Joxemi
Joxemi
1986, nobela
96 orrialde
84-398-7175-3
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1984, nobela
Joxemi
1986, nobela
96 orrialde
84-398-7175-3
aurkibidea
 

 

I

 

        Joxemi, muga pasatu eta hamabost egun beranduago, Oiartzungo gau kontrol batetan atxilotu zuten.

        Iparraldean gelditua zen Mehmetek, berri txarra jakin zuelarik, Aezkoan barrena muga pasatu zuen.

        Lehendabizi Joxemiren familiarengana jo zuen. Ama zaharra zuen Joxemik, adeitsua, gozotasunez betea. Aita ez zen etxean egoten, kartetan baizik, soziedaderen batetan, eta Mehmetek ikusi zuen egun bakarrean, indibiduo beltxaran hura bere semearen lagun bat zela jakinda, piska batean begiratu zuen eta «ba! ba!» besterik ez zuen esan, zeinarekin esan nahi zezakeen: «Bai lagun estrainoak ditu nire semeak! Ez dut ezer entenditzen!».

        Amak eta Joxemiren bihotz oneko lehengusina ba-tek komisaldegian sutondoan baino ordu gehiago igaro zituzten arren, ez zuten poliziarengandik Joxemi ikusterik lortu, ezta eraman zizkioten arropak eta janak pasatzerik ere, zeren hartu bai, egin zizkieten pakete guztiak, baina gero jakin zutenez batto ere ez zioten helarazi mutilari, denak noski mertzenario haiek berek gorde eta jan bait zituzten.

        Bederatzigarrenean kartzelara eraman zuten. Mehmet —tartean Lezoko lagun baten etxean bizi zenaizan zen lehenengo bisitatzaileetako bat. Atariko txakurrek, arabea edo ijitoa zelakoan, erdeinuz eta beldurrez begiratzen zioten.

        Joxemi sano zegoen, komisaldegian hil ez beste guztiak egin bazizkioten ere (seinalerik begi-bistakoenak eskumuturretan zeuzkan), edo horrexegatik, orain, hitz eta keinuetatik, lasaitasun izugarria zerion. Ahotsak krak egin zion agur esateko momentuan: zutik, bi lagunak, bi zentimetrotako kristal infinitoaren kontra esku bana jarrita, non Mehmeti iruditu zitzaion bere lagunaren begiak kariñoz bustitzen zirela: uste bait zuen Joxemik azken aldikoz zekusala Kurdistango adiskidea.

        Kartzelaren atea kale aidera zeharkatzen zuelarik, Mehmetek, bere aldetik, Joxemi barruan utzita ez zuela Euskal Herritik aldegingo, zin eginda zeukan.

        Korreosen Dar-es-Salaam-i buruz telegrama hau igorri zuen: «Oxira te a xêrê be» (Bidaia ona izan). Yusufek ulertuko zuen. Gero hiri bazterretan buelta bat ematera joan zen eta, nekatu zelarik, banku batetan jarri zen.

        Andre txolin bat, txakur flako batekin. Gizon dorpe bat, ideia fijo alu batekin. Mutil presatu batzu, lan enkargutan. Zaharrak, gora begira, behera begira, nora begira ez zekitela. Lepoa okertu gabeko emakume sendoak, begi triste samarrekin. Eskolatik ospa egindako ume zapata-hautsi pare bat. Neskaren batek lotsa polit piska batekin begiratzen zion, eta bai zuzenago ere, bakarren batek, baina beste askok, urrutitik antzematen zuten Mehmeten begirada eta bere paretik harrosko pasatzen ziren. Zenbaitek garbi begiratzen zuten, gehienek ordea urduritasun diztira ez-atsegin bat isladatzen zuten, eta honek, eta egunaren grisak, minutuen pasatzearekin Mehmeten animoa goibeldu zuten. Jende askorik, jende gehiegirik ez zen, baina zirenak ere, zertarako ziren, berarekin lagun ez baldin baziren?

        Hala, langar xehe-xehe bat hasi zuelarik, «negarra ari dik» bururatu zitzaion, eta instante batzu pasatu ziren burutapenaren ederraz konturatu bitartean —ordurako entzuten zituen hitzetatik erdarazkoak eta euskarazkoak bereizten hasia zen, eta bietakoetatik aletxo batzu bazekien esaten.

        Arratsalde hartan Lezoko pisuan gizon zahar batek bere pentsamendu geroz eta lainotsuagoetatik apartatu zuen. Zeferino, Txefe, arrantzale izan zen, baina urte batzu lehenago hanka gainera erori zitzaion tonelada egurrak bizitza guztirako errena lagatu zuen. Orduan nobelak irakurtzeari lotu zitzaion, halako zaletasunez, ze orain fondo gabeko gau batez abentura-adar askorekiko nobela mardul eta borobil horietako bat oso-osorik liseritzeko gauza bait zen. Lehengo urtean, estilo piska bat asimilatu zuela iruditu zitzaiolarik, telebistaren kontrako irudimenez beteriko esku gutun bat bidali zuen probintzi egunkari batetara, eta txukun argitaratu zioten, letra txiki batekin. Beste bi bidali zituen ordudanik, bide triste bateko batxe batzuren gora-beherez bata eta kontrabandoaren inguruan bestea, eta hauek barne orrialde izkutuago batetan argitaratu zizkioten. Kontrabandoarena zen bere gai faboritoa, eta nola ez munduaren txoko misteriotsu batetik etorritako poeta beltzaran harekin gogotik erabili zuen.

        — Terrenoa ezagutuz gero, lan erraza da. Nik arrisku handi bat ikusi izan dut beti: salatariak. Horiek garbituz gero, lan erraza da. Ez naute, ni, bada, behin ere harrapatu ixil lan horietan! Ba al dakizu lehenbiziko telebisioak zeinen barkuan sartu ziren hona? Hombre! Hemos sido unos piratas del copón, nosotros —piratak liburuetatik eskapatzen ziren, eta erdarak konkistatutako itsas-bazterretan bizitzen ziren.

        Elkarrizketa gustagarria izan zen Mehmetentzat. Julia ere bazegoen, nortasun fuerteko etxekoandre edadetua, eta Maite, bisitan joandako horren lagun gaztexeago eta moderatuagoa, hitz gehienak besteen esanak borobiltzen erabiltzen zituena.

        — Pirata, zu? —eta Juliak gizon zaharrari ondo ezagutzen zuen legez begiratzen zion-; lehorrean bai, izandu zara pirata bizkorra...

        Txefe, apurtxo bat inkorporatuz eta hatz oker batez silaba bakoitza azpimarratzen zuela, bertsotan defenditu zen:

        — Suerte txarrekuak il diran gaztiak, batzuk legorrian eta urian bestiak.

        Gero atzera eroso jarri zen eta Mehmeti begiratuz erantsi zuen:

        — Piratetan, ez naiz handienetakoa, ni!

        — Zu baino handiagorik, gutxi! —Juliak, umore keinu batez, bereari eutsi zion, Mehmet poliki inpresionatu zuena. Baina berari mintzo zitzaion Zeferino:

        — Reagan eta, zer dabiltza hor, ba?

        — Reagan? —esan zuen Mehmetek— Jo...!

        — Hori bai benetako pirata! —esklamatu zuen Txefek.

        — Pirata? —esan zuen Juliak—. Terrorista peligrosoa duk hori! Eta hor ateratzen digute, bentizinko baino majoagoa, bitatik hirutan, telebistaz, eta ondoren, aufa terroristak hemendik, aufa terroristak handik, jende inozentea izutuaraziz. Eta besteak, horra, lasai, telebistaren barruan, beti telebistaren barruan, hori bait da txarrena, zeren bertatik bertara ikusiz gero, qué sé yo!, sikiera hartu plantxa eta...

        — Telebisioa! Hor dago gaitza! —esan zuen, arratsaldean hirugarren aldiz, Zeferinok.

        — Eguerdikoa aditu duzue? —esan zuen Maitek, eta besteen ezezkoaren segidan koloreak igo zitzaizkion aurpegiraino, baina indarrak bilduz kontatu zien:— Atzo amerikanoek ez dakit zein irla okupatu omen zutela Karibe partean; bertako batzu hil zituztela eta, han gelditu direla...

        — Bakearen alde! —esan zuen Juliak, begi-besoak espresiboki zabalduz.

        — Hori izango da beste horretan, Diego Garcian, egin zietenaren ordainez —pentsatu zuen, denek aditzeko moduan, Zeferinok.

        — Bai, hori esan zuten —esan zuen Maitek.

        Mehmetek ez zeukan horren berririk. Bai, lojikoa zen, amerikarren erantzuna, eta gerora besterik ere egingo zuten seguru asko, Trident-II.aren kolpea ez bait zen, alajaina, enkajatzen erraza. Ondo neurtu ote zituzten ekintzaren ondorioak? Mehmetek, amerikarren erantzuna eta guzti, baietz uste zuen, zeren erantzun harek, mundua zegoenean zegoela, oso mugatua beharko zuen, eta bestea abisu moduan ustez elegante atera zitzaien... Nolanahi ere, handik aurrerako solasaren haria erabat galdu zuen, eta lehendabizi Txefe «pirata» eta gero Maite joan zirelarik, mekanikoki agurtu zituen eta, Juliaren konpainian goxo afaldu ondoren, ohera sartu zen komiki kilikigarri batekin.

        Lehenbailehen egin nahi zion Joxemiri bisita, baina kartzelako arauek lau egunez eduki zuten hara sartu ezinik. Boskarrenean, goizeko hamaikak laurden gutxitan, Joxemi, lokutorio zikinean nor etorriko zai, Mehmet ikusita txit harritu zen. Zer egiten zuen...? Hala ere ez zion deusik galdetu, kurdoaren begietan dezisioaren diztira nabaritu zuelako. Aurreneko minutuak zer habilka eta hementxeka igaro zituzten, gero Mehmetek solasa pixka bat zentratu zuen.

        — Zer moduzko mobilidadea duk hor? —galdetu zion euskaraz.

        — Zera...! Txarra...! Zeldatik patiora eta patiotik zeldara erabiltzen gaitzitek.

        — Preso asko zarete?

        — Gure modulo horretan, berrogeiren bat izango gaituk.

        — Eta, zer moduzko azpiak alde horretan? —galdetu zion Mehmetek, inglesez baina.

        — Oraindik ez dizkiat ezagutzen.

        — Ba pixka bat begiratu itzak —esan zuen Mehmetek, inglesetik frantsesera salto bat eginda.

        — Hori egina zegok —Joxemik.

        — Nik zer-edo-zer egingo diat hemengo inguruetan —Mehmetek kurdoz esan zuena, Joxemik esku-begietan irakurri zion, eta «tira, ba» erantzun zuen. Euskarazko ikastaro intentsibo bat amaitu berriko funtzionarioak bere kabinatik etsita begiratzen zien.

        Irtendakoan Mehmetek handik puxka baterako taberna batetan zerbezatxo bat edan zuen, eta kasualki bazterrak ikusi zituen. «Se traspasa» titulodun bajo kaxkar batek atentzioa deitu zion. Biharramunean barnetik ikusi eta alkilatu zuen. Nagusiak moro batek galerazi lezakeen txukuntasuna baino dirua gehiago maite zuen, eta Mehmet bere kondizioetan ados agertzen bait zen, tratua itxitzat eman zuen, inkilinoak, burutik pasatu zitzaion bezala, lokala droga trafikorako erabili nahi baldin bazuen ere.

        Bere bigarren lan bisitan Mehmetek Joxemiren abokatua ezagutu zuen. Luismak burua ongi klasifikatutako datuez beterik zeukan, eta arineketan zebilen, haren mugitu beharra. Hirugarrenean, bi preso ateratzeko zirela eta, Luismaz gain jende pilo bat aurkitu zuen kartzelaren atarian. Eguerdian irten ziren mutilak, irribarrez, despistaturik, burdinez eta zementoz estaliak lau urte, eta gehiago, bete zutelako. Luismak, berekin bazkaltzeko, esan zion Mehmeti, eta Mehmetek baietz, eta istilu ederra izan zuten, bazkalostean batipat, postreak eta gero. Joxi deitzen zen preso izandakoak burutik ikutua ematen zuen, denei eta denari baiezka aritzen bait zen, lagunak ezagutu gabe, erdi tetelduxea. Besteak, Puertas esaten ziotenak, bereak eta bienak botatzen zituen zalaparta handiarekin, edan eta edan, andregaiak gehiago edaterik galerazi zion arte.

        — Bi horiek —esan zion Luismak Mehmeti, lepoz lepo gainezartzen zitzaiolarik— zortzi hilabete pasa dituzte zigor zeldetan, inor ikusi gabe. Jo egin diete, txarki! Kontuz ere bai, gero, funtzionarioek bait dakite, jakin, zera, gero... Baina, hori ere, tto...

        Arratsean Mehmet Puertas eta Joxiren artean suertatu zen instante batez. Joxik esaten zuen:

        — Hau anitz kanbiatu duk, sobera —eta haren begi larriek ez zuten kokagunerik topatzen.

        — Zer erraten duk, Joxi, zer erraten duk —eta Puertasek laguna besarkatzen zuen negar egiterainoko kariñoz—, hau gurea duk eta, hau betikoa duk eta...

        Gaupasa itzela egin zuten, Mehmetentzat hunkigarria. Goizean autobusa hartuta Lezoratu zelarik, burua karga eginda zebilen. Esnatutakoan, gogo gutxiz, gaizki antzera aurkitu zen —ez ezergatik konkretuan, pentsatu zuen: batzutan hala behar dik. Lasai zeukan gorputza, begirada, eta inondik inorako paseo bat ematera irten zen etxetik. Lehendik ere ezaguna zuen eztitasun horretatik nesken begiratuek bakarrik aterarazten zuten, zeren neska gehienek gizonezkoen indiferentzia samurra arras maite bait dute, eta Mehmet haien indarrezko begiraden eraginez apur bat beldurtzen zen, neska haiek, lotsa gabeturik, intimidadearen txokorik kuttunenetan sartuko balitzaizkio bezalaxe.

        Asuntoari buelta batzu emanda zegoen baina, ordurarte ez zuen gauza segururik usaindu, orain aldiz, Juliak Donostiako aurrezki kutxa batetan behin baino gehiagotan, hamaikak aidera edo beranduxeago igual, maletin marroia eta maletinaren barruan zientoka bileteak zeramatzan indibiduo kankailu ongi jantzi bat ikusi zuela komentatu zuen, eta Mehmetek informazioaren detaile guztiak leku gorde batetan ipini zituen.

        Segituan ezagutu zuen, bai haren ondoan operazio itxura batzu egin ere, nahikorik ote zeraman. Baietz jo zion, eta hara, hain zuzen, bestalde harrigarrikiro, egunero azaltzen bait zen, eta azaltzeari utzi ziezaion baino lehen, Mehmetek ekintza txiki bat paratu zuen.

        Goizerdi lanbrotsu batez aurrezki kutxatik irtendako kankailuari makilakada batez konortea kendu zion aldi baterako, eta maletina tinko eskuratuz korrika atera zen doblefilan motorra pizturik aparkatuta utzi zuen kotxeraino; handik pasatzen zen goiz txaranga txundigarri batek ihesa erraztu zion.

        Hurrengo goizean «quinqui» batek banka gizon bati maletina «lapurtu» ziola irakurri zuenean, Juliari intuizio moduko ideia bat bururatu zitzaion, baina parean zeukan Mehmeti ez zion deusik komentatu, aldiz momentu hartantxe exerita zegoen siloiak bost kilo baino gehiago pisatzen zuen.