Mugaldekoak
Mugaldekoak
2004, poesia
80 orrialde
84-95511-64-9
azala: Xabier Gantzarain
Edu Zelaieta
1973, Gasteiz
 
 

 

DENBORA-PASA

 

Haurrak ginelarik,

anai-arreba zaharragoak izatera jostatzen ginen,

bizitzeko genuen denborari

aitzina hartu nahirik.

 

Neska-mutil koskorretan

pubertaroaren atarian ginelarik,

adin-nagusitasuna aldarrikatzen genuen

behin eta berriz.

 

Geroago,

30 urte bete genituelarik,

hamar urte gehiago zituztenekin joaten ginen

20 urtekoen bestari muzin eginez.

 

50etatik aitzinera,

egunkarietatik hitz gurutzatuak irakurtzen genituelarik,

erretiroan pentsatzen hasi ginen

geroak ezustean ez harrapatzeko.

 

Jubilatu ondoan, egindako ibilbide guzia

gibelka bizitzen hasi ginen,

aitzinetik genuen heriotzari

gibela hartu nahirik.

 

Eta orain, hogeita bederatzi urte ditugularik,

deblauki ohartu gara

denboraren poderioz ikasi beharreko hori ez dela ikasten

denborari aitzina hartuz.

 

Orain, denboraren poderioz jabetu gara

Benedettik arrazoia duela,

denborak ez duela Erromatik bakarrik ihes egiten

hegaldiaz gozatu beharra dugula, akitu bitartean.