V
Ekaina... Mendietatik gora, azkeneko hotzak lurrintzen dira... Nasai hazitako belarrek, burua makurtuz, segatzea galdetzen dute... Haize legun batek atseginez iñarrosten ditu Ilinti bazterrak...
Gure lagunak ez ziren kieto egoten. Goiz eta arratsaldez, sator lanean aritzen ziren, binaka, batek pikotxa zerabilelarik eta bestea lur ateraka. Plastikozko bi balde'txiki erabiltzen zituzten horretarako, handik errestan atera eta lokalean elkarren gainean pilatzen ziren zaku handi batzutan husten zituztenak. Gauez irtendakoan, lur kiratsa zerien, eta zerbeza edaten zuten, gogotik.
Zorionak nonbait zibilak beren bidetik aienatzen zituelarik, eta lehen bide bazterrean aurkitu ohi zuten aire susmagarrizko tipo txiki ile gomatsu hura ere beste norabait bizitzera joango zelarik edo, gora eta behera eroso ibiltzen ziren.
Paisajearekin eta jendearen izakerarekin emeki-emeki laketzen ziren eta, ohartu gabe, nork bere gauza propioak piska bat utziagotu zituen, Joxemi lehenbailehen libre ikustekoz.
Anartean, Joxemik eskatu bezala, Itsasorekin hitz eginda zeuden, eta neskak, beste gizon batekin bazebilen ere kasta txarrekoa, hura; Mehmetek ezagutu zuen, eta haren begiradak morroiak makilka erabiltzen zituen bere herriko jauntzar batena gogoratu zion, zerbait egingo zuela, bai, deliberatu zuen. Harezkero abizen zailegiko preso haren andregai erdi-zoroaren eskaera hura, mutila «ahalik eta gertueneko presondegi batera» ekarri zezaten, bulego batetik beste batera ibiliko zen, «pazienteak informe baten arabera une honetan bere euskarri bakarra duen preso horren hala-beharrezko premia duelarik, sendatzekotan». Itsaso, inoiz, Joxemiz gogoratzen zen. «Ez zegon oso sano burutik esaten zuen, bere kautako, baina, ateraez gero...» Ez bait zen, haien adiskidantza, denboraren pasatzeaz joan eta joaten diren horietarikoa.
Bi astetan zehar, txintxotasuna nagusi izan zen Ilintiren mende-lurretan. Gero, ostegun batez, Mehmetek harrigarrizko gaupasa egin zuen, sukaldearen alde batetik bestera urrats luzeak emanez, bertsoak esaten, jira-bira begiak. «Hiri kaskoa idortu zaik», esango zion Hamisik hurrengo goizean.
Hamisiri bakarrik kontatu zion Patriciok gau hartan bertan izaniko amets arraroa. Rosarekin oheratu zen, eta hotza antzeman zuen emakumea. Berotu nahirik alua ukitu zion eskuarekin, han zerbait gogorra zeukala somatuz. Rosak ez zuen apenas erreakzionatzen, eta gero aitortu zion: «Lehenbiziko gaua da eta, ez dut gogorik». Orduan Patriciok utzi egin zuen, baina galdetu zion: «Zer duzu, ordea, hor?», alu barruan zeukan gauza gogor harengatik. «Estufa txiki bat da, hotza kentzeko», esan zion Rosak. Gero, emaztearengana itzuliz kristau ona zela erakutsi zuelako, serora batzuk etorri zitzaizkion koka eta chacta ematera. Berak serorak bidali zituen baina koka eta chactarekin festa batera joan zen, lagun zaharrekin egoteko.
Kasualidadeagatik, haizeagatik (haize kontua zela, uste zuen Patriciok) edo haatik, ostiralaren arratsaldean Hamisi kalean txarki begiratu zion tipo batekin kalapita bat izan zuelako su eginda itzuli zen etxera. «Oro mzungu, oro mkristo!» (Europarra, kristaua), esaten zuen, suminetan. Kalapita xoxoa izan zen, baina Hamisiri tipo zital hari matraileko bat ez emana damu zitzaion.
Beharrik larunbatarekin Joxemi ekarri zuten...
Ez zuten, baina, berak uste zuen galeriara sartu. Pare bat egunez Joxemik txinpartak atera zituen, egoera berri hari nola kopeta eman, asmaketan.
Artean Itsaso joan zitzaion bisita egitera. Esperantza gutxiz joan zen, ustez eta Joxemik eskutartean zerabilen zerbaitetarako beharko zuen, baina bere benetako beharrik ez zeukan. Elkarrizketaren ondoren oso bestelako inpresioa zeraman, eta bazkalaurrean inoiz egiten ez zuena lagunekin pote batzuk hartzera irten zen karrikara.
Joxemi ere gelditu zen, sentimentu polit bat dantzan ari zitzaiola. Hitz gutxi egin zuten, Itsaso eta biek, baina dena naturaltasun eta gozotasun batetan irten zitzaien, eta orain bazekien, neska berarekin zuela. Ateratakoan... Joxemik espero zuen, elkarrekin ibili ahalko zirela, eta beharbada... beharbada orain Itsasok ere nahiko zuen... ume bat izan... berak nahi zuen gisa, hitzetan konkretizatzen zaila zen desio batetan...
Ilintin jarriko zen, eta altxamendurako planak bertan mamituko zituen. Mehmet, Patricio, Luis, Hamisi, beraren alde dena emandako adiskide bereiztezinak, inoiz eta beti... Bizia, eta independentzia, eta internazionalismoa burubide zituztela, egundainokoak egingo zituzten...
Mehmetek egin zion hurrengo bisitan, lurrazpiko lana utzi, eta furgoneta bat alkilatu beharko zutela, esan zion, kartzelako zuzendaritzak preso batzuek handik mueble zahar batzuk ateratzeko egin zuten proposamena ontzat hartu zuelako.
San Juanak ziren. Joxemik zer esango zai, festetara jeitsi ziren, Mehmet eta Patricio, Hamisi eta Luis.
Patricio, dotore jantziko al haiz!
Patricio menditarren filosofiaren arabera ez zen arropaz batere arduratzen. Harentzat janztea aktibidade sinple bat zen, eskueran jartzen zitzaion lehenbiziko elastikoa hartu eta harexekin aterako zen: Luisek arpa jotzen zion alderdi horretatik.
Automobilean herriratu ziren eta bat, bi, hiru, lekutu arterainoko katxarroak elkarrekin hartu zituzten. Geroxeago Hamisi haizatu zitzaien.
Non da, Hami? galdetu zuen Mehmetek.
Inork ez zuen erantzun, baina hirurek kolore ñabarretako txoriñoak irudikatu zituzten.
Ez zen halakorik oraingoan. Musika hari. batek lotu zuen Hamisi pilotalekuraino, non gazte jende pilo batek soinak erritmorik gabe astintzen zituen.
Thatcher andrea
putakumea!
Dantza indarrez egiten zuten, denak denen kontra. Tarteka-tarteka, gau ibileretan ezagututako mendi koadrila batekin juntatzen zen Hamisi, eta zerbeza edatera joaten ziren plaza taberna batera. Neska batek xoratu zuen, eta haren ondoan suertatu zen okasio batetan, «basakatu begiak tun» esan zion, komentzitua gainera, baina neska bere kasa zebileñ, eta Hamisik «higantik iñar bat nahi niken neuretako gorde» irentsi beharrean gertatu zen ondikoz. Handik aurrera, sinisgaitzeko martxa hartu zuten koadrilan, nondiknahi edanez, nornahirekin sartuz, edonora, jo-ta-fuego.
Beste hirurak ez zirén elkarrengandik sobera apartatu. Berandu gabe Glori etorri zen, bere anaia eta honen koadrilako ziren kazadora-beltz batzurekin, arrasatzeko asmoa zekartenak. Konpetentzia handia topatu zuten eta ez zuten arras arrasatu, baina ahaleginak egin zituzten, eta dantzarik biolentoenak egin zituzten, eta zazpi edalontzi hautsi zituzten, eta mutilekin lagundutako neska lotsakorrak parez pare begiratzen zituzten. Halere hi-haiz-ta-ni-nauk pare bat baizik ez zuten izan, eta odolik ixuri gabe egin zuten hanka.
Pestan sartuz gero gizonezkoek emakumezkoekin enkontru egiteko ohitura dutenez, Patriciori ere grazia handiko neska pottolo samar bat suertatu zitzaion begiko, hain gustagarri, ze harengandik zintzilikatua iragan zuen gauaren erdia, hitzik esan gabe, neska ohartzen ez zitzaiolarik, harik eta bien koadrilak berezi ziren arte, non eta Patricioren bihotzari, pisu batez libraturik, taupadak baretu zitzaizkion. Mehmet hobekixeago enroilatu zen, ze aldiño batez solasean aritutako neska ile hori batek agur esateko momentuan «inoiz etorriko al haiz?» galdetu zion, eta zirraraldi batek korritu zuen kurdoaren bizkar hezurra, eta musu eman zion, eta poema ezin ederrago bat gogoratu zitzaion.
Gero mobida arraro batzuk gertatu ziren, manifestazio bat, norbaitek plazan piperpoto bati su eman ziola eta txakurrak bazetoztela zurrumurruak... Gaua amatatu baino lehen, zerbezak eta txanpañak baratzuri zopari txanda utzi zioten eta lagun mordoskak soziedadeetan gainezkatzen ziren, eta gizonak burutik nahasi zeuden, baina pozik hala ere, zeren kanpoan eguna argitu zen, eta haiek benetako gaupasa bat bururatu zuten.
Aizkora apustu baten espektazioan igaro zuten goiza, eta hura eta gero, ostatu batetan salda hartzen ari zirela, Hamisi agertu zen, ondo lo eginda mutila, non eta Lesakan, Aran deitzen zuten hango basuso baten kafi goxoan. Ostatuan, gizon zahar txapel txiki bat jarduten zen kopetilun; haren ateleka!
Eman egin behar... Eman! esaten zuen, begiek zuloetatik aldegiten ziotela. Haiek eman ziguten, guri, lehenago! Gu ixilik egon! Entendimentua lotuta... Ez betirako! Defenditu egin behar...! Harrika, edo! Bueltan, zer...? Han zeudek, ostatuan...! Hankajokoan, besteak...! Gero, negoziatu...! Negoziatu, bai: hau, eta hura, tori, faborez, mesedez... Taka!... Zeren hau, zeren hura, entenditzen duzue... Taka!... Badakizue, guk ez dugu nahi, pakea, kristo... Jo!... Eh?... Jo!... Amigo!... Zer pasatzen da hemen...?
Gero ez zen hitz horietatik ateratzen, eta Mehmet lokartzen ari zen, eta noski gora jotzeko garaia izango zuten, hartaz Luisek alkilatu zuen eta muebleak garraiatzeko espezial ematen zuen furgonetan bostak Glori ere bazihoan haiekin eta igo ziren Ilintiraino.
Azken prestakizunetan aritzen ziren. Mehmeten azkeneko bisitan, Joxemik egun bat seinalatu zuen ihesketarako: ostirala, ustez eta egun hartan txakurrak zerbait laxatzen bait ziren.
Paper zikin batzuk beharko zituen Joxemik mundu herrian trankil ibiltzekotan, halaber Ilinti baino seguruagoko gordeleku bat. Bi gauza horietarako Patricio eta Hamisi Mikelekin hizketatu ziren, xehetasun guztiez arduratuko zena.
Mikel mila gauzatan aritzen zen tipo argal eta zainbizi bat zen, zigarriloak elegantziaz erabiltzen zituena eta batzutan kaskoaren bueltan ideia moduko satelite bat zebilkiola inpresioa ematen zuena. Poesiak idazten zituen, eta ale batzuk Mehmeti utzi zizkion, baina kurdoak ez zuen besteren bertsoekin gusto handirik hartzen eta geroko baterako lagatu zituen.
Ostegun gauean Joxemik, zeldako kamantzean kixkur eginik, pentsatu zuen: «Gaur larrutan, besterik ez nuke nahi egin, edozein gustoko neskagaz». Gero, lo egin zuena, ez zuen txarra egin.
Goizean berriz, gosaritako bizkotxoa zerabilen eskua dardar hasi zitzaion, eta ez zuen bukatu bere kafesnea.
Goizerdian iritsi ziren aroztegikoak, mueble zaharrak eramatearren. Patioan sartu zuten furgoneta, eta preso batek lagunduak, mahai handi bat, apal batzuk eta armairu tipi bat kargatu zuten. Funtzionario despistatu baten aholkuak entzun behar izan zituzten, mueble berriak non eta nola ezartzeari buruz. Gero abiatu ziren, sarreraraino, poliki-poliki. Sarrerako goardia batek geldiarazi zituen, eta irekiarazi, gibeleko atea.
¿Qué llevan ahí? armairu tipiagatik.
Nada, pues erantzun zuen Patriciok.
A ver.
Zerra ezak borta! oihu egin zuen, bestaldetik, Hamisik.
Patriciok barrura salto egin, Luisek furgoneta eta Mehmetek kotxea arrankatu, Hamisik txakurrari disparatu eta beste txakur batek salto egiten zuen Joxemiri bala bat petxo erditik sartzea, une bat izan zen...
Me kaguen dios! bota zuen Joxemik lurreratzen zelarik.
* * *
Ilintiko sukaldean lau lagunak triste etsita daude. Negar egin dute, eta elkarri begiratzen diotenean, mina sentitzen dute. Ixilik daude, geldirik, ez dakite zeren esperoan.
Hamisik zigarrilo bat piztu du eta poxpoloa, axolagabeki, ixkin batera du jaurtiki. Han metaturiko zarbak ez.du behar askorik, suak har dezan... Hamisi bera altxatu da, hura itzaltzeko, baina Mehmetek, orduan, geldierazi du... Elkarri fijo begiratu diote...
Kanpotik ikusi zuten, xoratuak, Ilinti nola ilauntzen zen... Eta suak beren aurpegietan kiskaltzeari utzi zionean, lauak besarkada batetan elkartu ziren, eta berezi zirenean, ez ziren berriro elkartu, eta orraziak markatzen dituen lau puntu garrantzitsuenetatik abiatu ziren.