Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki
Arimaren ondoko ezkien artetik ibilki
2004, poesia
88 orrialde
84-95511-67-3
azala: Enrike Urrutia
Andolin Eguzkitza
1953, Santurtzi
2004, Bilbo
 
1993, poesia
 

 

ERRAIZUNKA

 

Ostera ere hasi zaio bere buruari itauntzen

gorrotoz eta bekaitzez bakarrik bizi behar ote duen,

bihotza ezerezak estuturik eta

karranpek hesteak ziztatzen ari.

 

Ostera ere hasi zaio bere buruari itauntzen

noiz arte segituko duen oinaze horrek

lagunak ondotik iragatean

bidebazterreko belarrak bezala

uzten duena,

zekalez beteriko gurdiaren txirrinkak

direlarik gainetik igarotzen.

 

Noiz arte iraunen ote duen min horrek

maite dituenek

uzten dutenean

sabanetako akazia bakanek bezala

zebrak

lehoinabar azkarren menpe.

 

Noiz arte eta zergatik

iraun behar ote duen sumindura horrek,

mendi-gailurretako izotzetan

helduko dela espero den esku lagunak

huts egiten duenean

eta lasaitasun gozoan

hiltzen garen hasten.

 

Baina gaur,

goizaldeko zazpietan,

itzarri denean lanera joateko

erabaki du

arrantzaleek dutela arrazoi,

iturburuek

mendigainetako ekaitzak beste

itsasoa maite dutenak

enbata latzak etorrita ere.

 

Zeren hala baitio Jainko Jaunak:

«maita ezazu zeure burua

lagun protsimoa bezainbeste».