Parisen bizi naiz
Parisen bizi naiz
2013, poesia
144 orrialde
978-84-92468-48-5
azala: Kepa Gonzalez
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Arbola zutik geratu zen. Ez zuten arbola suntsitu, inguru guztia suntsitu zuten haiek. Eta mundu zintzoak errazago irents zezan arbolatarrak berak izan zirela suntsitzaile, arbolaren ondoko Junta Etxea ere zutik utzi zuten, eskuliburu eta entziklopedia guztietan euskal herritarrontzat sakratua omen zen hura, libreak omen gineneko tenplo zibila.

      Mapa onak zeuzkaten Heinkel 111 eta Junker 52ko pilotuek. Euskaldunek nahi zuten askatasunaren ikurra salbatu zen hondamenditik. Faxismoari aurka egiten zion herriaren ikurra errespetatu zuen faxismoak. Espainia beltzenari gorrotagarriena zitzaion huraxe utzi zuten bizirik. Ez zen halabeharra, Gernikaren bonbaketa era planifikatuan egin zen: familia faxisten etxeekin batera, egun hartan itzal ematen ahal zuten paretak Junta Etxearenak ziren. Ez zioten su eman Arbolari. Ez zuten suntsitu, beste suntsimendu baterako behar zutelako. Espainiak behar gintuen.

      Zinez suntsitu, berreraiki zigutenean suntsitu zuten Gernika: ez gintuzten utzi geure hondakin ketuen artean erdi hilik, ezin izan genuen zerotik berriro hasi, hegazkinen hondotik harginak igorri zizkiguten. Etsaiak hondatua, etsaiak jaso zigun. Erraustu zutena berritu ziguten ostera, erraustu gabe utzi zigutenarekin batera.

      Gerraondo bat inposatu zitzaigun, beren legera baketu gintuzten, gure ikur nagusia eta guzti jaso ziguten ostera Gernika, amets egin ez genezan inoiz libre izan ginela, han bertan baikeneukan askatasunaren landarea. Arbola Santua eta guzti egin zigutenez, perbersoa izan zen berreraikuntza. Arbola hura ez zen jadanik sakratua. Arbola barkatua zen. Gure mitoa errespetatuz, mitorik gabe utzi gintuzten. Heriotzaren zigorraren duin ez litzatekeen kriminal mesprezatuaren antzera, gure mito apalak ez zuen behar adina indar izan etsaiak erraustu behar izan zezan.

      Eta gure derrotaren protagonista gu ez ginela ohar gintezen baino lehen, koadro bat egin zuen hogeigarren mendeak eman duen artistarik iraultzaileenak. Man Rayk bere filmeari bezala, euskarazko izena ezarri zion, eta euskaldunok uste izan genuen gutaz ari zela. Man Rayk surrealismoa egin zuen sagarrekin, torlojuekin eta gure hizkuntzarekin. Picassok espainiartasuna egin zuen postkubismoz jantzitako gure suntsimenduarekin. Koadro hartan Espainiari berreskuratu zion Euskal Herria, koadro hark bilakatzen zuen gure hondamena Espainiaren patrimonio. Guk, ordea, buruz ikasi genuen, paretetan kopiatu, klandestinitatean inprimatu, marko garestitan ezarri, bulegotan eskegi, omenalditan oparitu, pirograbatuan errepikatu, harrian zizelkatu, paper matxen moldatu...

      Francoren oposizioak esaten zigun nolakoa izan behar zuen gure arteak, eta guk sinetsi egin genuen unibertsaltasuna ematen zigula: koloreztatu genion txori bat orratz moduan erabiltzeko, kendu genion zaldi burua irrintzi egin zezan, literaturaren iduri egin genuen paper bildua eusten duen eskua... eta oraindik orain kriseilua ezarri dugu gure presoen senideen erakundearen ikusgarri. Guk geuk ikonografia bat sortu izan ez bagenu bezala, edo gure artistek sortutakoa aintzakotzat hartzekoa ez balitz bezala. Harginen ondotik artistak eskaini dizkigu Espainiak. Heinkel 111 eta Junker 52en lanaren ondoren Heinkel 51ek metrailatu gintuzten ihes gindoazenok.

      Esaten ahal dugu gure historia hurbilaren une larrienetako batean gurea izan zela Picassoren koadroa. New Yorken zegoelarik, sobera unibertsala zelarik, sartzen ahal ginen geu ere haren jabeen artean. Gure patrimonio moralaren zatia zen, nolabait ere. Baina Espainiak demokratikotasunaren estatusa lortu duen heinean gero eta ez-gureagoa bilakatu da. Espainiako espainiarrek Picasso maitatzeko eskubidea eskuratu dute.

      Espainian daude espainiar guztiak egun, Espainiak ez du exiliorik. Berea dute oso orain inoiz apur bat gurea izan zen irudia. Eta menturaz utziko digute Bilbon erakuts dezagun aldi batez. Nora ez dakizunean, izuak zoratu zaituenean, bonbek eginiko zuloetan egiten duzu jauzi ustez eta babestuko zaituzten. Iduri luke Guernica ez dela Picassok Francori eginiko opari bat besterik.

      Horrela jarraitzen du gure suntsimenduak.

 

(Gernikaren zinezko suntsimendua.
Argia, 1997-VI-15)