Joxemi
Joxemi
1986, nobela
96 orrialde
84-398-7175-3
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1984, nobela
Joxemi
1986, nobela
96 orrialde
84-398-7175-3
aurkibidea
 

 

I

 

        Jende gutxi erratzen zen Donibaneko karrikan. Gizonezko askok lan egiten bait zuten. Lan egiten ez zuten gizonezkoek maindireen freskuraz gozatzen ikasi zuten. Anderezko batzu ez ziren jadanik freskura horrezaz gozatzen. Kalearen errebueltatik behera, horietarik bat zetorren. Kale estua zen, harrizko kalea. Beste andere bat behetik gora zetorren. Itzalgune batetan hizketan trabatzea ondo etorri zitzaien, zeramatzaten poltsa astunak lurreratzekotan.

        «Hasi dituk», pentsatu zuen Joxemik, balorapen orokorrak ematera ausartu gabe besteen ekintzak maltzurkeriaz xehetzen zituzten pertsonak begi txarretik hartzen bait zituen.

        Baina segidan poltsak jaso eta itzalgunetik aterata elkarrengandik berezi ziren. Presaka ibiliko ziren, zeren udara bait zen, eta haurrak etxeetan zeuden, eta momentu batetik bestera esna zitezkeen, zeren eguzkia —Joxemiren ile nahasien punta errubiaskak kixkurtzen zituena— teilatuetatik gora zebilen.

        Joxemi gau hartako amets gustagarri batekin gogoratzen ari zen. Itsaso, erdi-sekretuan horrenbeste maite zuen emakumeak, bere gela berean lo egin zuen; bi litera zeuden eta bera, Joxemi, goikoan zegoen, eta orduan Itsaso heldu zen eta eztitasunez biluztu zen eta behekoan sartu zen, eta Joxemik «jeitsiko al naiz?» eta «ez» eta «beharbada...» pentsaketan denbora oso goxo iragan zuen; zerbait horrela izan zen behintzat, gaizki akordatzen bait zen.

        Gero bihotza taupada azkarrez hedatu zitzaion. Egun ederra zen, eta hori ez zen kasualidadea. Eta azken hilabeteetan behin eta berriro erabilitako ideia bururatzen zitzaiolarik begia ez zitzaion xehetasun nimiñoetan galtzen, eta denbora dena etorkizun iruditzen zitzaion, eta mundua leku bat zelaia...

        Aspalditik hitz bat zebilkion buruan Joxemiri: independentzia. «Askatasuna» baino gehiago gustatzen zitzaion. «Askatasunak zailago izan behar dik, zeren denen ahotan zebilek», esaten zuen. «Independentzia ez, hori gure-gurea diagu. Hori han zegok eta haruntza bide xuxena zeukeagu. Askatasunak ere direkzio berean egon behar dik gainera».

        Independentziaren asmoak proiekturik fabulosoenak kontzebitzera eraman zuen. Euskal Herritik aterako zen, eta munduan zehar euskaldunen borroka ezagutaraztearekin batera beste herri zapalduekiko elkartasuna adieraziko zuen. Bi gauza zekizkien: Indiko aldean munta bateko atentatu bat egin behar zuela eta haratakoan Perutik pasatu beharko zuela, han bizi zen alta Manu, lehergailutan espezialista zen euskaldun apaizak, zenbait aholku eman ziezaion.

        Lima-rako abioia sei aste barru aterako zen...

        Mikel Joxemiren lagun on bat zen. Hor zetorren, etxe aldera, keinu despistatuz.

        — Ze, neskak ohetik bota al hau? —hots egin zion Joxemik leihotik.

        Mikelek irribarre egin zion. Ez zen bere irribarrea, baina Joxemi ez zen konturatu.

        — Bueno —esan zion, atea zabaltzen ziola—, sartu hadi nerean —oheagatik, seinalatzen ziola—, beharra baduk eta!

        — Joxemi —Mikelek eskua lepoan ipini zion—, Kapi eta Mieltxo detenitu dizkitek.

        Ez zegoen brometarako girorik.

        — Diablos! —esan zuen Joxemik—. Noiz?

        — Goizaldean, ba —esan zuen Mikelek—; bien etxeetara joan dituk. UARkoak. Txakurrak, tanketekin.... Mieltxorenean atea josi ditek, balazoka.

        Momentu batez isilik egon ziren.

        — Bale, hi —esan zuen gero Joxemik—; arin ibili behar diagu. Luisi pasa al diok abisua?

        — Luisi? Ez ...

        — Hi: haruntza joan hadi eta nire partez, orain goazela esaiok; batelean goazela, gauzak paratzeko.

        — Ondo —esan zuen Mikelek—; batelean, esan duk... zera, hau ekarri diat...

        Esku poltsa tiki bat zen.

        — Zer? Paperak? Ondo, ondo... Honekin seguru goazek!

        — Bueno, baniak —Mikel irten zen. «Mutil fina duk», pentsatu zuen Joxemik. Gero gauza batzu bildu zituen eta paper zuri batetan honela idatzi zuen:

 

        Lagunak, aita, ama, arreba eta anaiak, aupa! Banoa. Maite zaituztet eta pena ematen dit ez orain musu bana emateak, baina hobe dut honela.

        Lan bat egitera noa, eta munduan barrena esango dut, gu hementxe gaudela, eta gu bezala borrokatzen ari direnei esango diet, bat garela borrokatzen dugunok.

        Ez dakit nondik-nora ibiliko garen. Trintxerpeko Luisekin abiatzen naiz, eta itzultzen ahaleginak egingo ditut.

        Gora Euskadi independientea!

Joxemi

 

        Gero bista gela gainetik paseatu zuen eta irteterakoan suabe itxi zuen atea. Idatzitako agurra lehenbiziko pisuan bizi zen Joneri eman zion —eta neskak bere begi handi urdinez lasai joateko adierazi zion, eta haren ilaje kapritxosoa asko gustatzen zitzaion Joxemiri—, bere gurasoei eman ziezaien. Gero kaleratu zen, eta Maritxuk, bere balkoitik, alkondara txuria, galtza bakeroak eta zapatila berriak ikusi zizkion, eta eskuan orain eramaten diren zakutto horietako bat zeramala.

        Donibanetik San Pedrora joaten den batelaren tostan jarrita Joxemik arnasa sakon hartu zuen bere herriari begira.

        Atarian sartuta Luisen etxetik Glori haren emaztearen ahotsa iritsi zitzaion: — Vaste... Por que te vas agora?

        — Teño que ir, muller, non o ves?

        — Non, non vexo.

        Joxemi ikusirik Glorik bere malkoak sukaldean izkutatu zituen.

        Luis minduta zegoen, baina dezidituta. Dena prest zeukan, ate ondoan poltsa bat ere. nahiko sagarrarekin.

        — Vamos muller —Luisek kariñoz heldu zion—, non me vas a dar un bico?

        — Un bico? —esan zuen Glorik—. Seica te vas para moito tempo?

        — Non sei, Glori —esan zuen Luisek—, o menos posibre... Eu quéroche moito.

        Hitz haiekin eta beste batzurekin Glori piska bat kontsolatu zen, eta Luis ere bai, eta Joxemi eta biak, kalearen alde batera eta bestera begiratu ondoren, atera ziren.

        — Gogorra duk, e? —esan zuen Luisek—. Gogorra duk.

        — Bai, gogorra duk —esan zuen Joxemik. — Eta asko maite diat, bera...

        — Berak ere asko maite hau, hi —esan zuen Joxemik.

        Isiltasun emotibo bat gertatu zen.

        — Txakurrak —esan zuen gero Luisek— etxera joan al zaizkik?

        — Ez noski! —esan zuen Joxemik—. Joatea bazeukatek, orain!

        Luisi, lema zerabilela, begia pittin bat argitu zitzaion. Joxemik ere ez zuen atzera begiratzen; nahiko zereginik bazuten aurrerakoan.

        Urrundu ziren...