Zerura igotzeko
Zerura igotzeko
1986, ipuinak
72 orrialde
84-398-7164-3
azala: Juan Sagastizabal
Joxean Sagastizabal
1956, Eibar
 
 

 

ZERURA IGOTZEKO

 

        — Kalean gooora, kalean beeeheera, kalean gora zezena, aiaiaiai! Kalean gooora... uzta ona hirurogeitahamazazpikoa, bai jauna! Gluk-gluk, kalean beeehera, ka... ui ama! Euria! Urik? Ez, eskerrik asko!

        Traaak!

        — Lurrera, Felix!

        Ez pentsa lagun batekin doanik, ez, normalean Felix bakarrik ibiltzen da, bere burua eta botilarekin hizketan.

        — Baina... Getariko txakolina! Zer da hau? Tximista ondo-ondoan erori da, baina hortxe dago, tente, zerua eta lurra lotuz, marmolezko soka baten irudi. Ardoaren miraria?

        — Hementxe zegok, hi! Hau gauzie!

        —Ikutzen du, igurtzen du. Nola da posible hau? Zergatik ez da plaf! Desegin?

        Gora begiratu eta beste muturra laino batean sartzen da, han goian.

        — Mutil zintzoa naiz, bestela igoko nintzatele aingerutxo bat harrapatzera...

        Aupa! Botila poltsikoan sartu eta zerurako bidean jarri zaigu. Munduan egindakoaz ez omen da gehiegi fidatzen eta ez du Azken Epaiketa arte itxoin nahi.

        — Buuuuf! Txindokira igo nintzenean ere holaxe ibili ninduan! Gogor Felix, gutxi falta duk eta!

        Azkenean iritsi da, izerditan blai.

        — Hau duk hau paisajea! Gluk-gluk, non ote da jendea? Baina e! Tximistak jarraitu egiten dik haruntza...

        Segi eta segi eta halako batean gizon distiratsu bat, txingude batekin borrokan ikusten du.

        — Infernuko txingudea! Askatuko al duk?

        — Kaixo, jauna!

        — E? Nor haiz hi, zarpatsu hori?

        — Felix, eta hi, distiratsu hori?

        — Kontuz, zomorro ardozale, ni Thor nauk, aditzen? Sumindura eta trumoiaren Jaun ikaragarria!

        — A bai? Ba ni Felix nauk, tabernarien zigor errukigabea!

        — Nondik hator? Nola iritsi haiz hona?

        — Errez, hik jarritako tximista-eskailera horretatik.

        — Aski! Jakin ezak! Sutegi honetan sortzen dizkiat tximistak, eta gero hemen azken ikutuak ematen zizkieat, mailuka. Hau botatzera nindoala abiatu egin zaidak eta txingudean kateatuta geratu, ikusten?

        — Hau ganora hirea! Langabezian ikusten haut!

        — Isil hadi, alua! Lagun iezadak!

        — Bueno, baina hemendik aurrera tximistarik ez nere inguruan, eh?

        — Bale, hitza ematen diat, heldu!

        — Bat, bi eta hiru, eup!

        Zas! Ziztu bizian abiatu da, baina... itsatsia gelditu da Felix!

        — Jo, jo, jo! Agur zomorro, hurrengo arte!

        — Amaaaa! Hau kaskarrekoa hartuko dudana! Gainera puskatu egingo zait botila! Banoaaaa!

        Beheraka azkarrago zihoan lehenago goraka baino. Xanti, noski, parean suertatu zen.

        — Auuuj! Baina zer... Felix! Hik izan behar!

        — Ouuu... puf... arratsalde on, Xanti.

        — Zer? Tente nazkatu eta koltxoitzat hartu al nauk?

        — Ez, bueno, espljkatu egingo diat, tximistatik igo ninduan zerura eta...

        — A! Zerura tximista batetik, ederki, ederki, eta?

        — Ez zuen ematen sinisten zuenik, auskalo zergatik, batzutan sinesgogorra izaten da jendea.

        — ...han Thor huen, badakik, trumoiaren jauna...

        — Bai, sinisten diat, ni gaur hegaka joan nauk lanera, ibiltzeko gogorik ez eta...—parrari eusteko ahaleginetan ari zen Xanti.

        — O! Hau suertea! Ez zaidak botila puskatu! Gluk-gluk... tragoskada bat, Xanti?

        — Ekartzak, hik beste norabait aldegin baino lehen edan beharko diat eta...

        — Ez didak sinesten, eh? Egon hadi, mozolo! —eta erronka itxuretan jarri zitzaigun, lainoei begira.

        — Hi, Thor, distiratsu zaharra, atera ezak hire mutur zikin hori, alua!

        Erantzunik ez, hitzezkorik behintzat, Xantik irriparrez begiratzen zion jainkoak ezagun omen zituen lagunari.

        — Lerdo horrek lo hartu dik, babu alena!

        Eraso egin zion zeruak, tximista-zaparrada itzel bat gaineratu zitzaien.

        — Jaaah! Ikusten, Xanti? Ikusten? Haserretu egin zaiguk! Thor! Desastre! Traktore-izena edukiz gero zer egiten duk hor goian? Sinsorgo!

        Tximisten artean, saltoka eta korrika ospa egin zuten bi lagunek. Hala behar, Jainkoak batere umorerik gabekoak baitira, zenbat eta gorago... ipurdia ageriago.