Zerura igotzeko
Zerura igotzeko
1986, ipuinak
72 orrialde
84-398-7164-3
azala: Juan Sagastizabal
Joxean Sagastizabal
1956, Eibar
 
 

 

FIK IRTEN EGIN ZUEN

 

        Fik bi egun zituen, Mundua ezagutzen hasteko adinekoa zen, beraz. Bazeukan berak, bai, irteteko gogoa; hainbeste jende bizi zen etxean! Ezti usai horrekin ere nazkatu samar zegoen; erabakia hartuta, amarengana joan zen.

        — Ama, hazi naiz, Mundua ezagutzera noa, abiatu baino lehen ezer esan nahi al didazu?

        — Baina Fiii, egon zaitez beste egun bat gutxienez etxean, Mundua oso arriskugarria da gureeetzat, oso txikia zara, laztaaaana!

        — Ez ama, bizitza bizitzeko da eta honez gero aspertu egin naiz zulo honetan, banoa eta kitto!

        — Ooooh, zure aita bezalakoa zara, bai jauuuuna! Bueno, entzun, zu baino handiagoak diren animaliengandik ihes egin ezazu, danak ez dira etsai baina horixe da seguruena; txikiagoekin ez batere fidatu, kontuz gero hankak non jartzen dituzun, gal zintezke etaaaa; kontuz amaunekin, hitz batez, dituzun begi eder horiek erabil itzazuuuu, polit horrek, laister itzuli gerooooo!

        Azkeneko hitzak ateruntz abiada osoan zihoala entzun zituen eta oaoo! Egun argia, bai zoragarria!

        Erletegitik urrundu ala, gero eta alaiago zegoen Fi, horiek koloreak, usaiak, hori haize ederra, benetan xarmangarria dena!

        Erne-erne zihoan, amak esandakoa gogoan, baina ez etsairik, ez lagunik... eh! Bi hanketako animalia ikaragarri bat hortxe, bi metrotara! Azkar asko ospa egin zuen Fik, baina ez ziola jarraitzen ikusita, laguna izango zelakoan, harengana bueltatu zen, egunon esatera edo; begiak ziruditenen artean jarrita, «kaixo» esan zion adiskidetsuki; ez du ba besteal hatzapar izugarri batez jotzen! Gizona, sudurraren aurrean erlea ikusita atzeraka hasi zen, eskuez aurpegia «monstruo» horrengandik salbatu nahian, zuztar batean endredatu eta plof! putzu batera erori zen.

        «Arraia izango zen, bere burua uretara bota duelako, baina ez, lehorrez zebilen eta, noski! badakit, lurrez eta urez ibiliz gero igela, aitonak esan zidan, bai, zergatik ikaratuko zen? Igelak berdeak zirela, ba hau ez zen oso berdea, nahastu egingo zen aitona, egun asko ditu eta, berdeak hostoak dira.»

        Horrela, gogoetatsu, aurrera jarraitu zuen.

        Gose eta egarrituta kala batzuk ikusi eta gogo handiz zurrupaka hasi zen, ahoa bete gora begiratu eta... itzal beltzak! Zer ote ziren? Kontu handiz muturra atera eta hegazti erraldoiak ikusi zituen; hotzikarak jota, kuzkur-kuzkur eginda, arnasa hartzen ere ez zen ausartzen, zorionez ez ziren gelditu.

        «Beleak, edo hartzak, ez, hartzek ez dute hegan egiten, zozoak, ez enarak beharbada, buf! izenak badakizkit baina ez dut ezta bat ere ezagutzen!»

        Berriz ere aurrera eta halako batean ingurua erabat aldatu zen, orlegi eta lasaia izatetik halako harritzar gris-marroi pilo bat izatera pasa zen, bi hankadun famatu horiek ehundaka gora eta behera zebiltzalarik. Erlearen sinestu ezina! Bi hankadun asko, gainera, etxetxo mugikor distiratsuetan zihoazen txistu eta zalaparta artean, hura saltsa!

        Etxetxo urdin batera sartu zen eta animalia harrigarri horietako batengana inguratu, «Etxetxoa» furgoneta bat zen eta gidariak, erlea uxatu nahiz, gidagailua utzi eta espaloira igoz, orduko larogei kilometrotan, gutxi gora behera, «Trikitri» zinemara sartu zen, zeinean «Autopistako borroka» botatzen zuten; jarlekuen artetik igaro eta pantailan iltzatu zen, pelikularen azkeneko eszenarekin bat eginez. Fi, hainbeste istilurekin eta bapateko iluntzeak larrituta, «ziuuuu» atera zen argiruntz.

        Liluratuta irten zuen jendeak.

        — Hori bukaera bizia daukana! Joé!

        — Bai, miresgarriak dira gaurko efekto bereziak, furgonetak eragindako haizea sentitu eta dana egin dut nik!

        Honez gero Fi irrikaz zegoen etxeko pakera bihurtzeko, baina... nondik joan?

        Zer egin jakin ez eta negarrari ekin behar zionean hots leun ezagun bat belarriratu zitzaion.

        — Amatxo!

        — Fiiii! Nere umeeeetxo! Denbora guztian jarraitu egin dizut, dardar batean eduki nauzu, maitiiiiia!

        — Goazen etxera, ama, Mundua handiegia edo ni txikiegia naiz eta!