Zerura igotzeko
Zerura igotzeko
1986, ipuinak
72 orrialde
84-398-7164-3
azala: Juan Sagastizabal
Joxean Sagastizabal
1956, Eibar
 
 

 

MAITEAREN TRAIZIOA

 

        Zientifikoki gizakiok «homo sapiens-sapiens» omen gara (bakarren batzuk ikusita «sapiens» hori behin esanda ere gehiegi iruditu arren) horregatik, eman dezagun, martetar batek guretako bat aurkeztu beharrean (Marte-n dudarik gabe, hain ugariak diren Zientzilari-Batzar Nagusi horietako batean) horrelako zerbait esango luke: «Homo sapiens-sapiens», «X» arrazakoa, «Y» lurraldetakoa, izen-abizenak, Urlia.

        Alperrikako jarioa, halere, gure protagonista kakalardo bat delako. Egin dezagun aurkezpena: Zomorro, «errinozeros-kakalardus» espeziekoa, azpi-espeziea «kakazaleak», izena «Mejde».

        Horixe zen, bada, Mejde, errinozeronte-kakalardo bat, arra, gorotzez baloiak egin eta bultzaka joaten diren horietako bat. «Mejde» ezizena zen, famili horretan belaunaldiz-belaunaldi seme zaharrenak eramaten zuena, oraingo honen arbaso bat han iparraldean nazkatu eta behe-alde hauetara iritsi zenetik. Ezizena zeratik omen zetorren, aspaldiko honek haserretzean «méjde» besterik ez omen zuen esaten eta...

        Mejde eta familia mendialdean bizi ziren, zaldi-saldo baten ondoan, hauek beraien hornitzaileak zirelako. Aspalditxoan Mejde berak egindako apartamentu txiki baina txukun batean bizi zen, gurasoen etxetik oso gertu. Hauek, gurasoek eta gainerako seme-alabek, lurrean egindako zulo batetan zeukaten bizilekua, era tradizionalean. Mejderen apartamentuak bazuen deigarririk, babesa emateaz aparte jan zitekeen, kakazkoa zelako, eta gainera denon iritziz gorotz goxoenak egiten zituen Mari Lurdes behorraren materialez eraikitakoa, kategoriakoa, beraz.

        Poeta den eta ez den jende askorentzat ez dago egunsentia baino gauza ederragorik. Eguzkia bizitza da, eta gu existitzea posibilitatzen duen izar maite hori edertasunez inguraturik agertzen zaigu, batez ere egunsenti eta ilunabarretan, egunaren puntetan. Gu ernarazteaz gain ikuskizun zoragarriak eskeintzen dizkigu, eskuzabala da, beraz. Mejdek eguzki berezi-berezi bat zuen, bero eta janaz hornitzea, bizitza posibilitatzearen lanak, era askoz zuzenago batez, begien ikusgarri, burutzen zituena: Mari Lurdesen ipurtzuloa. Behorrak haren buztan euli-uxatzailea jaso orduko pozak aidean Mejde, zeina aberearen atzeko hanken artean kokatzen zen zerutiko «mana»ren zai eta hau mordo sendotan lurreratzean inor baino lehenago oldartzen zen mokordo lurruntsuetara. Hantxe zegoen kakalardo batek desiatzen duen guztia gozo eta oparo, zoriontasunik errealena. Mejdek, ahoa jaki epelez gainezka, txilipurdika iharduten zuen kakazko paradisuan, txof murgildu, adarraz apurtu, goraka bota euri preziatua bihurturik gainera joan zekion... Gero, dozenaren bat juntaturik hasten zen festa, ia nork jaso puskarik handiena, elkarri bota algaretan, bazen ere bolatxo bat eginik ekilibrio eta piruetetan ibiltzen zenik. Bestalde, ba al zegoen kuttunarentzako erregali hobeagorik? Mejdek bazuen maiteño bat eta haien arteko ohizko erreberentziez mokaurik tentagarrienak zerbitzen zizkion grazioski. Azkenean biba Mari Lurdes, biba gu, aupa kakalardoak etabar. Mari Lurdes berriz ez zen enteratu ere egiten berari eskertu beharreko alegrantziaz, larretzeari jarraitzen zion gero txikien altxor bihurtuko zena irentsiz.

        Mejdek maiteñoa bazuela arestian aipatu dugu, Trotza izeneko panpoxa bat, baina hau asko maite bazuen ere Mari Lurdesekikoa... puf! Maitasuna, esker ona, lilura, batu eta nahasten zituen sentimendua zen, behorra behin ez zela konturatuko jakiteak arantzatxoa eragiten bazion ere. Ez, tamainaz bera milaka aldiz zen animalia maite hark ezin zuen eduki sentimentuon berri, eta edukiz gero ere, zer eskein deizaioke kakalardo batek behor bati?

        Maitasuna gauza txit delikatua da, klabe izkutei erantzunez erne, hazi eta denbora luzean iraun dezakeena, baina gertaera askok jar ditzake dantzan etxe honen pareta kraskagarriak.

        Mejde zoriontsu bizi zen Mari Lurdesen babespeko, belar txarren bat tartekatu egin zenean, eta, izan ere, ez dago maitearen traizioa baino ezer mingarriagorik.

        Mari Lurdesek zeremonia betiko moduan hasi zuen egun hartan, buztana jaso, hankak zabaldu, Mejde erne eta alaitasunak kili-kili zai zegoela. Zulotik egunerokoa agertu zen baina ez eguneroko eraz, berazko itzela zeriolako ipurdi sakratuari. Mejde, bete-betean harrapaturik, aspaldiko istorioek deskribatzen zuten euri-jasa izugarriaz gogoratu zen, kakalardo-bikote bat ezik (Kakadan eta Gorotzeba) beste guztiak garbitu zituena. Naufragoak ez zekien igerian eta maitearen barruen emaitzak itotzear zegoen, akabatzen den izakiaren larritasunari traizioak eragindako mikaztasuna gehitzen zitzaiolarik. Une ezin larriago horretan osaba Alfontsok (arkamelu bat) ateratzea lortu zuen «pikado» arriskugarri bati esker.

        Gorputza, ondo jipoituta ere, libratu egin zen hondamenditik, baina izpirituak jasotako egurra ez zen nolanahikoa. Ez zegoen Mejde kontsolatzerik, Trotzaren mimo amultsuek ez zuten suspertzen, zerbait puskatua zeukalakn erraietan.

       

        Bihotzak sufritutako zauriak Denbora osagileak sendatzen ditu ederkien. Laister birrekin zion Mejdek eguzki berriak bilatzeari, berriak zeragatik diot, Mari Lurdesengana ez zen inoiz itzuli, maitasun-ogenak barkagaitzak direlako.