ESNEZ ETA AMORRUZ
Entzule maiteok, egunon guztioi; egunero bezala hemen gaituzue zuei gaurko jarduna atsegingarriagoa egiteko asmotan. Oraintxe zortziak eta bost dira. Gaurko giroaz: Hotzberoa hamabost grado, lainotua eta seguru asko euria izango dugu laister. Besterik gabe lehenengo abestia, Bendito Letxugiren «Nere herriko tuntun nazkagarria».
Meteorologoak asmatzea harritzekoa izaten bada ere, hamar minuto hortxe-hortxe eta Jesukristoren zaparrada hasi zuen, baina...
Esnea dela, esnea, proba ezazu!
Aibala! Garai txoro honetan oraindik haundiagoak ikusi beharko ditugu!
Hura ikuskizuna! Erdi lotan lanera zihoan jendea eskuak ireki eta miazten hasi zen, dagoeneko lantegietan zirenak makinak utzi ta kalera, balkoi guztietan familiak azaldu ziren, andre askok landare-ontziak barrura sartzen zituen, umeak putzuetan irri ta algaraz, amona batek errosarioari ekin zion, txoriak, harriduraz mokoa irekirik astindu egiten ziren behin eta berriz, katuak pozez zoratu beharrean edan eta edan. La leche zen hura! Ordubete gutxi gora behera iraun zuen, hiria benetan xelebre zegoen Andaluzia aldeko herri zurien itxura jantzi ondoren.
Neretzat sobietarrak izan dira, espazioratzen dituzten satelite horietako batetik bota digute esne hau, betekadaz hil nahian edo, OTANen aurkako erasoa da, zalantzarik gabe.
Ene ustez hor nonbait esne-biltoki ikaragarriren bat lehertuko zen eta haizeak honuntz ekarri du.
Nik Jupiter aldeko behitzar bat izan dela esango nuke, errapeak urratu edo jeistean hutsegin eta plasta! Guri gosari hau!
Antzeko elkarrizketak izkina guztietan, baina egia esan inork ez zekien ezer. Esaten zen baita ere Jaurlaritza bilduta zegoela gertaera aztertzeko, urak (esneak) haien bideetatik abia zitezen. Txoko guztietan eztabaidatzen zen bitartean, sargori latz batek istorioaren bigarren atala ireki zuen; azkar asko yogur kirats jasan ezineko bat sagu zulo izkutuenetara ere zabaldu zen; maldizioak aho guztietan eta jendeak Jupiterko behiaren amaz zituen usteak botatzen zituen.
Orduan ere zerbait serioago hasi zen igartzen; halako «esne txar bat» jabetu zen gizakumeez eta edozein txorakeria zela eta, istiluak, borrokak etabar piztu ziren; kolpe, ostiko, muturreko eta kaskarrekoek hitzak baztertu eta ordurarteko hiri lasaiak Dodge-City zirudien; «Orden Publikoaren» teoriazko zaintzaileek ere, gizakiak baita, egur ederra ematen zuten bazterretan.
Inguruko herrietatik berri kezkagarriak, behiak zeharo asaldatuak zebiltzan eta orru beldurgarriak boteaz aurrean suertatzen zen edonor hankaz gora uzten zuten, herritar gizajoek haien arteko saltsekin aski zuten arren.
Hiru, lau ordu pasa ziren eta zein baino zein haundiagoa, guztiek zauri edo ubelduraren bat zuten, begietan jartzeko xerrak agortu ziren, andreek, lehen sartutako landare-ontziak kalera jaurtikitzen zituzten haserrearen haserrez eta gainera ez zegoen inor erietxeetara eramaterik, sendagileak eta gaisoak egundoko guduetan ari zirelako.
Eguzkiak azkeneko esne-ttanttoa lurrundu zuenean bake giroa itzuli zen eta errenka eta aieneka denak etxeratu ziren, Jaurlaritzak telebistatik eman behar zuen komunikatua aditzeko.
«Herritarrak, dakizuen bezala azkeneko orduetan fenomeno harrigarri bat gertatu da, esne-euri bat, hain zuzen, eguneroko bizimoduan era guztietako arazo eta liskarrak sortu dituelarik. Esnea desagertu orduko iritsi zaigu zientzilariek emandako esplikazioa eta hauxe da: "Vía Láctea" deituan urradura bat sortu da eta hortik barneko likidoaren parte minimo bat irten eta gainera etorri zaigu. Diotenez zirrikito hori itxi da dagoeneko eta gauzak erabat normaldu dira. Nazioaren Jaurlaritzak...»
Betikoak errepikatuz bukatzen zen agiria.
Zer esanik ez, hurrengo hilabeteetan hizketa-gaia bakarra zen, ditxosozko euria, baina laister, bizimodu modernoak ezartzen duen estresak ahazterazi zuen hori ere. ...........................................................................
Hi! Ikusi al dituk laino gorri horiek?
Ardo euria ote?