Joxemi
Joxemi
1986, nobela
96 orrialde
84-398-7175-3
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1984, nobela
Joxemi
1986, nobela
96 orrialde
84-398-7175-3
aurkibidea
 

 

V

 

        Joxemik, Frantzian asunto zahar bat garbitu beharrez, laster itzultzea erabakita zeukan. Besteekin komentatu zuen. Bigarren ekintzarako Maputo-ko kontaktoa erabiliko zuten.

        Halabaina, Europa baino lehenago, ekialde hurbila joko zuen.

        — Lagun batek —esan zion Yusufek— Parisa joan behar dik, eta hik lagundu dezakek.

        — Bale.

        Lagun harek Mehmet Doluk izena zuen, eta Pertsiako golkotik ez biziki aparte bizi zela informatzen zuen papertxo batek.

 

* * *

 

        Haruntzako barku bidaian, denborak gehiago pisatzen zuen Joxemiren gogoan. Egunak oso goiz hasten ziren eta oso berandu bukatzen.

 

                Bakardade ta oroitze askok

                ia burutik nastuta...

 

        Ez zen, hala ere, erdipurdiko une haietan, horren gaizki sentitzen, zeren eta —iruditzen zitzaion, puru baten lainoen azpitik— lehenago ere sentitu bait zen hala moduan, eta, inoiz edo behin, bizikizun zahar haien familiartasun kutsua laket zitzaion.

        Kirab-en aurkitu zuen Mehmet. Hogeitamar bat urte, ez altua, azal iluntxoa, ile beltz askoa, sudur galanta, bibote usua, esku txikiak eta txaketa xaretu xamarra.

        Mehmet kurdoa zen. Kontsonanteak galtzen hasitako frantses gozoaz hitz egiten zuen.

        Joxemiri ondo iruditzen bazitzaion edo eragozpenik ez bazuen, gau hartan bertan abiatuko ziren, Turkiarantza, non berak muga negozio bat xuxendu behar zuen. Astebete eramango zion horrek, eta Joxemik muga pasatu eta bere amonaren herrian egotea zeukan, nahi baldin bazuen.

        Baina Joxemiri —mapa bati begira— bestelako proiektua bururatu zitzaion; hura egin eta gero Erzurum-en elkartuko ziren, halako egunez, halako lekuan.

        Gerora elkarri kontu batzu esan zizkioten, Joxemik Euskal Herrikoak, Mehmetek Kurdistangoak —herri handia bezain txikitua eta umilerazia, puxkatua, erreprimitua, debekatua.

        Mehmetek poesiak egiten zituen; gizon fina zen, zerbait berekoia; bederatzi urte zituela, bere aitak, nekazari pobrea, Irak-eko diktaduraren aurka pesmerga izan bait zen, zeukan behi bakarra saldu omen zuen, ametrailadora bat erosteko.

        Jendez gainezkako autobus txatar batek asfaltozko bide luze bakarraren kilometroak banan-banan jaten zituen. Gaua zen, inork ez zuen berbarik egiten, motorraren hotsak zorigaiztoko ametsak bideratzen zituen. Kanpora, Joxemik mugagabeko basoak eta lur propietate handiak ikuskatzen zituen. Zeharkatzen zituzten herrietan, miseriak min ematen zuen.

        Urmian-go etxe triste batetan berezi ziren. Mehmet mugalaria zen, eta bere komandoak egun haietan Iran-Irak arteko gerra zela eta soldadu kurdo batzuk eskuratutako armak Turkiako Kurdistanen aritzen ziren gerrilariei pasatu behar zizkien.

        Joxemik, kontrabandista armenio baten laguntzarekin, Georgia jo zuen. Tbilis-eko hiri erdiko bere etxean Surab-ek beso zabalik hartu zuen. Jatorrizko euskalduna zirudien.

        — Joxemi! Hi hemendik! Hauxe sorpresa!

        Etxe polita zuen Surabek, detaile askorekin. Baso bana ardo zerbitzatu ondoren, galdetu zuen:

        — Zer, zertan dabiltza gure mendebaldeko anaiak?

        — Mendebaldeko anaiak —esan zuen Joxemik— de puta pena zebiltzek.

        — Gaizki? —galdetu zuen Surabek, menturaz hala ere zenbait esabidetara ez arront egina.

        — Bai. Oso gaizki —egun hartako Joxemiren hitzek samina zerioten—. Ez zekiat altxatu behar dugun edo... —Euskadiko egoera pintatu zion: errepresioa, langabezia, ilusiorik eza, alkoholismoa, komunikabide inplakableak, euskararen galtzea...

        — Faktore bat ahaztu zaik —esan zuen Surabek Joxemik bukatutakoan.

        — Ez, ez zaidak ahaztu —esan zuen Joxemik-; bazekiat borroka badagoena, baina batzutan ematen dik ofentsiba horri buru egiteko gutxi ari garen...

        — Asko hobeto gutxi baino, dena dela herria horretan ari baldin bada, gerra irabaziko duzue.

        — Herria? —esan zuen Joxemik, eta hotzikara batek iñarrosi zuen.

        Gau hartan, Mongoliako txielobiek tiki bat ezagutu zuen. Turista bat zen, irritsua, oso irritsua, harekin orduak pasa eta gero ezin bait zitekeen imajinatu irririk gabe.

        — Gure herriak —esaten zuen, hitz batez, bi keinuz eta papertxo bateko hamalau zirriborrez— ez daki zer den kapitalismoa. Guk salto eman genuen, feudalismotik sozialismora... Eta gehiago dena, mendialdean oraindik bizi diren ale nomada horiek komunismo primitibotik geroko komunismora salto emango dute, menturaz.

        Gero izozkin bat jatera gonbidatu zuen Joxemi, eta honek, zer esan ez bait zekien, berak ta-ta-ta aritzen zirela adierazi zion, kapitalismoaren kontra seguru, kapitalismoa defendatzen zuten txakurren kontra, orduan mongoliarrak buruarekin onespenezko keinuak egiten zituen, kaniexna, kaniexna (noski, noski) esanez, beti irribarrez.

        Biharramunean berriz, Surabek eraman zuen festa batetan —eta bere arropa batzu utzi zizkion georgiarrak, dotore joan zedin, ez bait zen gisa bestela—, Joxemik neska udmurtiar bat ezagutu zuen, eta gustora aritu zitzaion, eleka, dantza jauzika, eta batez ere begi grazia batzu eginez. Neskari gustatu nonbait Joxemiren graziak, eta hantxe hasi zen erromantze bat hain laburra nola apasionatua. Neskak musu delikatuak ematen zituen, eta hain suabe kantatzen zuen, ze Joxemi ez bait zen mundu honetako sentitzen.

 

                Xundi puksiz oi tabierie

                uz juja ni tzuknatek

                (Eguzkia sortu da / ez da berriz sortuko)

 

        Erzurumerako bide gehiena automobilez egin zuen Joxemik. Kafetegi batetan ikusi zuen Mehmet. Urduri zegoen hau. Nonbait, muga pasatzen ari zirela, Irak-eko patruila batekin topatu ziren eta, nahiz eta bi gutxienez akabatu eta gainerakoak uxatu zituzten, soldaduek ere hil zuten beraietako bat, eta handik aurrera lasterka ibili ziren, armak zulo batetan utziz, berak baino seguruago behintzat, zeren handik aurrera nahiko nahigabe eta ezbehar suertatu zitzaien.

        Hustu hala betetzen ziren te baso banarekin iragan zuten arratsaldea. Joxemik aspaldian ikusi zuen eta orain ez jakin zergatik gogoratu zitzaion pelikula desastre bat kontatu zion Mehmeti, eta honek letutako azkeneko nobelaz kontratakatu zuen. Bukaera politeko nobela, hura: hiltzen omen zen protagonista, eta bere lagunak, oso pobreak izanik bere etxean bizi bait ziren, ba, etxea kasualidade majiko batez sukartzen zelarik, haiek, sua amatatu gabe, protagonista hilda beren arteko lokarria hautsi bait zen, han uzten zuten dena erre zedin. Tortilla Flat izeneko nobela, amerikano batek izkiribatua.

        Joxemi ez zen halako kontuekin laketzen, bestalde gai hartan zeresanik oso gutxi zuen, bizitza guztian banaka irakurri bait zituen liburuak, hasi eta bukatu.

        Egun hartako gaua monografikoa izan zuen, Euskal Herria eta hango neska amoltsu mikatz bat... Ordutik ordura, hartutako te guztiarekin gogoratzen zen eta zerua eta infernua madarikatzen zituen.

        Antigualeko kotxe batetan zeharkatu zituzten Zazas-eko mendiak. Ardiak eta ahuntzak alper zebiltzen, eta aitzinagoko bailaretan, erremolatxa, kotoia eta tabakoa hazten ziren azkarki. Soldadutan ere ez zegoen oso gutxi, Diyarbekir inguruan batipat. Behi saltzaile mozkor batek kontatu zienez —kurmancîz mintzo zen, Mehmeten dialektoaz—, bakea bukatu zen han, bai, ez zegoen gehiago bakerik, zeren bere herrian —herri koxkor bat, malda legun batetansoldaduek jendea kulatazoka erabili zuten, eta zaharrei eskuak bizarrarekin lotu zizkieten, eta haietako batek —itsua, gizarajoa, harek zer egin zuen— hots egiten zuen: «Tu ne hat...! Min tu ne dît...! Ez tu nizanim...!» (Inor ez da etorri! Ez dut inor ikusi! Ez dakit ezer!), eta soldaduek barre egiten zuten dibertiturik...

        Noizpait-noizpait, Sirian barrena, eta zeramaten paperketari esker kontrol guztiak iragaten zituztela, Libanora heldu ziren. Palestindarren kanpamentu batetan ikusi zuen pintada hau ondo grabatuta gelditu zitzaion Joxemiri: Jadanik ez gara esklabu, borrokan egiten bait dugu.

        Beirutetik Parisa eramango zituen abioi batek suerte Diska batekin.