Strauss entzuten
Halaxe mintzo zen Zaratrusta
Badakit ondo jakin gainera
ez dudana sekula be
eternitate apurñorik be
eskuratu ahal izango.
Jakin badakit
eternitate hitza bera be
ez dena besterik kimera baino,
gure diskurtsoa
hutsala eta alferrikakoa dena.
Ur tanta,
beste miriadaka tantarekin
itsasorako bidean
erroa zabaltzen duen ibaia.
Itsasoa;
lurrun
eguzki galdatan.
Haurtzaroa?
Itsasora begira nengoelarik,
askatasuna amets
kaioen hegaladetan zentzuna galduta,
orain preso naukan
gotorleku honen lehen harritzar
erraldoiak ezartzen ari
ziren garai hura.
Gaztaroa?
Hormatzarron aurka ari nintzela,
ene baitan
beste milaka gotorleku;
gotorlekuotan, gartzelak;
gartzelotan preso
neu;
behin eta berriro, neu
preso.
Haurtzaroan
neure inguruan eraiki zuten
gotorleku erraldoiko hormatzarren aurka nenbilela
nire barruan
beste milaka gotorlekutako
hainbat gartzeletan
preso nindutena
ohartu nintzen
garaia,
Gaztaroa.