Zerura igotzeko
Zerura igotzeko
1986, ipuinak
72 orrialde
84-398-7164-3
azala: Juan Sagastizabal
Joxean Sagastizabal
1956, Eibar
 
 

 

EDANAREN KALTEAK

 

        — Herritar maiteok! Ez ezazue honelako aukerarik gal! Hauxe duzue eta gaitz eta arazo guztien sendagarri! Burusoilari He mardul-mardula haziko zaio, erreumak jotakoak erbiak atzean utziko ditu, zimurtutako azalak hogei urteko neskaren freskotasunaz, hitz motela edozein politikoren trebetasunez mintzatuko zaigu, ilun, goibel eta jenio txarrekoa txiste, bertso eta kantuz hasiko da, ehun Udaberri ikusitako aiton-amonak trikitrixan dantzari! Hauek eta beste milaka, tanto batzuk edanda, ba al dago miresgarriagorik? Miloika botilatxo munduan zehar salduta, pakea eta alaitasuna txoko guztietan zabalduta, hementxe naukazue huskeria baten truke paradisuaren ateak zuei irekitzeko prest, hel iezaiozue datorkizuen zorteari!

        Zulotxikitarrak aho zabalik herriko plazan, urtetan kanpotarrik ezagutu ez duen mendietako herriskan, gurdia botilaz beteta, beltzaren belarritakodun bat neke eta min guztiak konpontzera omen dator, hura hitz-jarioa!

        — Hau duk hau, Joxe Migel, hire hanka hori sendatzen ez al duk probatu behar?

        — Ez zekinat ba, hogei urtez errena izan naun, ederra izango litzateke, bai.

        — Nik bazeuzkat ba azkazal makal hauek, gogortzea nahi niakek, erosi egin behar diat.

        — Neuk erosiko dinat, ia gorreria kentzen zaidan!

        — Hik, Juantxo?

        — Zer?

        — Ia erosi behar duan.

        — Nola?

        — IA EROSI BEHAR DUAN!

        — Bai, badakin piska bat gorra nagoela ta...

        — Ez duk asko aditzen, ez.

        — Zer esan dun?

        — GORRA HAGOELA!

        — Hara! Esan ez dinat ba?

        — BUENO; BOTILA BAT HIRURONTZAT, BALE?

        — Bale.

        — Bai, bai.

        — Hi, zenbat duk botila?

        Eta saltzailearekin ordu erdi bat tratuetan jardunez gero, txurrutada banaz botila hustuta etxeratu ziren, edariak ehundokoak egingo zizkielakoan.

        ...........................................................................

        — Lapur zikina, gezurti nazkagarria, bueltatu berehalaxe dirua eta ken iezadak kolore hau edo Jainkoak lagun, bertan txikituko haut!

        Gure Joxe Migel, goitik behera urdin-urdina, pitufo baten itxuran.

        — Hartzak hau eta hau, eta hau eta hau eta hau eta hau, eta esaidak nola moztu azkazal hauek edo xerrak eginda utziko haut!

        Pagoetako Prantzizka, metro t'erdiko azkazalez hatzamarkaka saltzaileari.

        — Aizue, trumoi hauek nere burutik ateratzeko esaiozue, baina zaratarik egin gabe, arren.

        Hain ahopeka hitzegiten duena Juantxo da, Londresko Filarmonika Puntxiskinen 57garren sinfonian, molto alegro eta fortisimo eta ariyak borroka bizian buru barruan sentitzen dituela.

        — Pakean utz nazazue, guztiz errugabea naiz, ah! Satanen herria, zerrikume alenok!

        Eta sakeletik ateratako hauts gorriak bere burura boteaz desagertu zen, gurdi eta guzti.

        Txingudean joz eta joz apurtu zizkioten azkenean azkazalak Prantziskari, bana utziaz, soroak goldatzeko bikainak ziren eta. Espartuz eta pomez harriaz igurtu zuten Joxe Migel, baina halere arrain ustelaren kolorea gelditu zitzaion.

        Juantxori berriz, petardo bana belarrietan lehertuz baretu zioten sinfonia, zeharo gorra gelditu zen, baina.