IV
Ez zetozen bakarrik ordea. Ziudadetik bueltan, elastiko grisez eta galtza horiez dotore jantzitako beltz bat zetorren, berekin.
Aurreko gauean jaso zuten abisua, Hamisi irribarretia halako egunez eta halako trenez ailegatuko zela. Orain hantxe zen, Ilinti parean, Patriciorekin emozio zabal bat konpartituz besarkada batetan.
Tanzaniarraren begi argia, haren larru iluna, haren usaia ere, maitagarrizko oroitzapenen kutxan zeuzkan Patriciok gordeak. Hamisik ere, anitz apreziatzen zuen Patricioren bihotz sinplea eta berarekiko emankorra.
Onki zaintzen yaz, yi!
Hamisik ez zuen konprenitzen, Dar-es-Salaam-eko biblioteka nazionalean antzemandako uskara gramatika hartan ustez bastante polliki ikasi zuen hizkuntzaz mintzatuz gero, jendeak harriduraz non ez bait zen dibertimentuz zertara begiratzen zion.
Orain, hanka-besoak zalutasunez luzatzen zituela, bidaia nekosotik bere baitaratzen zen, eta ardi baten marrakak, eta arratsaren argi murriak eta lur hezearen usainak inpresio estraino bat gogoratu zioten. Beharrik hantxe zen Patricio, xaloki esateko:
Etorri barrura: gose aurpegia dakarrek.
Hamisik alditxo bat iragan zuen bere onetik kanpo. Gogozki aritzen zen, espetxeranzko lurpeko zulogintzan, baina tarte libreetan, deskantsatu ordez, mendi diskoteka horietako batera joaten hasi zen, eta bestela, astegunetan, dantzan ezagututako neskaren batekin gelditzen zen, xanpañ kopa baten hartzeko eta, egokituz gero, neska hura eratzateko gero. Lan zaila, hura, mendikume haiekin, baina Hamisi akabailaz solastatzen zen:
Ni xatan naz eta yi're bai xitan yaz eneki.
Eta nola neskak doinuaren goxoaz liluraturik, bestalde baina bat ipintzen zuen hemen eta beste baina bat han:
Xoxoa! Nork xineseren du kori solo yik? Mallo-mallo onki erkinen dun...
Harekin behinik-behin txortan aritu zen gozo-gozo.
Beste gau batetan, Hamisi, dantzalekutik bueltan ,arin zetorren, «egun gehio izan tuk nik berotu nescak ni berotu naienak baino» pentsatuz), Patricio ka)ilabera batekin topatu zen etxeko eskaratzean.
Egunsentiak elerraten antzemango zituen. Hamisirentzat batipat gogoangarrizko goizaldea suertatu zen hura, ze Patriciok, ia inoiz egiten ez zuena, bere barruko sentimentu bakoitzarentzat hitzen bat aukeratu zuelako.
Gureak esaten zuen, itzal bat begi ninitan han gelditu dira. Eguzkiarekin, mendiarekin, jaiarekin gelditu dira. Guk gauza asko ikusten ditugu, baina han, sinple izan arren, dena zabalago da...
Hamisik ez zeukan etxerako minik. Europa handia zen, eta hango koloreak eta neskak ez ziren brixtez bertan behera uzteko modukoak; bazekien bai Patriciorena desberdina zela.
Eta haurrak, onki tuk haurrak?
Gaixoa! Deus ere ez dakit eta. Han ibiliko dira... Neri haurrak gustatzen zaizkit...! Haiekin aritzen naiz ongi, hain dira partikularrak, hain dira lagunkoiak... Ikusi nahi nituzke, bai, ikusi nahi nituzke, horrexegatik...
Hamisi buruan ezagutzen ez zituen jende eta lurralde haiek irudikatu nahi isilik zegoen.
...Horrexegatik alditan jotzen nau tristeziak...
Haurretaz aritu ziren Hamisik ere bazuen, herrian, «haur ñotto bat iror urteko», eta gero beren oraingo gauzez eta hurbileko lagunez. Mehmetez, kasu, Hamisik «aski bere kasako tipoa» zela eritzi zuenez, Patriciok «poeta bat» zela esplikatu zion. Joxemi eta Luis, Patriciorentzat, ekintzetan barekin ongi aritu izan arren, «arrotz samarrak» ziren, beren izakeraz edo hizketako doinuaz edo beste horrelako zerbaitez; munduan barrena ibiltzekotan, Luis zeukan horratik beste inor baino nahiago (beharbada soberaxko preziatzen zuen Hamisi bera ere baino nahiago, baina hori gorde zuen bere golkorako), tipo «erraza» zelako. Hamisik ordea, Luis gogortxo antzematen zuen, Joxemi zuelarik orotan maiteena.
Kori kantik atera artio..! esan zuen, eta hasperen luze baten amaieran zerumugatik goiti nagusitu zen argi gorri mina begietan isladatu zitzaion.
Beste behin, Hamisiri maitemintzea gertatu zitzaion. Josune zuen izena, eta, ondo ikusita, kalekutzat hori baino askoz gehiago bilakatu zen, inoiz ezagutu zuen neskarik sotilena, misteriotsuena, gartsuena, desiragarriena... Antza Josunek puntu batetaraino bakarrik hartzen zuen aintzakotzat Hamisi, hortik aurrera alanbrespinozko baina aukera txiki eta polita eskaintzen zuen! irriparre batez defenditzen zelarik.
Xedera gaiztoan eroria zela ulertzearekin ez zuen Hamisik deusik aurreratu, eta gorputz barrena bizi-bizi baina komunikazioa erabat etenik sentitzen zituen gaupasa ondo batez, karreteran hotzak, lagun begiratu zion adin oneko prostituta batekin elkartu zen, basetxe bateko ohantze batera. Albistea, gero, Ilintiraino heldu zen nolabait, eta Luisek, ez oso zeharka, eta, molde finago batez, Patriciok ere, barrurantza hazi ohi den maitasunaren adarra jo zioten Hamisiri bolada batez.
Déjame vivir
porque no me comprendes que tú y yo
no-no-no
no tenemos ya
más nada que decirnos sólo adios.
Luis bakarrik kexatzen zen irrati kanta horien kalidade bajuaz, aldiz beste inori baino gehiago gustatzen zitzaizkion.
Hi bai hago esan zion behin Mehmetek, legunki txit enamoratua, hire Glori horrekin.
Enamoratua? Zer da hori? baina Luisek ez zekien disimulatzen.
Herorrek jakingo duk Mehmetek.
Hik ez duk jakingo, ez atxiki zuen Luisek, eta kontraatakera pasa: Hi izango haiz, nire auzoko bat bezalakoa; Glorik esanda zekiat: ezkondu artean ez zian larrurik joko noski, ezkon gauean behintzat bederatzi aldiz jo zioken, astoak; hasi ziren hartan bukatu ziren neskaren plazerrak, gizona larri bajatu huen, orain (ze, hamar urte eramango dituzte?) hiru hilabetetan behin aritzen omen zaiok, eta andreak, jo eta jo bestea, andreak artean «bihar esnea erosi behar dinat, sagarrak, ogia...» aritzen omen duk.
Eta Glorik esan zuen Hamisik, atso korri, ze elerranen dik, hiren?
Ez horrelakorik...! broma estilo hartan bere terrenoan sentitzen zen Luis.
Hobe duk urrin egon eta aldikal xoaitan segi bai! umorez Hamisik.
Hik nahi duk, eta ezin duk, eta hori okerrago duk.
Nontik erkitan duk kori? Hamisi samurtu zen serio Nor yaz yi, gaiza kori erraitako? Ni ez nuk ebiltan, ez korreki, ez eureki ere!
Hartan, Luisek «en fin!» esan nahi zezakeen keinu bat eginik esne katiluan gorde zuen bere burua.
Biharramonean hori baino txarragoko zerbaitekin itzuli zen Mehmet kartzelarako bisitalditik: ostiralarekin Joxemi beste presondegi batera trasladatuko zuten.
Lagunen goitik-beherakoa! Tunela amaitzeko bezperan kalkulatzen ihardunda hogei bat egun faltako zutela jotzen zutelarik, lanari utzi behar...! Bai aldebat utzi ere, tunpateko hartaz ez zerurako ez lurrerako gelditu bait ziren. Mehmet ohean sartu zen, eta astebetean bertso bakar bat ere ez zitzaion gogoratu. Patricio harat-honat zebilen, gauzak leku batetik kendu eta beste batetan ipiniz, baina azkenean azak eta letxugak ere ohartu ziren, tipo hura ez zela garai batetakoa. Hamisi egunez hasi zen ateratzen, eta deskuidoan neskatilaren batekin topatzen bazen, irribarre akitu baten itzala eskaintzen zion. Luisek Trintxerperako hiru joan-etorri egin zituen, laugarrenean berriz joan bakarrik egin zuen, eta Hamisik gailego karek zer pentsatzen zuen, protestatu zuen.
Mikelek aurkitu zuenean Luis ardo putzu bat zen taberna batetan.
Luis, zer habil hemen? galdetu zion.
Hire bila norekin ari zen ezagutu gabe. Ameriketara joan beharra zeukeagu.
Hi esan zion Mikelek, berak bakarrik zekien goxotasunez: goazemak etxera.
Etxera? Ez behintzat! Ameriketara...
Mikel bazeraman bai Luisek, zerenbaiteko karga hatsanturik heldu zen lagunaren etxeraino. Ohean utzi zuelarik, hari ezer esaten aritzea alferrikako zela eta, bertan sobre bat utzirik desagertu zen...
Hurrengo goizean, Glorik hitz gutxiz, zimiko zenbaitez dutxatu zedila komentzitu zuen. Buruak ez zion hala ere hagitz ongi funtzionatzen, mesanotxean sobre hura deskubritu zuenean.
Joxemiren eskutitz bat zen, presondegi berritik nondipait aterea.
«Aupa!
»Zer moduz, koadrila? Suelto bazabiltzate behintzat eta kontent. Ni, goseak, orain, huelgan gatxek eta, baina yogurra baino sanoagoa, hau ona duk eta, osasunerako. Itsusia duk hau, baina ez nauk horma hauei begira egotekoa.
»Lanarekin segi zuek, ez zaitezten aspertu, eta beste gauza bat: esaiozue Itsasori ni hara joateko eskakizuna egin beharra daukala. Nobioak garela gogoratzen ez bada, eta bera gaizki dagoela, eta nire beharra daukala, eta, bueno, hori, bale?
»Egongo gaituk,
Joxemi».
Ilinti berriz ere martxan...
Gau hartakoxe umore ona profitatuz (arratsaldean Patriciok aitzurra gogotik erabili zuen, kakalardoa baino entretenituagoa, eta Hamisi kanta marmarka aritu zen, betargi, eta Luisek sukalde bazterrak inork inoiz salbu eta, menturaz, Glorik, ezkondu eta geroxeagoko goiz ero batetan ikusi ez zion pollikitasunez txukundu zituen), Mehmetek proposatu zuen ze, negozioak bide xuxena harturik zegoela ikusirik, ea hurrengo larunbatarekin iparraldera zergatik ez joan, bera han izan zelarik adiskide batek noiznahi joateko gonbitea egin bait zion, eta orain gainera bestatan zeudela, han edo inguruan berak non ez bait zekien.
Mendian gora, mendian behera, larunbat eguerdiz, Bokartenian ziren, Txominen etxean.
Txomin mutil puska ederra zen, mahaian solas egiteko laguna, eta Mari haren emazteak, besteen hizketan eleño batzuk tartekatzen zituen eta lan egiten zuen mando baten gisa.
Bazkari izugarria bururatu zuten. Txomin mintzatzen zen gehienik, nahiz ez hoberenik eta klixkaka begiak, horrek pentsatzen laguntzen ziola esaten bait zuen.
Me... Mehmet hau baita mutil moxkor arraila! Uste duzue, ni etxerat heldu nintzelarik, tipi eta tapa, go... goxoan, gau be... bete-betean, ateka pasa eta non ikusten dudan mairu bildurgarri bat, hor lurrean etzanik, ez bait zen gisa, gaua baino beltzagoa ere... Z... z... zihaur Hamisiri baino beltzagoa ere egiten bait zuen, aldebat horditurik gizona, eta nik enetako erran, hau, edo hilik utzi dik norbaitek hemen, edo espakatia duk... Ha... ha.... hanka muturrez taka egin nion eta gaixoak ahapetik zerbait sarramuskatu zautan... 0... o.... orduan espakatia duk, erran nuen, eta errestaka ekarri nuen etxeraino, lastotan lokartu zedin. Do... do... dohakabea! Ez bait zinuen hemengo usantza ezagutzen eta dzangarena egiten zuen Txominek.
Martinia, anitx ona duk! esan zuen Hamisik, Pariserako abioian estraineko aldiz hartarik probatua.
De... denak dituk onak! Ba... bata bestearekin, txarrak!
Bereizten zailak, gero! esan zuen Luisek, zigarro puru batez armatua.
Berexten ahal bada esan zuen Hamisik, bizkor onki, bestela, orobat!
Nahi'zue xorta'at? Marik botila bat zerabilen buru-kopen gainetik.
Nahi zuten ba. Gero beste bat. Eta gero kalera, baizik eta Ezpeletan feria zenez giro izanen zen. Mariri bi masail gorrixtatan muxu bana ematen azkena, Mehmet gelditu zen, eta kurdoak halako samurtasunez begiratzen zuen, eta Marik ez zuen bista altxatzeko adorerik izan, ze begiradak salatuko zuen, eta senarra kanpotik beha zukeen. Gizonezkoak abiatu zirelarik, aulki batetan jarri zen, eta, mendira so, ogi purruska batzuk hatz-mamitan jolasgai, gogoratu zen... Egun hartan, Txomin lanera joana zen, eta arditegiko ganbaran Mehmet bakarrik zen, eta hura deusetaz ohartu gabe, berak kargatu zuen eta etxeraino eraman, eta maiñu bero bat prestatu zion, eta sarrerazi uretan, eta xaboia eman eta garbitu eta txukatu eta gero ohera lagundu... Mehmet lokartua, hari begira gelditu bait zen, haren espresioa hain bait zitzaion atsegina, eta kolore beltxa, eta zenbait egunetako bixarra, eta ardo koloreko ezpain lodi horiek... Joan bait zitzaion eta hurbildu bisaia eta ezpainez ukitu gizonaren ezpainak eta instant batez horretan gelditu, haren larruaren usain kilikagarria eta ezpain gogor haien sentsibilitatea betikoz bereganatu artean... Xutitu zen hala ere, eta sukaldea xahutu, eta bere burua pittin bat apaindu, sarri etxeratzeko bait ziren Kattalin eta Felixi, eta, bon, hasperen bat askatu zuen, esperantza ttipi batekin.
Bost gizonezkoak tabernarik taberna ibili ziren, irri-kontalari, berde koloreko edari majikoak edanez.
Hegoalderako itzulia Txomin hanka bakarreko iheslari bizkaitar batekin utzi zuten, esan beharrekoak geroz eta esan ezinagoan ez zen izan ez-usterik gabea. Mugazainak aise burlatu zituzten, eta peugeot mutur-herdoildu batez egin zuten kamiorik gehiena...
Alta bada, nonbait, atentaturen bat gertatu berri zen salatari bat hil zutena gero jakingo zuten, eta Hernani baino lehentxeago, errebuelta txar baten ondotik, kontrol zikin batekin topatu ziren; Luisek azeleratu zuen eta, besteak bezala gorputza kikilduz, zis-zas lurrean zeuden burdinezko zizpitak ebitatu zituen, eta eskuin-ezkerretik eta tanketa gainetik jaurtikitako bala guztietatik, bakar batek ere ez zuen autoan zihoaztenen larrurik zulatu.
Segituan kotxe hura utzi eta beste bat galdegin zioten atso ikarati bati aldi baterako. Horrexen barruan konturatu ziren, Mehmet falta zutela. «Non arraio sartu zaigu kurdoa!» Ezin bilatzen hasi behintzat, eta abio batetan joan eta Ilintira ailegatu ziren.
Berandu gabe jeitsi ziren atzera, Patricio eta Luis, atsoaren automobila utzi eta Mehmeten arrastoa segitzera noski. Herriko gazte ezagun bati galdetu zioten:
Aizak: kurdoa ikusi al duk hemendik?
Ez erantzun zuen harek: nik ez dut kurdorik ikusi eta, ondoko lagunari: Hik ikusi al duk, kurdorik, hortik?
Majo zegoen laguna.
Aspaldian ez diat kurdorik ikusi, neronek ere.
Ez zen kuxidadea. lluntzearekin, etsita, gora jo zuten: oinez halabeharrean, behatz eginez arima gupidatsuren batek puska batez lagunduko ote zituen. Lehenbiziko kotxean, figura ezagun bat. Mehmet!
Ama!
Puñeta!
Txatarra barruan bihotzak alai.
Non sartu hintzen ordea?
Komunera joan beharra neukan, demonio! Baia! Eta kotxea?
Mehmetek parre egin zuen. Enemigo bati kendu zioat.
Afaritan, fideo zoparen ondoren, Luisek hitz berri batzuk munduratu zituen.
Hola ibiltzen haizenean konturatzen haiz, hau ni-diosek ez duela geldierazten.
Herria zapaltzeagatik pagatutako mertzenario horiek ere ari dira, bestaldetik, geroz eta gehio
esan zuen Patriciok, patata puska bat hortzetan zerabilela, ohizkoa ez zeukan ebakera zorrotzez.
Bai esan zuen Luisek-; baina guk, aurki, Joxemi aterako diagu.