematen zuen edo konputadoren bitartez, halere tipoa, hitzegiten zuen bakarra, ziurtasun handiz mintzatzen zen, jarioa berez omen zetorkion.

        — Iturri Handia? Hemendik jarraituz Apaingo iturritxoa besterik ez dago, ezta?

        Eta Andresek begiratu egin zidan babes bila ibiliko bailitzan, baieztapena behar, bere iritziak, gizon haiek kontutan hartuko balute.

        — Bai, bai, Apaingoa, txiki-txikia da, gainera. Halere, bideko hautsak astindu eta zuek eta zuen zaldien egarria asetzeko beste.

        — Ez gaituzu egarri, adiskide, eta bere horretan jarrai dezala Apaingo iturritxo xarmantak. Hemendik Iturri Handira iristen delakoan gaude —hitzok irakasleren batek edota edozeinek gutxiago dakien batekin erabiltzen duen eroapenaz betetako tonoaz esan zituen, halere bakoitzari berea zor zaio eta umil agertzen zela esan behar.

        — Ez ba, ez dagoela, nik uste... baina bueno, igual... zuei... beharbada, beharbada... —urduri zegoen Andres.

        — Ia laster iristen zareten, orduan. Lehorte latz honetan ez al zen sekatuko, baina?

        — Iturri Handia lehortean sekatu? Ez, ez, erabat bestelakoa da gertatu dena, bueno, bagoaz, agur!

        Harrapaladan abiatu ziren, Andres eta biok elkarri begiratu genion, lagunaren presentziaz normaltasun ttantto bat ikusi nahian, nonbait.

        — Hau duk hau, Rafa! Iturri Handia delako baten bila omen doazen hiru zoro! Ni behintzat Afari Handiaren bila niek, ba al hator?

        — Andresek errez uxatzen zituen arazo eta kezkak, edozeri tripa ondo betez egiten zion frente, baina bueno, zer egin behar genuen, bada?

        Lehengoarekin salto batean atera nintzen ohetik. Zer ote zen danbada ikaragarri hura? Etxea eta inguru guztia dardar batean zerabilen trumoi, kainoikada itzela edo auskalo zer batek. Leihoratu nintzen, Andres ikuilutik burrunban irtendako animaliak harrapatzeko ahaleginetan ari zen, desmadrea erabatekoa zen, gure abere guztiek seguru asko gizakien hizkuntzan «Jainkoa» izango zen zerbait zioten, txioka, intzirika, orruka. Oilo batek arraultze-misil bat errun zuen, misil ziztu bizian irten ziolako diot, eta gainera aidean zihoala lehertu egin zelako. Bonbilak ere horretan hasi ziren, lehertzen, ateak danbaka, koadroak erori, pelikuletan sakoneko kargek jotako submarinoetako larritasunak zetozkidan, eta kolpe hoiek! Ez naiz forjari baina ezin insoportableagoak izan matxinoek emandakoak, ama! Burua ere arraultzearen antzera kraskatuko zitzaidala pentsatzen nuen! Gau izartsua genuen egun famatu hartan, baina arraioa! Laister izkutatu ziren izarrak plazaratu zen hodei andana galantaren gainetik eta berehala... euria! Zaparrada eder batek eroso zion, juxtu-juxtu kainoikaden amaierarekin batera, eta ni, Andres, oiloak, konejuak eta Eztitsu, gure behi maitea, den-denok hainbestetan desiatutako ur freskotan jira ta bira hasi ginen. Andresek guretako baten ezkontza egunerako Burdeos botila ireki zuen eta ederki busti ginen kanpotik eta barrutik. Goizalde zoriontsua izan zen hura.

       

       

        Berdetu eta edertu egin ziren inguruak, dana biziago zegoen hurrengo egunean, bazkalondoan gure «erregeak» Apaingorako bidetik honuntza ikusi genituenean. Motel zetozen, neka-neka eginda itxuraz, ileak narras, jantziak hautsez, baina alaitasuna begitartean. Nik ekin nion oraingo honetan:

        — Kaixo jaunak, zer berri? Ailegatu al zineten? Aurkitu al zenuten?

        — Kaixo, adiskideok, bai, aurkitu egin genuen Iturri Handia, ondo kostata, dexente urruti bait dago. Lana bukatuta etxe aidera goaz.

        — Zein aldetan bizi zarete? —jakin minez nengoen.

        — Haruntza segi eta... bueno... handik, urruti, bueno, bagoaz, agur!

        Eta betiko agur. Gauza bati erreperatu egin nion, ordea, mailutzarraren burukotea maila-maila eginda zegoen, neurriko kontrarioa irten zitzaion, nonbait.