EGO ALTER
Zuk gaztigatu zenidan,
«Ez ezazu maitasun poemarik idatz;
urrun zaitez arrunt diren forma horietatik:
zailenak dira».
Eta nik, halarik ere, neurean jarraitu dut:
neure baitan bildurik.
Bakardadea nahitaezkoa dugula bizian
eta heriotza gure zain,
egonarriz!
Egia da
gero eta nekezago erraten dizudala
«Maite zaitut».
Isiltasunak bizi gaituela diozu.
Eta nik, halarik ere, neurean jarraitu dut:
zeure baitan bildurik.