Mugaldekoak
Mugaldekoak
2004, poesia
80 orrialde
84-95511-64-9
azala: Xabier Gantzarain
Edu Zelaieta
1973, Gasteiz
 
 

 

BERTAKO ISTORIOAK

 

Aduanak Pirinio inguruan ezarri zirenean

bizimodu oso bat sorrarazi zuten

konturatu gabe.

Eguneko txoria hontza bihurtu zen; txoria txori.

 

Gerora

belaunaldiz belaunaldi ailegatu zaie altxor klandestinoa,

mugaldeko anitzek bertzerik ezagutu ez dutela:

mugari esker bilakatu baitira mugalari,

honaindian eta haraindian.

Mugari esker berena izan dute mugazainek,

onean eta txarrean.

 

Orain

bi aldeetako mugalariak elkartzen zituen marra

ezabatzera deliberatu dute.

Eta antzina bezala gelditu gara.

Bidasoa aldeko itsasoa erreka egin da berriz ere.

 

Iraganeko

mugalariak, kontrabandistak, estraperlistak dira egun

bentetako saltzaileak, fabriketako langileak edota

bertako turismoa sustatzen duten landetxeetako nagusiak.

Beren atseden orduan nahiz ogitartekoa jateko tenorean

mugaldeko istorioak kontatzen dituzten

nagusiak, langileak, saltzaileak.